Begietan gene bat txertatu, eta... horra! Gorria eta berdea ikusgai!
2009/09/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Gene-terapia bidez lortu dute Washington Unibertsitateko ikertzaile batzuek jaiotzetik kolore urdinari eta horiari bakarrik antzemateko gai ziren bi katagorri-tximino arruntek berdeari eta gorriari ere antzeman ahal izatea. Koloretako ikusmen osoa izatea, alegia.
Katagorri-tximino arruntetan, ar guztiek dute berezko ezintasuna kolore gorria eta berdea ikusteko. Izan ere, tximino horiek opsina deritzon genearen bi bertsioak behar dituzte bi koloreok bereizteko, batek berdea ikusteko gaitasuna ematen baitie, eta besteak gorria ikusteko gaitasuna. Kontua da gene hori X kromosoman dagoela, eta arrek X kromosoma bakarra dutela. Gene bakarra dute, beraz, eta gorria eta berdea bereizteko ezintasuna, halabeharrez. Koloretan ikustea emeen gauza da katagorri-tximinoetan.
Ezintasun hori konpontzeko, giza geneak erabili dituzte zientzialariek: gizakiek kolore gorriari antzemateko duten pigmentuaren genea birus-bektore batean sartu, eta birusak bi tximinoen erretinaren atzealdean txertatu zituzten. Handik hogei bat astera ikusi zuten tximinoak gai zirela irudi berdeak eta gorriak bereizteko. Hain zuzen, pantaila batean ageri ziren irudi gorriak eta berdeak ukitzean saria (mahats-zukua) irabazten hasi ziren tximinook.
Irudia: Neitz Laboratory
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia