}

Bizia ibaietan sortu zen

2002/04/16 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zelulen mintzak nola eratzen diren aztertzen ari den ikertzaile-taldearen esanean, errazagoa da mintzak ur gezatan eratzea ur gazitan baino.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaile-talde bat Lurrean agertu ziren lehen zelulen mintzak nola sortu ziren argitu nahian dabil. Ikerketaren lehen emaitzekin, hasierako zelulak ur gezatan sortu zirela ondorioztatu dute.

Zelulen mintzaren egitura.

Edozein organuluren edo zelularen oinarrizko mintza fosfolipidoz osatuta dago. Jakina da fosfolipido-molekulek berez elkartu eta besikulak sortzeko joera dutela. Zientzialariek Lurrean agertu ziren lehen zelulen mintzak nola sortu ziren aztertzeko hainbat saiakuntza egin dituzte eta, horien artean, besikulek ingurune ezberdinetan sortzeko duten gaitasuna aztertu dute. Alkoholdun uretan, mintz egonkorreko besikulak sortzen direla ikusi dute.

Baina urari sodio kloruroa, kaltzio-ioiak edo magnesioa gehituz gero, mintz ezegonkorrak eta hauskorrak sortzen omen dira. Ioien kontzentrazioa gaur egun itsasoan dagoena baino txikiagoa izan arren, mintzak apurtu egiten dira.

Hori dela eta, Lurrean agertu ziren lehen zelulak ur gezatan sortu zirela uste dute ikertzaileek. Arizonako unibertsitateko geologoek diote teoria hori indar dezaketen datuak badaudela. Adibidez, orduko ozeanoak oraingoak baino askoz gaziagoak zirela. Horrek mintzen sorrera asko zailtzen omen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia