}

Botika faltsuak Interneten

2008/07/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Posta elektronikoan jasotzen ditugun mezuen % 95 spam -a dira. Horietatik gehienak sendagaiak saltzeko dira, eta Internetez saltzen diren botika asko eta asko faltsuak dira. Hori jakinarazi du Sendagai Seguruak Eskuratzeko Europako Itunak ( European Alliance for Access to Safe Medicines , EAASM), Europan saltzen diren sendagaien segurtasunaz arduratzen den elkarteak.
Posta elektronikoan jasotzen diren mezuetako asko botikak saltzeko dira.

Elkarte horrek Internet bidez saltzen diren botikei buruzko ikerketa bat egin berri du, eta datu benetan interesgarriak plazaratu ditu. Hauek nabarmendu ditu elkarteak berak: sarean saltzen diren botiken hirutik bi faltsuak dira, Interneten dauden farmazien % 95,6 ilegalak dira, sendagaiak saltzen dituzten web guneen % 94k ez dute farmazialari baten izenik ematen, eta hamarretik bederatzik ez diote errezetarik eskatzen erosleari.

Dena den, kaleratu duten txostenean, askoz ere datu gehiago argitaratu dituzte; esate baterako, zer botika eskaintzen dituzten Interneten. Nagusiki, jende askori eragiten dioten gaitzak sendatzeko botikak eta botika salduenen nahiz garestienen kopiak eskaintzen dituzte: zutitzearen disfuntzioak tratatzeko sendagaiak, ilea erortzearen aurkakoak eta argaltzekoak dira gehienak, eta baita minbiziaren aurkakoak, depresioaren eta buruko beste gaixotasun batzuen aurkakoak, zirkulazio-aparatuarekin zerikusia dutenak... ere.

Normalean, gaixotasuna isilean gorde nahi dutenek dute halakoak erosteko joera, baina horrek ondorio larriak ekar diezazkieke. Izan ere, txostenean azaltzen denez, botika faltsuek ez dute konposatu aktiborik izaten, edo ez dute behar duten dosian izaten. Kasu batzuetan, osagai toxikoak dituzte, edo ez dira behar den kondizioetan gordeta egon, eta, beraz, osasunerako kaltegarriak izan daitezke.

Kontuan izan behar da sendagai horiek inolako kontrolik gabe saltzen direla, eta erosleak ez duela profesionalen gomendiorik jasotzen: ez daki noiz, nola eta zenbat hartu behar duen. Horregatik, okerren bat gertatzeko arriskua handia da. Adibidez, duela hilabete eskas Selena Walrond izeneko gazte britainiarra hil zen, Interneten erositako botika bat hartzeagatik.

Walrondek 26 urte zituen, eta Estatu Batuetan zein Europan saltzea debekatuta dagoen konposatu bat erosi zuen, dinitrofenola. Nonbait, kulturistek eta atletek hartzen dute, pisua galtzeko, eta neskak ere helburu hori zuen. Baina gomendatutako dosiaren halako bost hartu zuen, eta bihotzekoak emanda hil zen hurrengo egunean.

Ustez, Txinako web gune batetik eskuratu zuen konposatua. Hain justu, Internet bidez saltzen diren botika asko Txinako, Indiako eta Filipinetako laborategi ilegaletan egiten dituzte, eta baita Europaren ekialdean ere, Errusian esaterako.

Gero eta gehiago

Ikertzialeek frogatu dutenez, u rtetik urtera izugarri ari da hazten botika ilegalen merkatu Interneten.

Berez, Interneten botikak saltzea ez da ilegala. Espainiako estatuan, iaz baimendu zen aukera hori. Farmaziek web gune bat izateko aukera dute, eta horren bitartez sal dezakete, farmazia fisikoan bezalaxe. Hau da, errezetarekin saltzen diren botikak emateko, pazienteak nahi eta nahi ez aurkeztu behar du errezeta, bestela ez du botikarik jasoko. Dena den, Espainiako kontsumitzaile-elkarteen esanean, jende gutxik egiten ditu erosketak Internetez, eta, erostekotan, batez ere liburuak, ikuskizunetarako sarrerak, hegazkin-txartelak, eta produktu informatikoak eta elektronikoak erosten dituzte kontsumitzaileek. Badirudi sendagaien kasuan pazienteek nahiago dutela farmazia batera joan eta aurrez aurre eskuratu.

Alabaina, EAASM elkartearen ikerketak argi utzi du Internet ezkutuko farmazia handi bat dela. 2005ean, 500.000 produktu deskubritu ziren merkatu horretan, 2004an topatutakoen bikoitza; 2006an, 2,7 milioira iritsi zen zifra, eta 2007an erritmo berean igotzen jarraitu zuela uste dute. 2010ean botika faltsuen merkatua 2005ekoa baino % 90 handiagoa izango dela kalkulatu du Estatu Batuetan sendagaiez arduratzen den zentro batek ( Center for Medicine in the Public Interest ).

EAASMek frogatu duenez, Internet bidezko salmenten arautzea nahiko ahula da gaur egun. Nahiz eta badauden kontrolak eta bermeak, kontsumitzaileek ez dute oztoporik botika ilegalak edo faltsuak erosteko, eta, beraz, ez daude babestuta produktu horiek izan ditzaketen eraginetatik. Noski, legeak badaude, eta gobernuak saiatzen dira botiken salmenta ilegala eragozten, baina merkatua hain azkar ari denez hasten, gainezka egiten ari zaie.

Txostena osatzeko, elkarteak proba egin zuen, eta konpainia ezagunen 18 botika ospetsu Internetez erosten saiatu zen: Cialis, Levitra, Viagra, Propecia, Lipitor, Plavix, Seretide, Coverse, Zyprexa, Efexor... Ez zuten inolako zailtasunik izan botika horiek eskaintzen zituzten web guneak topatzeko, ez zituzten errezeta ematera behartu, ez zuten farmazialari baten laguntza eskaini, eta bi izan ezik denak jaso zituzten.

Paketea irekitakoan, denetarik topatu duten. Sendagai batzuek egiazkoen itxura zuten, baina beste batzuk egunkari-paperean bilduta zeuden, eta agerikoa zen kaxa faltsua zela, edo ez zuten argibide-orririk, edo orria hizkuntza askotan zegoen idatzita eta akatsak zituen, edo pilulak zorro garden batean zeuden, beste bilgarririk gabe... Hori bai, bosten kasuan pilula batzuk gehiago zeuden, opari.

Gerora laborategian egindako probetan ikusi zuten hirutik bi faltsuak zirela; eta egiazkoak zirenen % 16 ilegalki inportatuak ziren, eta herenak ez zuen informazio-orririk. Horrenbestez, ez dago zalantzarik: osasunaren mesedetan, hobe da botikak farmazian erostea, Internet bidez erostea baino.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia