}

Diabetearen garapena

2002/11/22 Elhuyar Zientzia

Intsulinaren jarduera entzimatiko kaskarrak odolean glukosa pilatzea eragiten du, hau da, diabetea. Eta obesitatea da, besteak beste, diabetearen eragiletako bat.

Gantzak pilatzen direnean, entzima asko aktibatu egiten dira, hala nola, JNK izeneko entzima. Entzima horrek gorputzeko beste entzima baten aktibitatea murrizten du, intsulinaren funtzionamendu egokia ahalbidetzen duen entzimarena, hain zuzen ere. JNK aktibo ugari dagoenean, beraz, intsulinak ez du behar bezala lan egiten. Behin eta berriz gauza bera gertatzeak gaixotasuna garatzea eragin dezake, eta, horregatik, gantz gehiegi duten organismoek diabetea garatzeko arrisku handiagoa izaten dute.

JNK entzima diabete-mota horren oinarri biokimikoa izanik, saguetan entzima hori kodetzen duen genea kenduta obesitatea eta diabetea saihestea lortu dute. Hori dela eta, gaitzaren eragilea zein entzima den badakigun gainerako gaixotasunetan bezala, JNK selektiboki inhibitzea izan daiteke etorkizunean diabetea tratzeko modua. Argazkian ikus daiteke JNK entzima duten eta ez duten saguetan gantzetan aberatsa den dietak eragiten duena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia