Beruna izarretan
2001/10/01 Elhuyar Zientzia
1.600 argi-urtera dauden izar batzuetan berunaren arrastoak detektatu dira.
Oro har, elementu kimikoak izarretan eratzen dira. Izan ere, izarrak atomo astunak sortzen diren 'zentral nuklear' erraldoiak dira, eta, prozesu nuklear horien ondorioz, erradiazioa, argia eta beroa igortzen dituzte. Lehengaia elementu sinpleenak dira, hidrogenoa eta helioa, alegia. Espazioan dauden erreaktore handi horietan nitrogenoa, karbonoa, oxigenoa, kaltzioa, kloroa, sufrea eta beste elementu asko sortzen dira. Horregatik, izaki guztiak izarren hautsaz eginda gaudela esan da askotan.
Dena dela, izarren ekoizpen kimikoa mugatua da. Hain zuzen ere, atomoen nukleoen berezitasunengatik, oso gutxitan gertatzen da burdina baino elementu astunagorik sortzea, eta oso izar-mota berezitan soil-soilik. Horien artean, AGB motako izarretan gertatzen dela uste zen.
Astronomo belgikar batzuek, ESO teleskopioaren bitartez, AGB motako izarretan beruna sortzen dela frogatu dute. HD187861, HD196944 eta HD224959 izarretatik jasotako argiaren espektroan berunaren arrastoak aurkitu dituzte, eta, kalkuluen arabera, metal horren kantitate handiak daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia