}

Bihotz artifiziala: miraria ala negozio iluna?

1986/12/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bihotz-transplantearen belaunaldi honetan, itxaropen berri bati ateak zabaltzen zaizkio; erabat eraginkor izango diren bihotz artifizialak lortzeak dakarren itxaroepnari alegia. Baina oraingoz lortu diren emaitzek, dirudienez, ez dute arrakasta handirik lortu. Eta horretaz gain, honen inguruan ekoiztu diren objekzioak indarberritzen ari dira, bai moral eta baita praktika aldetik ere. Objekzio hauek, giza bihotza eta giza bizitzaren bizkarretik sor daitezkeen negozio ilunetan suspertzen dira.

Gizakiaren amets bilakatu den helburu bati ekingo diogu oraingoan. Jakina denez, gizakiak beti jo izan dugu geure buruaren mugak gainditzerantz eta hauetako bat geure osasunaren gaitzak edo etsaiak deuseztatzea izan da, edo deuseztatzea ez balitz ere onurgarriagoak diren beste batzuetaz ordezkatzea. Arlo honetan kokatzen dira bihotzari hertsiki lotuta dauden ikerketak.

Baina dena den, hau lortzea, benetan gauza zaila da. Zeren bizia duten ehunen konplexutasunek, ordezkapenean eragozpen handia sortzen bait dute eta ondorioz, ordezkapen eraginkor eta erabilkorra lortzea oso zaila da. Beraz, orain bat batean bihotz artifizialez hitz egitea, sorginkera dirudi; nahiz eta bihotza, odola banatzen den ponpa soil bat dela jakin eta ez izan, aintzinan pentsatu ohi zen antzera, aminaren eta sentimenduen kokaleku.

Bihotz-transplantea mundu osora hedatu den une honetan, nahiz eta lortutako arrakasta eztabaidagarria izan, eskuraezinezko bihotz-giharreak duen ezinbesteko eginkizuna makina artifizialak ordezkatuko lukeen, makinak zailtasunak baditu ere, itxaropena zabalduz doa. Bestalde, hauek lortzen dituzten emaitzak ez dira etekin handikoak, nahiz eta 1982an, Jarvik-7 izeneko bihotz artifizialaren ikerketan, 350 milioi dolar (60.000 milioi pezeta) gastatu izan. Hauek dira arlo honetan ematen ari diren lehenengo urratsak eta agian noizbait, inoizko denboran eta diru gehiago inbertituz, arrakasta izatera ere irits daiteke.

Jarvik-7: ponpa pneumatikoa.- Motorea, elkarren txandan gasa barneratzen eta kanporatzen duen konpresorea da. Bentrikulu bakoitzean, oso hedagarria den mitz bat puzten eta husten da; hauek, itxura eta bolumen desberdina dute. Poliuretanoz egindakoak dira eta aluminiozko kaxa zurrunean babesturik aurkitzen dira. Odoljarioa eta taupadaren maiztasuna aparte erregulatzen dira.

Baina batzuk hau ikusirik, kezkatzen hasiak dira; zeren guztientzat ezaguna denez medikuntz muduan bai bait da makina bat behar, eta askok, bihotz artifizialarenak baino lehentasun handiagoa dute. Beraz, nola inberti daiteke horrenbeste denbora, diru eta jakinduria ikerketa hauetan? Areago oraindik; zenbait pertsonek jadanik, arlo honetan lanean ari diren ikertzaile pribatuek negozio ilun bat sortu nahi dutela salatu du. Dagoenekoz, diru asko inbertitzen ari dira, eta ikus daitekeenez, epe laburrera ez da errentagarria; baina epe luzera bai. Hots, beraiek izango bait lirateke arlo honetan hornitzaile bakarrak.

Kontuak kontu, hau aurrera doa eta gainera, Estatu Batuetan, arlo honetako enpresa nagusiak ekimen pribatuak babesteagatik lehia bizian dabiltza Novacor Thermedics eta abar. Saudi Arabiak aldiz, Lapeyre doktore frantsesak Aérospatiale enpresa aeronatukoaren laguntzaz garatu duen modulu esperimentalari bultza nai dio. Utah-eko unibertsitateko kolff eta Iarvik doktore amerikarrak eta Akutsu, doktore japoniarrak aldiz, Jarvik-7 izeneko beraien proiektua finantzatzen ari dira. Dagoenekoz, eta zalantzazko arrakasta lortuz, hiru gaixorengan ipini dituzte. Ikertzaile hauen urteko aurrekontuak, jadanik 50.000 milioi pezeta gainditzen ditu.

Hasieran, Barnard doktoreak burututako lehenengo bihotz-transplanteen ondorioz, kirurgilariek, zaputz arazoak mugatuko edo erabat alboratuko lituzkeen bihotz artifizialaz amets egiten hasi ziren. Baina dena den, neurrigabeko desafio teknologikoa sortu zen: makinak baldintza guztiz zorrotzei erantzun behar zion bilogoi, pisu, iraupen, energi, anatomi eta funtzionamendu-alderditik.

Kolft eta Akutsu-k, aire konprimatuzko lehenego eredua animaliekin probatu zuten 1957ko abenduaren 12an, eta bizirik gehien iraun zuenak, 90 minutu igaro zituen. 1959an berriz, Fumi Joe izeneko txahal batek 221 egunez iraun zuen; honekin, gaur egungo Jarvik-7 bihotz artifizialaren aintzidari izan zen laborategiko prototipo bat erabili zen. Hamar urte geroago, 1969ko maiatzean, gizonezkoei aplikaturiko bihotz artifizialen aroari ematen zitzaion hasiera.

Artur Cooley bihotz-transplantea burutuz.

Houston-eko (Texas) unibertsitatean doktore den Denton Cooley-k berrogeitazazpi urte zituen pertsona batengan aire konprimatuzko bihotz mekanikoa ezartzen zuen. Bihotz hau Domingo Liotta argentinarrak erregulatu zuen. Gaixoak, 54 orduz iraun zuen bihotz artifizial honekin; bihotz naturala transplantatu zioten artean alegia. Egun t'erdi geroago, alboreangoa (pulmonia) zela medio hil zen. Kasu honetan bihotz artifizialak, transplantatzeko bihotz naturala lortu arte behar zen denboraz irauteko balio izan zuen.

Honen ondorioz, eztabaida larriagotu egin zen: ordu bakar batzu aurrezten badira, zertarako horrenbeste ebakuntza? Ez ote ditugu gizakiak akuritzat haru?. Baina Cooley doktoreak bere burua babesteko zera esaten du: bere gaixoak, ezinbesteko aukera izan zuela; beste inoiz izango ez zukeen aukera paregabea.

Garai horretan, birlandaketen kirurgia gorputzak sortzen duen zaputzaren ondorio tamalgarriekin aurrez aurre aurkitzen zen artean. Eta egia esan, era honetako ebakuntzetan hain esperientzia kliniko urria izanik, ez zen erabali hau aurrera eramateko pisuzko arrazoirik ikusten. Sortutako eskandaluak izan zuen Cooley-rengan eragina; ez bait zuen ebakuntza egiteko baimen ofizialik lortu. Ondorioz, diru-laguntza ofizialak eta irakaskuntzarak baimena galdu zituen, eta aldi berean, ospitalean zuen lanpostua ere bai; hau da, kanpora bidali zuten.

Baina ekimen pribatuak bete zuen aginte estatalaren lekua eta hamabi urte geroago, 1981ean, Denton Cooley-k bere lanetan jarraitu zuen. Bere gaixoak, hogeitamasei urteko gizon batek, hiru egunez iraun zuen bihotz artifizialarekin; kasu honetan ere bihotz naturala transplantatu artean. Transplantea egin, eta astebetera hil zen septizemiaren ondorioz. Iniziatiba honek, kondena berriak (medikuen arteko kondenak) jasan ditu. Dena den, esparru honetako saiakuntzak ez dira honekin amaitzen; 1982ko maiatzean, Utah-eko unibertsitateko taldeak, Barney Clark-en toraxean bihotz mekanikoa txertatu zuen.

Lapeyre-k diseinatutako bihotza: Jarvik modeluan oinarritua, baina hobetua.- Giza bihotzaren antza duen bihotz artifiziala, Jarvik diseinatutakoa baina sofistikatuagoa, garatu du Didier Lapeyre-k. Horretarako, arabiarren diru-laguntza izan du. Karkasa, karbono-karbonoz eratua dago, biologikoki aluminioa baino onargarriagoa biologi aldetik, erresistenteagoa eta arinagoa da. Bentrikuluak, poliuretanoz egindakoak dira, baina oso zurruna den trenkada batetaz banaturik aurkitzen dira odoleko zurrunbiloei itzurtzearren. Aspirazio-mintzerantz gasek duten joan-etorrien egokitzea, kable ardazkide bakarraz egiten da.

Honek, azkenburuko kardiomiopatia izeneko gaixotasuna zuen eta normalean, gaixotasun hau jasaten duten pertsonek, oso denbora gutxi irauten dute bizirik (egun batzuk). Transplantatu zitzaion bihotz artifiziala Jarvik-7 izeneko eredu iraunkorra izan zen; ez bait zegoen giza bihotzik eskueran transplantatu ahal izateko eta ez zen izaterik espero ere. Kolff aintzidariaren taldekoa zen William DeVries kirurgilariak egin zuen ebakuntza, eta arrakasta izan zuen. Baina ustegabeko zailtasunak sortu ziren, gaixoaren adina eta bihotz- eta arteri hodien egoera txarraren ondorioz.

Bihotz artifizialak ere badu zenbait akats; berehala eta mota guztitako bitartekoak erabiliz gainditu behar diren akatsak. Operazio ondorenean, gaixoak, bapateko tentsio igoearen ondorioz, burmuineko kongestioa jasaten du. Hau dela eta, gaixoa lur jota geratzen da; ez du bizitzeko gogorik eta medikuen aurrean hiltzeko nahia aitortzen du. Dena den, Barney Clark-en 112 egun iraun zuen bizirik (ia lau hilabete), baina oso egoera txarrean izan zela ere aitortu behar da.

Polemikak sumintasun-mailak hartu zituen berriro, eta kritika latzak jasan ondoren, saiakuntzei amaiera ematea erabaki zuen Utah-eko unibertsitateak. Baina DeVries kirurgilaria, Denton Cooley bezain setatsua izanik, eta sistemaren ona zenaz konbentziturik, Kentucky estatuan kokaturik dagoen Louisville-ko Humana Ospitalera aldatu zen. Mundu guztira hedatuta dagoen ospital katea baten zentru pribatua da ospitale hau, eta medikuntz arloan jakina denez, dirua irabazteko asmoz eratutako katea hain zuzen ere. Baina gaixoari dagokionez, beste inon ez bezalako arreta eta laguntza eskaintzen zaio; eta bestalde, kate honek duen oinarrizko ikerketa- eta irakaskuntz maila oso altua da. Gainera, ekonomiazko eta administraziozko gestioak zehatz-mehatz eramaten dira.

Beraz, hiru atal hauek kontutan hartuz, osasun publikoan lan egiten duten sistema gehienen eredu izan liteke.

DeVries kirurgilariak, Louisville hiriko Humana Heart Institute izeneko ospitalean, bihotz artifizialezko transplante iraunkorra egin zuen. Berak egindako bigarren ebakuntza zen hau (gizakiengan burutzen zen laugarrena). 1983ko azaroaren 25ean Willian Schroeder-i, berrogeitahamabi urte eta azkenburuko kardiomiopatia zuelarik, Jarvik-7 izeneko bihotz mekanikoa ezarri zitzaion. Barney Clark-i egin zioten ebakuntza baino azkarragoa eta eraginkortasun handiagokoa izan zen. Azken honek urte t'erdiko epea gainditzea lortu zuen, baina eragozpen handiak jasanez.

Robert Jarvik doktorea eta berak diseinatutako bihotz-protesia.

1984ko otsailaren 17an, DeVries-ek bere lehia pertsonalean, hirugarren bihotz artifizial iraunkorra transplantatu zuen. Murray Haydon-i ipini zion hain zuzen ere. Berrogeitahamazorti urteko gizona da hau. Baina jakina denez, Haydon egoera larrian egon zen, denbora luze xamarrean arnasbide artifizialari lorturik bizi izan delarik. Dena den, honek ere urte t'erdiko epea gaintzea lortu zuen.

Pentsa dezakezunez, kontraesanak eta tira-birak ez dira oraingoz amaitu. Giza bihotzean transplanteen alde daudenek, ziklosporina erabiltzen hasi zenetik ona (duela sei bat urtetik ona gutxi gorabehera) zaputzaren eragin ezkorra neurri handi batean menperatzen ari direla diote; hots, gorputzak ez duela bihotz artifiziala lehen adina diote; hots, gorputzak ez duela bihotz artifiziala lehen adina arbuiatzen alegia. Estatu Batuetan dagoenekoz, urtero 200 transplantetik gora egiten dira eta hauetatik, %80ek urtebeteko iraupena lortzeko itxaropena dute eta %50ek 5 urtez irauteko itxaropena.

Duela hogei urte inolako irtenbiderik ez zuen teknika bat zuela kontutan hartzen badugu, aurrerapen bikaina egin dela aitortu beharra dago. Beraz, eta aldekoen hitzak erabiliz: zeintzu dira eraginkortasun txikiagoa eta garestiagoa izango den teknika berri bat ikertzen hasteko arrazoiak, esku artean daukagun teknika hau ia menperatu den une honetan? Jarvik-ek, bere izena daraman bihotz mekanikoaren asmatzaileak, 1983an zera idatzi zuen: beste bost edo hamar urte itxaron beharko zela erabat fidagarri izango zen bihotz-protesia lortu ahal izateko, eta nola ez, eroso eta beste edozein gizaki bezala bizi ahal izateko modukoa.

Dekries berriz, areago doa bere adierazpenetan. Honen ustetan, sendagileak une larrietan eskuartean dauzkan baliabide guztien erabilera aztertu eta onartu behar du printzipioz, bat bakarra ere arbuiatu gabe; are gehiago medikuntzaren aurrerapenerako balio duenean eta bide batez etorkizunean giza bizitzak salba daitezkeenean.

Montiès-ek diseinatutako bihotza: bi Wankel motore.- Jean-Raoult Montiès doktoreak, Lions Club-en diru-laguntzaz, bi motore birakariz osatutako bihotz artifiziala eratu du. Motore bana du bentrikulu bakoitzeko. Errotore bakoitzak, bere abiadura aldatzen du gorputzaren beharraren arabera. Honek funtzionatu ahal izateko, barne mikroprozesadorea eta barneko eta kanpoko bateriak behar ditu.

Baina sakonean eztabaidatzen den arazoa, bekoizkeria eta gaitasunaz gain, hautapenaren arazoa da. Aro berriko teknologiaren aurrerapenak ezinbesteko aukerak eskaintzen ditu, eta ondorioz, medikua eta medikuntza orohar, zenbait hautapen egitera behartuak aurkitzen da. Arazoa ezerosoa bilakatu da gainera. Kururgilari militarrek, gerraldian, sailkapen-metodoaz konpontzen dute arazo hau.

Hala nola, zauri arinekoak alboratu egiten dira, ea bakarrik sendatzen diren; oso gaizki daudenak ere alboratu egiten dira (ez dago ez denborarik eta ez bitartekorik hauek salbatzeko); eta tartekoak bakarrik izango dira tratatuak. Medikuntza zibilak berriz, ezin du horrela inolaz ere jokatu. Baina hau ez da hautapenaren aurkako sendagaia eta arazoak hor jarraitzen du. Nortzuk izan behar dute hautatuak?

Iragarpen baikorraren ondorioz zuzpertze fidagarriagoa eskaintzen duten gaixoak izan behar al dute? Edo, itxaropenik txikiena eskaintzen duten gaixoei lagundu behar zaie lehentasunez eta printzipioz nahiz eta arrakasta lortzeko posibilitatea oso urria izan?

Dena den oraingoz bihotz artifiziala, teknologiari dagokionez, guztiz prestatu gabe dagoela begibistakoa da. Bihotz-protesi ideala lortzeko baldintzak urrun daude oraingoz, zeren bitxia izan arren, fisiologoak ez bait dira bihotzeko funtzionamenduaren dinamikari bete-betean erantzungo dion eredua eratzera iritsi oraindik. Gainera, giza bihotzak ez dizkigu bere lan miragarriaren xehetasun guztiak adierazi. Beraz, baliokide izan nahi duen bihotz mekanikoaren eraikuntza eta honen funtzionamendu egokia lortzea, eginkizun zaila da.

Dumas-ek diseinatutako bihotza: motore elektrikoa.- Odola barneratzen eta kanporatzen duen motere elektrikoa jasaten duen U erako barra bati, poliuretanozko mintz baten bidez, loturik doazen bi bentrikuluz osatutako bihotz artifiziala diseinatu zuen Jean Claude Dumas fisikari marseillarak.

Bestalde, ez da oraindik material aproposik aurkitu. Materialak, solidoa eta biologikoki txertagarria izan behar du aldi berean, odolbatuen sortze-posibilitateari itxurtzeko. Besteak beste hauek izan bait ziren Schroeder eta Haydon-ek jasan zuten burmuineko erasoen errudun. Gaur egun, zenbait plastiko eta aleazio elkartuz lortutako materialak erabiltzen dira. Denboraren poderioz, diafragmako poliuretanoa kaltzifikatu egiten da eta ondorioz epe laburrean, tronbo eta ehun-zuntzak sortzen dira aparatuaren inguruan.

Jarvik-7 aparatuaren gailurkbiko balbulak, giza bihotzak inposatzen duen ahalegina baino esfortzu handiagoa jasan behar dutenez gero, ahuldu egiten dira eta ondorioz arazoak sortzen. Gaur egungo ikertzaileak, karbono-karbono materialerantz makurtzen dira. Teknologia bereziz lortutako material konposatua da hau. Higadurarekiko erresistentea izateatik gain, giza gorputzak ez du zapuzten, zeren karbono porotsua bizidun zelulekin bat egiten bait da eta honela, protesi inguruan ehun berriak ekoizten dira.

Behin betirako ezarpena planteatzen denean, materialei buruzko baldintzak oso zorrotz bilakatzen dira: truka ezinezko balbulak, motorearen etekina %90 ingurukoa, bost wattetik beherako kontsumoa, mintzen higadurarekiko erresistentzia iraunkorra izatea, sistema elektronikoen fidagarritasun osoa… Motorearen pisua, oso kontutan hartu beharreko parametroa da eta neurriari hertsiki loturik doa. Erabateko ezarpena lortzea izango litzateke ideala; ponpa eta motorea elkarrekin ezartzea alegia, kanpoko edozein akzesoriori itzuriz. Japoniarrak dirudienez, horretan ari dira lanean dagoenekoz.

Bihotz artifiziala jaso ahal izateko, gaixorik dagoen bihotza prestatu behar da.- Kirurgilariak, berezko bihotza bere eksuineko aurikula eta goiko eta beheko kaba benak mantendu behar ditu, aurikula honen balbula-zuloa birlehortu, bi bentrikuluak osatzen duten blokea kendu birika-arteria mantenduz, ezkerreko balbulari dagokion zuloa birlehortu eta birika-banaketaren gainetik aorta birlehortu.

Baina oraingoz, hori lortzetik oso urrun gaude. Dena den, Barney Clark-i ezarri zitzaion konpresoretik Schroeder-i ezarri zitzaionera badago 25 kiloko aldea, bi urteko epean. Hala ere, konpresore honek 161 kilo pisatzen zituen. Pentsa dezakezunez Schoeder eta Haydon konpresoreari lotuta bizi ziren, baina Peter Heimes injineru germaniarrak asmatu zuen sei kiloko kondentsadore erabilkorrari esker; hauek, bizpahiru orduko atsedena lor zezaketen egunean zehar. Dirudienez, energia nuklearra arbuiatu egin dute (beroa, hondakinak, pilaren pisua). Ohizko bateria elektrikoaren bidez lortzen den elikadura ere arbuiatu egin dute; fidakaitzak eta iraupen laburrekoak bait dira.

Jarvik-7 izeneko bihotz artifizialak ez du gizakiaren torax ingurua kontutan hartzen. Dekries-ek, bihotzaren neurrira egokitzen ziren gaixoak hautatu zituen eta ez alderantziz. Clark, Schroeder eta Haydon-ek bazuten aldez aurretik berezitasun amankomuna: normala ez den bularra, hots, oso bular zabala. Dena den bihotz artifizialaren kokatzea ez zen lan erraza izan.

Bihotz artifizialari buruz egin daitezkeen objekzio guztiak, seguraski, ez dute honen garapena eragotziko. Prestigiozko medikuntza da hau, eta ez denontzakoa; berdintzaile baino gehiago diskriminatzailea. Baina kontuak kontu, etorkizuna baduela dirudi.

Bihotz artifizialaren aldekoen eta aurkakoen arteko guda, lehenengoek irabaziko dutela dirudi. Bihotzeko makina honek jendea liluratzen bait du. Finantza pribatuentzat berriz, onen inguruan sor daitekeen negozioa tentagarria da. Industria espezializatuak berpiztu eta espazio edo aeronautikarekin zerikusia duten industriei desafio egiten dio arazo honek.

Injineru eta kirurgilarien eta fisiologia eta doitasunezko mekanikaren arteko sinbiosiak, amets liluragarriegia dirudi oraingoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia