}

Buruaren sendabidea

2010/09/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Robert T. Carroll filosofia-irakasleak artikulu batean dio pertsona askok "atsekabea sentitzen" dutela jakiten dutenean sendatu dituen ustezko botika plazeboa besterik ez dela. "Arazo guztia buruan dutela uste dute". Baina, egiaz, buruan dagoena sendabidea da: sendatzeko itxaropenak eta sugestioak erreakzio biokimiko sendagarriak pitz ditzakete, tratamendu aktiboa hartu edo ez.
Buruaren sendabidea
2010/09/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: sanvi)

Garunean gertatzen den erreakzio-kate bat da plazebo-efektua, eta hobekuntza klinikoa izateko itxaropena, hasierako pistola-tiroa . Hain zuzen, garunean saria prozesatzen duen eskualdea aktibatzen da itxaropen horren eraginez, tratamendua plazeboa bada ere.

Oro har, "bizitzan plazer-sentsazioa sorrarazten digun edozerk eragiten du eskualde horren jarduera areagotzea", dio Ra l de la Fuentek, Kanadako British Columbia Unibertsitateko neurologoak. Gorputz ildaskatu bentralari buruz ari da. Ikertzaile batzuek xehetasun gehiago ematen dute, eta gorputz ildaskatu bentrala eratzen duten egituretako bat, accumbens nukleoa, aipatzen dute hasierako gunetzat.

Aktibazio horretan neurotransmisore jakin bat askatzen da: dopamina. Portaeraren hainbat alderditan hartzen du parte dopaminak, hala nola motibazioan, loguran, umorean, arretan, eta, noski, sarian.

Neurona-sarean askatutako dopamina horrek, garuneko beste eskualde batzuetara iritsitakoan, akti batu egiten ditu. Zer eskualde aktibatzen diren, eta horietan zer beste neurotransmisore edo hormona askatzen den, pazientea tratamendu plazeboa hartzera eraman duen gaitzaren edo sintomaren araberakoa da hori.

Izan ere, ez da garunaren eskualde berean prozesatzen mina eta depresioa, eta Parkinsonari lotutako arazoak mugimendua koordinatzen duen eskualdean behatu ohi dira. Gainera, neurotransmisore ezberdinek hartzen dute parte eskualde horietako bakoitzean.

Mina kentzeko, analgesikoak

Mina izan da plazebo-efektua ikertzeko gehien aztertu den alorra, eta alor horretan egin ziren plazebo-efektuaren oinarri neurobiologikoa ezagutzeko lehenengo azterketak ere.

1978an iradoki zuen Kaliforniako Unibertsitateko Jon Levineren ikerketa-taldeak zer konposatu egon zitekeen plazeboek eragindako analgesiaren atzean. Endorfinak aipatu zituzten, gorputzak berez ekoizten dituen morfinaren taldeko konposatuak. Izan ere, naloxona txertatu zieten ebakuntza-osteko minez zeuden paziente batzuei. Opioideen antidoto bat da naloxona. Bada, txertatzean, ikusi zuten plazeboak eragindako analgesia desagertu eta plazeboa eman aurreko mina itzuli egin zela.

British Columbia Unibertsitateko neurologoa da Ra l de la Fuente. Plazebo-efektuak parkinsonean eragina duela aurkitu zuen bere taldekideekin batera. Orain, pixkanaka argituz doaz nola funtzionatzen duen plazebo-efektuak parkinsonak jotako pazienteetan. Arg.: Ra l de la Fuente.

Morfinak eta bestelako opioideek minaren seinalea neuronen artean hedatzea oztopatu egiten dute. Horrela kentzen du mina. Izan ere, minaren transmisioa egiten duten neuronek morfinarekin lotzen diren hartzaileak dituzte, eta, lotutakoan, transmisioa eten egiten da.

Bada, naloxona, afinitate handiagoz lotzen da morfinaren hartzaileetara. Baina, morfinak ez bezala, ez du minaren transmisioa eteten, eta, hortaz, ez du mina desagerrarazten.

Irudigintzak berretsita

Levineren zeharkako froga horiek berretsi egin dira gerora, neuroirudigintza-teknikak garatutakoan. Sendagaia hartu izanaren usteak endorfinak askatzea eragiten duela ez ezik, identifikatu ahal izan da garuneko zer eskualdetan gertatzen den hori.

Esperimentu batean, kontzentrazio handiko gatz-disoluzio bat sartuta mina eragin zieten parte-hartzaileei Jon-Kar Zubieta neurozientzialariak eta haren taldekideek Michigan Unibertsitatean. Ondoren, plazeboa emandakoan mina prozesatzen duten hainbat eskualderen jarduera jaitsi egiten zela behatu zuten, positroien igorpen-tomografia (PET) bidezko eskanerrak eginda.

"Ikusi dugunez, endorfina-sistemaren jarduera handitu egin da parte-hartzaileei esan zaienean mina kentzen duen botika eman zaiela. Esperimentuko parte-hartzaileek, gainera, adierazi dute min gutxiago sentitu dutela. Nahiko argi dago garunaren eta gorputzaren arteko konexioa". Adierazpen hori egin zuen Zubietak, argitaratutako ikerketaren harira.

Are gehiago, ustezko analgesikoa sartu aurretik ere behatu zuten parte-hartzaileak endorfinak askatzen hasi zirela. Onura medikoari aurre hartu zioten, alegia.

Dopaminak dopamina gehiago

Jon-Kar Zubieta Michigan Unibertsitateko Psikiatria eta Erradiologia Saileko ikertzailea da. Besteak beste, plazebo-efektuaren eragin analgesikoa aztertu du, eta garunaren zein eskualdek hartzen duten parte prozesu horretan. Arg.: Michigan Unibertsitatea.

Endorfinak jariatzea ez da plazebo-efektuaren eraginez martxan jartzen den mekanismo bakarra. Garuneko beste eskualde batzuetan dopamina gehiago askatzea ere eragiten du gaitz batzuetan. Esate baterako, parkinsonaren kasuan.

De la Fuenteren taldeak 2001ean Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu zuen plazeboen eraginez dopamina askatzen dela parkinsonak jotako pertsonetan, eta horri esker egiten dutela onera. Neuroirudigintza-teknikez baliatu ziren haiek ere ondorio horietara iristeko.

"Orain badakigu gorputz ildaskatu bentralean askatu eta berehala gorputz ildaskatu dortsalean ere askatzen dela dopamina", dio de la Fuentek. Parkinsonak jotako pertsonek, hain zuzen, dopamina falta izaten dute gorputz ildaskatu dortsalean. Horrenbestez, hobera egiten dute, halabeharrez, zuten eskasia bete dutelako.

Depresioaren kasuan, hark ere sentikortasun handia baitu plazeboekiko, dopamina eta endorfinen ordez, zenbaitetan serotonina askatzen dela uste dute adituek. Nolabait, esan liteke serotonina-eskasia dutela garuneko gune jakin batzuetan depresioak jota dauden pazienteek. Horregatik egin dezakete hobera plazeboen eraginez.

Hala ere, de la Fuentek azpimarratu nahi izan du ez dagoela beste bi kasuetan bezain argi serotonina askatzen den. "Ez dakigu --gaineratu du-- behatu izan diren plazebo-erantzun guztiak aipatutako hiru substantzia horiekin lotuta dauden. Ziur dakigu dopamina eta endorfinak tartean daudela, eta, seguru asko, baita serotonina ere. Horiez gain, litekeena da substantzia gehiagok ere parte hartzea plazebo-efektuan. Apustu egin beharko banu, horren alde egingo nuke. Baina oraindik ez da ikertu".

Sintomak arintzea, noiz arte?

Plazeboek bultzatuta askatutako endorfinek mina kentzen dute, dopaminak parkinsonak jotako pazienteen gabezia osatzen du, eta, serotoninak, seguru asko, depresioa arintzen du. Hiru kasu horietan sintomak arindu egiten dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, gaixotasunak sendatzen direnik.

Parkinsonaren kasuan, adibidez, dopamina jariatzen duten neuronak hil egiten dira. Gorputz ildaskatu bentralean, mugimendua kontrolatzeko ezinbesteko gunean, behatzen da dopamina-mailak behera egiten duela. Plazeboa hartzean, bizirik daudenek jarduera handiagoa izatea eragiten da. Baina ez dira hildako neuronak berpizten.

Michigan Unibertsitatean, Jon-Kar Zubieta tarteko, egindako ikerketako irudi bat. PET eta erresonantzia magnetiko bidez aztertu zuten zer jarduera zuten opioideen hartzaileek garunean, parte-hartzaileak minez eta plazebo-efektuaren eraginpean zeudenean. Ikus daiteke jarduera nabarmen txikiagoa zela plazeboen eraginpean zeudenean mina prozesatzen duten hainbat eskualdetan, hala nola accumbens nukleoan (NAcc). Irudia: Michigan Unibertsitatea.

Depresioa eta mina gaitzen baten sintoma direnean ere gauza bera gertatzen da: ez dira gaitzak sendatzen; gaitz horrek eragindako sintomak apaltzen dira.

Pentsatzekoa da, hala ere, sugestioak eta sendatzeko itxaropenak eragindako arintzea baldin bada, lehenago edo geroago desagertu egingo dela, eta, orduan, lehengo sintomak berriz agertuko direla.

Bada, hor, berriz ere, tratamenduarekin sortutako itxaropenak du erantzuna. Horrenbestez, zenbat eta agresiboagoa izan tratamendua, handiagoa izan ohi da plazebo-erantzunaren iraupena. "Ebakuntza bat pairatzea onartzen duzunean, espero duzu hobekuntzak oso denbora luzean irautea; pilula bat hartzean, berriz, badakizu ordu gutxi batzuen buruan eragina pasatu egingo dela", adierazi du de la Fuentek.

Parkinsona tratatzeko neurona berriak sartzeko ebakuntza simulatuta, adibidez, plazebo-efektuak eragindako neuronen jarduera handiak urtebete baino gehiago iraun zuela ikusi zuten Denver Unibertsitatean.

Immunitatea, plazebo-efektuaren mende

Garunaren eta neurotransmisoreen jarduera aztertzearekin batera, immunitate-sistemak plazeboen eraginez erreakzionatzen ote duen aztertu da zenbaitetan. Adibidez, Alemaniako Duisburg-Essen Unibertsitateko eta Suitzako Teknologia Institutu Federaleko ikertzaile-talde batek arratoietan ikertu zuen lotura hori. Erantzuna baiezkoa izan zen (ikus ezkerreko koadroa). Kasu horretan, baldintzapena eraginez lortu zuten --azkenean, ur gozoa bakarrik emanda-- arratoien immunitate-sistema deprimitzea.

Baldintzapena eraginda ez ezik, beste hainbat kondizio eta egoeratan ere ikusi izan da immunitate-sistema plazebo-erantzunean sartuta dagoela. Ebakuntza osteko pazienteekin egindako ikerketa askotan ikusi da, adibidez, mina kentzeaz gainera, tratatutako eremuko hanturek ere behera egiten dutela plazeboa hartutakoan. Eta berriz agertzen dira hanturak endorfinen antidotoa emanez gero.

Hantura eragitea immunitate-sistemaren lehenengo erreakzioetako bat da zauri edo kalte bat gertatzen denean. Kaltetutako eskualde hori babestea da helburua. Babes horrek, baina, gaixo sentiarazten gaituzten hainbat sintoma ditu berekin: handitzea, mina, sukarra eta abar. Fase akutuko erantzuna da hori.

Garuneko guneen arteko neurotransmisore-jarioa dago plazebo-efektuaren atzean: endorfinek mina kentzen dute, dopaminak parkinsonak jotako pazienteen gabezia osatzen du, eta serotoninak, seguru asko, depresioa arintzen du. Arg.: iStockphoto.com/ktsimage.

Bada, plazeboek sintoma horiek hein batean desagerrarazten badituzte, litekeena da plazeboen eragina, oro har, immunitate-sistemaren fase akutuko erantzuna apaltzea izatea. Hala proposatzen du Cork Unibertsitate Eskolako Dylan Evans irakasleak Placebo liburuan.

De la Fuenteren ustez, "erakargarria bada ere, egilearen interpretazio pertsonala" da Evansek proposatutakoa. Izan ere, "oso litekeena da" nolabait lotuta egotea substantzia horiek askatzea eta immunitate-sistemaren erantzuna, baina lotura hori zein den "ez dago egiaztatuta".

Ikusteko aukerari esker, bultzada handia

Hasiberritzat jotzen dute aditu guztiek plazebo-efektuari buruzko jakintza, oro har. Egia da lehenengo aldiz 1950eko hamarkadan behatu zela. 1970eko hamarkadaren bukaeran proposatu zen lehen aldiz zer substantzia egon zitekeen plazebo-erantzunaren atzean. Baina handik denbora dezente pasatu arte, 2001. urtera arte, ez zen bertatik bertara behatu plazeboek garunean duten eragina. Pertsonen garapenarekin alderatuz, "oraindik ibiltzen ez dakien umetxoa" da, de la Fuente neurologoaren ustez, plazebo-efektuari buruz dugun jakintza.

Neuroirudigintza-teknikak garatu direnetik, dena den, asko ugaritu dira eta egin dute aurrera ikerketek. Azkeneko urteetan plazebo-motei, atzean dauden mekanismoei eta izan ditzaketen aplikazio medikoei buruz egin diren aurkikuntza guztiek "sinesgarritasuna eman diote ordura arte umezurtz egon den fenomenoari". Hala dio Maj-Britt Niemi Suitzako Teknologia Institutu Federaleko ikertzaileak eta immunitate-sistemari buruz aipatutako esperimentuetako egileetako batek Scientific American aldizkarian.

Aplikazio medikoei dagokienez, aipatzen du "mediku batzuk hasiak direla aintzat hartzen" plazebo-efektuaz baliatzea botiken eta kirurgien eragina areagotzeko. Iritzi berekoa da de la Fuente. "Ez da plazeboak erabiltzearen aldeko apologia bat --azaldu du--. Tratamenduari lotutako plazebo-efektuari ahalik eta etekin handiena ateratzea da kontua. Izan ere, tratamendu aktibo orok plazebo-efektua du berekin, sendatzeko itxaropenak sortua". Gaixoei laguntzeko modu bat izango litzatekeela uste du. Bide horrek, ordea, zalantza etikoak pizten ditu.

Nozebo-efektua: kaltea espero izatea
Txanpon baten bi aldeak balira bezala, itxaropen eta sugestio positiboak sendagarriak diren neurri berean izan daitezke kaltegarriak uste eta sugestio negatiboak. Lehenari plazebo-efektu esaten zaio; bigarrenari, berriz, nozebo-efektu.
Arazo eta zalantza etikoak medio, dena den, plazebo-efektua baino askoz gutxiago ikertu da nozebo-efektua. Turingo Unibertsitateko Fabrizio Benedetti neurozientzialariak eta haren lankideek Neuroscience aldizkarian diotenez, nozebo-erantzuna sustatzeko, estresa eta antsietatea eragin dezaketen sugestioak eragin behar dira, eta "paziente bati gaixotasunak okerrera egin dezakeela esateak benetan okerrera egitea eragin dezake".
Pazienteak erabili ordez, beraz, boluntario osasuntsuak eta animaliak erabili izan dira azken urteetan fenomeno negatibo hori aztertzeko. Plazebo-efektuan bezalaxe, gehien-gehien aztertu den osasun-alorra minarena izan da.
Min handiagoa izatea espero denean, garuneko kortex prefrontala, insula eta zinguluaren aurreko azala aktibatzen dira, besteak beste, eta, aktibatzean, kolezistokinina hormona sartzen da jokoan. Beste funtzio batzuen artean, antsietate-mekanismoetan parte hartzea da hormona horren betebeharra.
Benedettiren taldeak kolezistokininaren funtzio zehatza aztertzeari ekin zion 2006an. Lehenik, mina eragin zieten parte-hartzaileei, eta, ondoren, ikusi zuten min-sentsazio handiagoa zutela plazebo bat eman eta min handiagoa sentituko zutela esan zietenean. Gero, hiperalgesia hori desagertzen ikusi zuten kolezistokininaren antagonista, proglumida, ematean. Antsietatearen kontrako diazepam botikak ere eragin bertsua zuen min-sentsazioan, baina ez batak ez besteak ez zuten parte-hartzaileei eragindako hasierako mina desagerrarazi.
Ikerketa horretatik, beraz, bi ondorio atera zituzten ikertzaileek: batetik, lotura handia dagoela antsietatearen eta nozebo-efektuak eragindako hiperalgesiaren artean; bestetik, kolezistokininak antsietatea min bilakatzen duela.
Garunaren eta immunitate-sistemaren arteko loturaren bila
Arratoietan baldintzapena eraginda ikusi zuen Alemaniako Duisburg-Essen Unibertsitateko eta Suitzako Teknologia Institutu Federaleko ikertzaile-talde batek plazebo-efektuaren eraginez immunitate-sistemaren jarduera alda daitekeela.
Egindako esperimentuan, lehenik, hau da, baldintzapena sortzeko, ur gozoa eman zieten edateko. Urarekin batera, ziklosporina immunosupresorea xiringatu zieten. Handik denbora batera, nahikoa zen ur gozoa ematea arratoien immunitate-sistema apaltzen zela ikusteko.
Ondoren bai, garunaren eta immunitate-sistemaren erantzunaren arteko lotura bilatu nahi izan zuten ikertzaileek baldintzapena gertatzen denean. Hiru eskualde identifikatu zituzten garunean: insula, amigdala eta hipotalamoa.
Arratoiei identifikatutako eskualdeak banaka kaltetuta, ikusi zuten insula baldintzapenaren fase guztietan zela ezinbestekoa; amigdala, berriz, baldintzapenaren hasierako fasean, hau da, gorputza "ikasten" ari zen bitartean, eta hipotalamoa, azkenik, ikasitakoan, hark transmititzen baitio nola erantzun immunitate-sistemari.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
267
2010
9
021
Osasuna; Farmakologia; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
38

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia