}

Dendrimeroak eguzki-paneletan

2002/04/15 Elhuyar Zientzia

Orain arte, eguzki-panel erdieroale ez-organikoak erabili dira eguzki-argia elektrizitate bilakatzeko. Baina,1991n, Lausanneko Teknologia Institutuan Grätzel zelula deritzenak sortu ziren. Zelula horietan, eguzki-argia xurgatzeko errodaminazko tindatzaileak erabiltzen dira. Argiarekin, tindatzailearen elektroiak kitzikatu egiten dira eta titanio dioxidozko partikuletara salto egiten dute. Hemendik elektrodo batera garraiatu eta elektrizitatea sortzen da. Zoritxarrez, zelulek eguzki-argiaren % 6 bakarrik bilakatzen dute elektrizitate.

Orain, dendrimero deritzon polimeroekin egindako saiakuntzetan, panelen eraginkortasuna bikoiztu egiten dela ikusi dute.

Dendrimeroak haztean adarkatzeko joera duten polimero bereziak dira. Forma esferikoa dute eta, azalera nahiko handia lortzen dutenez, argia xurgatzen duten molekulen lotura-puntua izan daitezkeela ikusi da. Polimeroari tindatzaileak batu ostean, Grätzel zelularen osagaiekin nahastuz gero, aipatutako emaitza ikusgarriak lortu dira.

Polimero horien alde txarra da sintesi prozesu luze eta konplexua dutela. Hori dela eta, oso garestiak dira eta ez oso komertzialak. Edozein modutan, saiakuntzak egiten jarraituko dutela esan dute, eta etorkizunean litekeena da polimero merkeagoekin efektu bera lortzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia