Disolbatutako urrearekin nanopipitak sortuz bizi da bakterio bat
2013/02/08 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bakterio-espezie batek urrezko pipitak sortzen ditu, urrea disolbatuta dagoen ingurunean bizi ahal izateko. Konposatu bat jariatuz, disolbatutako urrea solido egiten dute, eta, modu horretan, urrearen toxikotasunari aurre egiten diete bakterioek; urre-artean bizi dira, baina ez zaie zelula-barrura sartzen. Hala azaldu dute Kanadako MacMaster Unibertsitateko ikertzaileek Nature Chemical Biology aldizkarian argitaratu duten lanean.
Duela hamar bat urte Adelaide Unibertsitateko (Australia) ikertzaileek aurkitu zuten urrezko partikulatan bakterioak bizi zirela. Geroztik Cupriavidus metallidurans bakterioa ikertzen aritu dira, eta ikusi dute bakterio horiek zelula barruan nanopartikula inerte gisa metatzen dutela ingurunean disolbatuta dagoen urrea; baina oraindik ez dute argitu nola lortzen duten hori.
Urretan bizi ohi den beste bakterio bat Delftia acidovarans da. Eta hori da kanadiarrek ikertu dutena. Ikertzaileak konturatu ziren bakterio horiek urre-soluzio batean haztean bakteria-kolonien inguruan urrezko halo ilun bat agertzen zela. Hala, ondorioztatu zuten D. acidovaransek kanpoaldean sortzen zituela urre-partikulak, eta ez zelula-barruan C. metalliduransek bezala.
Horren erantzule diren hainbat gene aurkitu dituzte. Genetikoki eraldatuta, ikusi dute gene horiek gabe bakterioek ez dutela halorik sortzen, eta, areago, urrearen presentziak bakterioen hazkuntza oztopatzen duela. Eta urrea hauspeatzea eragiten duen konposatua ere isolatu dute: delfibaktina deitu diote. Ikertzaileek diote delfibaktina erabilgarria izan litekeela urrezko nanopartikulazko katalizatzaileak egiteko, edo meategietako ur zikinetatik urrea ateratzeko.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia