}

2019 CAF-Elhuyar sariak, ibilbide luzeko tren baten kronika

2019/05/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

caf-elhuyar-sariak-ibilbide-luzeko-tren-baten-kron
2019ko CAF-Elhuyar sarien irabazleak: Itziar Urizar Arenaza, Maider Beitia San Vicente, Iñaki Sanz-Azkue, Jesus Mari Txurruka Argarate, Izaro Zubiria Ibarguren, Iñigo González de Arrieta Martínez, Iker González Cubiellarena eta Martin Etxauri Sainz de Murieta. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

25 urte bete zituzten atzo CAF-Elhuyar sariek, eta ekitaldi berezia egin zuten CAFen egoitza nagusian. Irabazleek publikoari ateratako irribarre eta algaren artean banatu ziren sariak, zientzia-dibulgazioaren osasun onaren lekuko.

Hauek izan dira aurtengo irabazleak:

Dysonen esferen bila”, Iñigo González de Arrieta Martínez eta Iker González Cubiellarena. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria.

Zelulak online daude”, Maider Beitia San Vicente eta Itziar Urizar Arenazarena. Aipamen berezia.

Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili?”, Izaro Zubiria Ibargurenena. Lehen sektoreko lan onenari Neiker Sari Berezia.

Hegaztiak, erleak, zomorroak… Sagastien zaindari txikiak” Iñaki Sanz-Azkuerena, Argia aldizkarian argitaratutakoa. Zientzia-kazetaritzaren arloko saria.

Fossil Plastics, Martin Etxauri Sainz de Murietarena. Sorkuntza beka.

Jesus Mari Txurruka Argarate EHUko irakaslea. Elhuyarren Merezimendu Saria.

 

Dysonen esferen bila

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Iñigo González de Arrieta Martínez eta Iker González Cubiella fisikari bizkaitarrek jaso zuten, “Dysonen esferen bila” izeneko lanarekin. Beren helburu nagusia, hasieratik, “ondo pasatzea” izan dela aitortu zuten mikrofonoa eskutan. Eta nabari da; zientziaren eta fantasiaren arteko mugan dantzan dabil etengabe artikulua.

“Bakarrik al gaude unibertsoan?”, horixe da artikuluaren abiapuntua. “Probatu ditugu era desberdinak beste zibilizazioak aurkitzeko, irrati-uhinak eta bestelako mezuak bidalita. Oraingoz, ez dute erantzun”, adierazi dute egileek. Zibilizazio horiek aurkitzeko, Dyson esferak bilatzea proposatzen dute: “Teknologia berri bat da Dysonen esfera, momentuz existitzen ez dena, eta erabiliko litzatekeena Eguzkia edo izar bat estaltzeko eta izar horren energia guztia aprobetxatzeko. Energia hori aprobetxatuz, zibilizazio bat gai izango litzateke bere galaxian zehar ibiltzeko. Hortaz, Unibertsoan Dysonen esfera bat aurkituko bagenu, esan nahiko luke derrigorrez badagoela gu baino garatuagoa den zibilizazio bat”.

Epaimahaiak balio handia aitortu dio lanari, “erakusten baitu zientziak, existitzen den munduaz gain, existitu daitekeena ezagutzeko ere balio duela”.

Iker González Cubiella eta Iñigo González de Arrieta Martínez, dibulgazio-artikulu orokorraren irabazleak. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Zelulak online daude

Artikulu orokorraren kategorian lehia estua izan denez,  buruz burukora iritsi den beste artikuluari aipamen berezia ematea erabaki du epaimahaiak: “Zelulak online daude”, Maider Beitia San Vicente eta Itziar Urizar Arenazarena. Biak EHUko Medikuntza eta Erizantza fakultateko ikertzaileak dira.

Epaimahaiaren iritziz, oso joko interesgarria egiten du artikuluak: facebook, instagram eta halako sare sozialak metafora gisa erabiliz, zelulen arteko komunikazioak nolakoak diren azaltzen dute. Eta joko hori irakurlea erakartzeko amu gisa erabiltzen dute. “Simil horren bidez, zelulen arteko komunikazioa nolakoa den errazago ulertuko zela pentsatu genuen”, adierazi zuten egileek.

Maider Beitia San Vicente eta Itziar Urizar Arenaza EHUko ikertzaileak. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili

Lehen sektoreko lan onenari Neiker Sari Berezia Izaro Zubiria Ibargurenek irabazi zuen, “Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili?” izeneko artikuluarekin. Epai-mahaiaren arabera, abeltzaintzak duen benetako arazo bati erantzuten dio lanak.

Izaro Zubiria Ibarguren, Neiker Sari Bereziaren irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Saria emakume baserritarrei eskaini zien Zubiriak: “Izugarrizko lana egiten dute, oporrik gabe, lan-hitzarmenik gabe… Haiei esker, gure landa-eremua eta gure kulturaren ondarea bizirik mantentzen ari dira”.

 

 

 

 

 

 

 

Tesian oinarritutako lan onenaren saria

Ezusteko bat ere izan du aurtengo sariketak. Izan ere, tesian oinarritutako lan onenaren saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, oso lan gutxi jaso baitira, eta ez baitzituzten gutxieneko irizpideak betetzen. Edonola ere, kategoria honen garrantzia azpimarratu dute, eta doktore-tesia bukatzen ari diren guztiak animatu dituzte datorren urtean beren artikulua aurkeztera.

Hegaztiak, erleak, zomorroak… Sagastien zaindari txikiak

Kazetaritza saria Iñaki Sanz-Azkuek irabazi du, Argia aldizkarian argitaratutako “Hegaztiak, erleak, zomorroak… Sagastien zaindari txikiak” lanarekin. Irakaslea eta Aranzadi Elkarteko kidea da Sanz-Azkue, eta aitortu du sariak “idazten jarraitzeko indarra” eman diola, “askotan ez baitugu jakiten inork irakurriko ote dituen gure artikuluak”.

Biodibertsitatearen gaia landu du lanak, modu xume eta erakargarri batean: sagastien inguruan biltzen den biodibertsitatea erakusten du, xehetasun eta mimo handiz. Etxe ondoan daukagunaren balioa erakutsi izana estimatu du epaimahaiak. “Zenbat eta fauna anitzagoa sagastian, orduan eta aukera gehiago izango da uzta hobea izateko, izurriteak gutxituko direlako eta polinizazioa handitu”, adierazi zuen egileak. Argiari eskerrak emateko aprobetxatu zuen, erakutsitako konfiantzagatik, eta bide batez zoriondu egin zuen, aurten ospatzen ari den  100. urteurrena dela eta.

Iñaki Sanz-Azkue, zientzia-kazetaritzaren arloko irabazlea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Fossil Plastics

Zientzia gizartean sorkuntza-bekak zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten egitasmoak bultzatu nahi ditu. Aurten, Martin Etxauri Sainz de Murieta artista nafarrak irabazi du, Fossil Plastics Lanarekin.

Epaimahaikideen esanetan, planteamendu oso interesgarria du: gaur-gaurko kezka bati erantzuten dio, eta alde pertsonala ere txertatzen du, nortasun handiz. Euskal Herrian desagertzeko arriskuan dauden zuhaitzen enbor-azalak irudi dimentsiotan eskaneatu eta 3D inprimagailuetan inprimatzea du helburu artistak. “Mundu-mailan plastikoarekin gertatzen ari dena ekarri nahi nuen gogora. Jada Antropozenoaren ikurra dira harriak non plastikoak sedimentuetan integratuta dituzten. Horregatik, zuhaitzak hartu eta plastikoan inprimatzen ditut. Ikusleak bortizkeria horren aurrean kokatu nahi ditut, non zuhaitzak ere plastikoz eginak dauden.  Bi galdera proposatzen ditut, inplizituki: fosil plastics deitu diot, non plastikoak hartu duen harriaren tokia fosilak sortzeko unean, plastikozko fosilak balira bezala. Eta bestetik, guk jada zuhaitzak guztiz akabatu ditugun balizko egoera ekarri nahi nuen, non plastikozkoak sortu behar izan ditugun haiek gogoratzeko”.

Martin Etxauri Sainz de Murieta, Fossil plastics, alegiazko enborrak lanaren egilea. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Ekitaldian, iaz beka irabazitako proiektua ere aurkeztu zuten Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewicz arkitektoek, jada amaitua: Bastartak!. “Kontextu historiko, politiko eta sozialak asko baldintzatzen du gizarteak arkitektura ulertzeko eta baloratzeko modua”, azaldu dute egileek. “Proiektu honetan, estigmatizatuta dagoen arkitektura balioan jarri nahi izan dugu, beste begi batzuekin begiratu ahal izateko eraikin sasikume horiek: bastartak”. Hala, iazko bekan irabazitako diruarekin, Pasaiako Badiako eraikin bastartak modu interaktiboan ezagutzeko aplikazio bat sortu dute, mugikor eta tabletentzat, errealitate areagotua erabilita.

Jesus Mari Txurruka

Jesus Mari Txurruka Argarate biologoa. Arg. Iñigo Ibañez/Elhuyar

Amaitzeko, Elhuyarren Merezimendu Saria banatu zen. Jesus Mari Txurruka Argarate EHUko irakasleak jaso zuen, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanagatik. Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakari eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusiak gogoratu ditu Txurrukaren merituak: “1977an, ikasle nintzela, Leioako Zientzia Fakultatean eskolak euskaraz hartzeko aukerarik ez zegoen garai hartan, Jesus Mari ikasleei biologiako mintegiak euskaraz ematen hasi zen, ordu ofizialetatik kanpo. Handik bi urtera, klase horiek ofizial bilakatu ziren, Zientzia Fakultateko euskal lerroa abiatuta”.

Jesus Mari erretiroa hartu berri dago, eta, familiaz inguratuta, berak ere atzera begiratu eta garai hartako pasadizoez goxarazi zuen publikoa, parrez algaraka jartzeraino. Probetxuzkoa izan dezazula erretiro-garaia ere, Jesus Mari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia