}

Chomskyren arauak kolokan

1993/11/01 Alkizalete, A. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gramatika eta sintaxirako talentua duten ordenadoreak zalantzan jartzen ari dira hizkuntzalaritzaren muina den Chomskyren teoria. Ordenadoreek entseiu/errore bidez ikas badezakete, gizakiak zer dela eta ez du berdin jokatzerik?

Nondik datorkigu gramatika eta sintaxirako sena? Gure gurasoengandik ala gure geneetatik? Gure gurasoengandik, jakina, zioten mende honetako lehen hamarkadetan behavioristek.

Noam Chomsky, hizkuntzalari iparramerikarrak, ordea, ideia desberdinak zituen, eta 1950.ean behaviorismoaren aurkako erasoa jo zuen. Berak zioenez, hizkuntza guztiek, nahiz eta azaleko bariazioak eduki, badute gramatika-arauen multzo amankomuna; haurrek gurasoei entzunez soilik eskura ezin ditzaketen arauen multzoa, hain zuzen ere. Hizkuntzaren funtsezko elementuak daramatzagu gure geneetan.

Gaur egun, hamarkada batzuk iragan ondoren, bere teoria eztabaidan dago ikerlari belaunaldi baten eragina dela eta. Garunean informazio konplexua prozesatzeko modua ordenadore bidez simulatuz, ikerlari hauek Chomskyren arauen atzean dagoena ikertzen hasi dira. Eta alderdi batzuetatik datorren mezua argia da: hizkuntzalaritza modernoaren teoria gainbehera etor liteke.

Konexio berriak eginez

Eztabaida ulertzeko Chomskyren ideiak xeheki aztertu behar dira. Bere arauek hizkuntzaren alderdi guztiak, sintaxitik (izenak, aditzak, etab. konbinatzeko modutik) hasi eta fonologiaraino (hizkuntzaren fonema eta soinuak konbinatzeko moduraino), ukitzen dituzte.

Zer dela eta izan du Chomskyren teoriak horrenbesteko onarpena? Arrazoi nagusia hauxe da: teoria honek hizkuntzaren “ekoizpena” azaltzea; bestela esan, lehenago inoiz osatu ez ditugun esaldiak ulertzeko eta sortzeko ahalmena azaltzea. Chomskyk sarritan adierazi zuenez, hizkuntzaren arau-sorta finitu bat bereganatua duen pertsonak esaldi- kopuru infinitua uler eta sor dezake.

Aurkako erronka neurozientziaren barneko pentsamendu-eskola batetik dator; konexionismo deritzonetik. Honen arabera, funtzio mentalek, ikaskuntzak eta ezagutzak esaterako, neuronak garunean elkarren artean konektatuta eta komunikatuta daudeneko moduan dute sustraia. Eskola horrek adimen eta garunaren arteko erlazioari dagokion pentsamoldea ere hankaz gora bota du. Ordenadorez simulatutako neurona-sarez lagundurik, eztabaida gaur egun hizkuntzalaritzaren mundura ere heldu da. Ideia nagusia hauxe da: garunak informazioa neurona-sareak erabiliz prozesatzen du.

Elkarri “hitz egiten” dioten nerbio-zelulek, axoi izeneko “kableetan” zehar pultsu elektrikoak transmitituz funtzionatzen dute. Nahiz eta garuna zonatan banatua egon, hauetako bakoitzak informazioa antzera prozesatzen du. Hori da behintzat teoria. Anatomia kontutan hartzen badugu, badirudi garuneko sare gehienak oso trinkoak direla. Neurona batek ehundaka mila neuronetatik jasotzen ditu seinaleak. Horrek bere iharduera elektrikoaren mailari eragin diezaioke eta baita, ondorioz, beste neuronei pasatzen dizkien seinaleei ere.

Mezua indartuz

Garuneko neuronak. Konexionistek sare honen oso eredu sinplifikatua simulatzen dute.

Konexionismoaren oinarrizko printzipioetako bat hauxe da: garuneko neurona-sare askok, edo gehienek, trebakuntzari loturiko aldaketa txikiak jasaten dituzte. Neurofisiologiarentzat aldaketa hauek neuronen arteko sinapsietan gertatzen dira. Neuronen azpimultzo jakin batzuk beste batzuk baino maizago kitzikatuz barneratzen dugun esperientziak sinapsi batzuk selektiboki indar ditzake, iharduera elektrikoaren eredu batzuk gertatzea beste batzuk gertatzea baino probableago bihurtuz. Aipatu ereduak izan daitezke ikaskuntzaren eta oroimenaren oinarria.

Konexionistak benetako garunak funtzionatzen duen antzera funtzionatzen duten neurona-sare artifizial eta oso sinplifikatuak eratzeko ahaleginetan ari dira lanean. Gaur egun sare hauek benetako garunaren “tamainaren” zati ñimiñoa besterik ez dira, eta neurona artifizialen ezaugarriak benetakoekin konparatuz izugarri sinplifikatuta daude. Hala eta guztiz ere, neurona-sare artifizialen azterketa teoria psikologiko askorentzat alternatibak iradokitzen hasia da.

Planteamendu horrek nola lagun diezaguke hizkuntz prozesuak ulertzen? 1985. urte inguruan Kaliforniako unibertsitateko bi psikologok Rumelhart eta McClelland-ek eratutako neurona-sare batean egon daiteke erantzuna. Hauek hizkuntzaren atal txiki bat besterik ez zuten aztertu.

Chomskyren azalpenak onartzen du ingelesaren kasuan orainaldiari inkontzienteki aplikatu eta iraganaldia sortzeko arau-multzo bat badugula. Ingelesez, aditz erregularrei “-ed” erantsiz eta beste 180ren bat aditzetan “salbuespen”-arau edo deituak aplikatuz eratuak dira. Aditzak erregularretan eta irregularretan banatze hau ideia nagusia da Chomskyren teorian. Bi arau-talde hauek kontutan hartu gabe haurrei ezinezkoa litzaieke iraganaldiko aditz-denborak eratzea. Rumelhart eta McClelland-en sarea gai da aditz erregular eta irregularren iraganaldiak arau horiek erabili gabe eratzeko, eta aditz erregularrak eta irregularrak desberdin tratatu beharrik gabe gainera.

Nabarmentzekoa da sarearen sinpletasuna: 460 “sarrera”-unitate 460 “irteera”-unitaterekin paraleloan konektatzean datza. Unitate hauetako bakoitza (sareko neurona) konektatuta edo konektatu gabe utz daiteke. Aditz-erroak input unitateetan programa daitezke. Hauek konexioen bidez seinaleak bidaltzen dizkiete output unitateei, hauetan iraganaldiko formak kodetuta daudelarik. Output unitate bakoitzak input askotako seinaleak jasotzen ditu, hauetako batzuek aktibatu eta beste batzuek inhibitu egingo dutelarik. Input guzti hauen konbinazioak “erabakiko” du output unitate bat aktibatuko den ala ez.

Honelako mekanismo batek nola ikas dezake gramatika? Rumelhart eta McClelland-ek aurkitu zutenez, sarea treba daiteke aditzaren iraganaldiak osatzeko. Trebakuntza horretan, aditz-kopuru jakin baten orainaldiko eta iraganaldiko formak erakusten zaizkio sareari. Hitz bat aurkeztu ondoren, sareak iraganaldiko forma egokia aurkitu behar du. Sarearen output-a eta aditzaren forma zuzena bat ez etortzeak emango du sarea trebatzeko oinarria, “errorearen atzeranzko hedapena” deituriko algoritmoa ikasiz.

Algoritmo horrek bi maila ditu. Lehenik, adibide gisa aditz bat programatzen da input unitateetan, eta unitate hauetatik seinaleak bidaltzen dira output unitateetara. Bigarren, output unitateek emandako iraganaldiko aditz-denbora “irakasle” batek emandako forma zuzenarekin alderatzen da. Berriro input-a aurkezten zaionean output-a zuzena izatetik hurbilago egoteko modua ziurtatzeko eran aldatzen dira konexioen arteko pisuak.

McClelland eta Rumelharten ustez, irakaskuntza-prozesu honek haurrek iraganaldia ikastean jasotzen duten feedback-a imitatzen du.

Chomskyren teoriarekiko arazoa honakoa da: sareak ez dituela arau linguistikoak erabiltzen. Aditz-formak ikasiz, input eta output formen artean detektatzen dituen korrelazioen arabera alderatzen ditu bere konexioak. Adibidez, “-ow” eta “-ew” bukaeren artean detektatzen duen korrelazioak “-ow” duten input unitateak “-ew” irudikatzen duten output unitateekin konexio estuan daudela ziurtatzen du.

Araurik egon ez arren eta aditz erregular eta irregularrei trataera berdina eman arren, denbora-tarte luzearen ondoren, sareak eman dezake iraganaldiko forma zuzena. Chomskyren aurkako mehatxu serioagoa, aditz irregular ez-familiarrak ere zuzen tratatzetik dator. Trebatu ondoren “wept” “weep” aditzarentzat, “clung” “cling” aditzarentzat, etab. eman ditzake.

Eztabaida bizia sortu da zenbait ikerlariren artean; Massachusetts-ko Teknologi Institutuko Steven Pinker eta kideengan, adibidez. Hauen ustez oraindik beharrezko da arauetan oinarritutako sistema, iraganaldiko formen ezaugarri batzuk ikasi ahal izateko. Ikasketa-eredu “hibridoa” proposatu dute beraiek. Sistema honetan neurona-sareek aditz irregularrei buruzko informazioa besterik ez dute biltzen eta aditz erregularrak aparteko arauez tratatzen dira.

Pinkerrek arrazoi askogatik nahiago du sistema hibrido hau. Lehenik, berak dioenez, neurona-sareen eredua desegokia da aditzen esanahia bazter uzten duelako. Adibidez, “lie” aditzaren iraganaldia “zerbait faltsua esan” bezalako esaldietan “lied” da, baina “lie” “etzan” zentzuan hartuz “lay” da. Ereduak bi forma hauek berdin tratatuko lituzke, zeren fonologia bi kasuetan berdina baita.

Bigarren, Pinkerrek dioenez jendeak aditz erregularrak eta irregularrak desberdin tratatzen ditu sistema hibridoan bezala. Adibidez, Pinkerrek aditz bat hizkuntzan agertzen deneko maiztasunak iraganaldiko forma sortzeko guk behar dugun denborari eragiten diola aurkitu du, baina soilik aditza irregularra bada. Horregatik “go” bezalako aditz irregular arrunten formak “shrink” bezalako aditzenak baino askoz azkarrago ekoizten ditugu, baina honelako diferentziarik ez dago aditz erregularren artean. Konexionistak ea neurona-sare sofistikatuagoak aurkitzen dituzten ikertzen ari dira, Pinkerren aurkikuntzak arau linguistikoetara jo gabe imita daitezkeen ikusteko.

Sortzetiko ezagutza

Bide honetatik arrakastarik lortuko balitz, garunean arau-sorta dugula defendatzen duen teoriaren aurkako planteamendua sendotu egingo litzateke. Debatea enpirikoen —ezagutza guztia ikasia dela dioen ikuspegiaren— eta razionalisten —gure ezagutzaren zati bat behintzat jaiotzean jadanik badugula dioenaren— arteko eztabaida zaharraren azken agerpena da.

Hizkuntzaren berezkotasunari buruzko Chomskyren teoriak, razionalismoak bere egin zituen. Labur esanda, nahiz eta haurrak esaldi-kopuru mugatua entzun, gramatikalki zuzenak diren infinitu esaldi sortzeko ahalmena eskuratzen du. Psikologo batek esango lukeenez, estimulu-pobretasuna dago. Haurrek badakite, esate baterako, aditz asko ingelesez pasibo bihur daitezkeela. Badirudi haurrak, orokortuz, araua aditz guztiei aplikatzea arrazoizkoa litzatekeela. Honek, jakina, esaldi ez-gramatikalak emango lituzke. Baina ez dago bistako arrazoirik haurrek arau orokor hau ez ikasteko. Hizkuntz eraikuntza batzuk orokortu baditzakete, zergatik ez guztiak?

Chomsky-k galdera honi ematen dion erantzuna hau da: haur jaioberriek nolabaiteko berezko mekanismoak dituzte eta gramatika zuzen ikastera bultzatzen dituzte. Bestela esanda, badago hizkuntz eskurapenean nolabaiteko osagai genetikorik. Hau frogatzeko modurik onena hizkuntz asaldurak dituen jendea aurkitzea da. Hori dela eta, hizkuntzalari asko daude, adibidez, Londresko familia bateko partaideek (30etik 16k) herentziaz dituzten hizkuntz asaldurak aztertzeaz interesaturik. Hizkuntza ulertu eta hitzak ekoiztu arazorik gabe egin dezakete, baina akatsak egiten dituzte.

Hizkuntz laborategia

Herentziazko hizkuntz asaldura honek gene soil bati loturik egon daitekeela iradokitzen du. Genetistek gene hau identifikatu beharra dute, baina ikerketa oraindik lehen fasean egonik, ikerlari gehienak ondorioak ateratzeko beldur dira.

Haurrak sortzetik jadanik hizkuntz arauak bereganatuak al ditu ala gurasoekiko harremanetik eta besteekiko elkarrekintzatik barneratzen ditu?

Eszeptikoen artean nagusi konexionismoko diszipuluak dira, noski. Lehenago ikusi dugunez, hauek defendatzen dutena, haurrek hizkuntza hutsetik abiatuz ikasten dutela dioen teoria da, inkontzienteki beren garunetan neurona-sareetako konexioak egokituz egiten dituztelarik. Arlo honetako beste esperimentu bat Kaliforniako unibertsitateko hizkuntz ikerlari batek, Jeffrey Elman-ek, burutu du; beste era bateko neurona-sarea garatuz, hain zuzen ere.

Elmanek eraikitako sareak sintaxi xumea ikas dezake. Rumelhart eta McClelland-en sareek ez bezala, Elmanek eratutakoak ondoz ondoko input ereduen arteko erlazioak ikas ditzake. Hitz-sekuentzia jarraia “ikasten” du (eten laburrez separatuta) eta esaldi gramatikalak (“John feeds dogs” bezalakoak) osatzen ditu. Hitz bakoitza aurkezten zaionean, sarea output gisa hurrengo hitza zein izango den asmatzen saiatzen da. “Gogora” ditzake esaldiaren aurreko hitzak, zeren hitz horien barneko irudikapena —eredu berezi batzuetan aktibatzen diren unitateak dira— etengabe berriro zirkulazioan jartzen baitira. Hitz “zaharrak” berriro zirkulatzeak edozein hitz “berriri” buruz sareak egiten duen interpretazioari eragiten dio.

Esperimentu batean sareak asma zezakeen hurrengo hitza izena edo aditza zen, eta ondoren eskura zuen hautespen mugatutik bat aukeratu. Hau egin ondoren, bere konexioen pixua alda zezakeen aurresandako hitzaren eta zuzen zegoen hitzaren arteko lotura posiblea hobetzeko.

Trebakuntza aurrera joan ahala, sarea gero eta hobea zen hurrengo hitzaren kategoria aurresateko; izen singular eta aditz singularren arteko erlazioa ikasia zuela adierazten zuen.

Bereiztasun gramatikal xeheagoak ere ikasi zituen. Elmanek aztertu zuenez, hitzak izenak eta aditzak kategoria gramatikaletan sailkatuak zeudela ikusi zuen. Are gehiago, aditzak iragankor eta iragangaitzetan sailkatuak zituen. Sareak kategoria hauei buruzko informazio zuzenik ez zuen jaso. Indukzioz ondorioztatu zuen input-en estatistikak kontutan hartuz.

Elmanen sareak begibistan jartzen duena honakoa da: haurraren gramatika-ezagutza arauetan oinarritua egon ordez hitz-mota diferenteen arteko erlazioari buruzko informazio estitistikoan soilik oinarritua izan litekeela.

Alde batetik Chomsky eta jarraitzaileen eta bestetik neurona-sareen erabiltzaileen arteko eztabaida hastapenean dago oraindik. Dudarik gabe, eraikitako neurona-sareak errealitatetik hurbilago egongo diren neurrian, eztabaida ere landuagoa eta zehatzagoa izango da. Baina jadanik konexionismoak hizkuntzalari batzuk hizkuntza eskuratzeari buruzko ideiak birplanteatzera bultzatzen ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia