}

Begi guztiak James Webb teleskopioan jarrita

2021/12/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

begi-guztiak-james-webb-teleskopioan-jarrita
Arg. NASA

25 urteko garapenaren ondotik, eta hasierako aurrekontua 20 aldiz bidekartuta, James Webb espazio-teleskopioa (JWST) prest dago espazioratzeko. Itxaropen handiak daude jarriak harengan; hain zuzen, sortu ziren lehen izarrak eta galaxiak hautemateko gai izango dela espero dute.

Horretarako, baina, lehenik, jaurti, eta gero, bere lekura onik iritsi beharko du. Eta ez da erraza. Hasteko, abenduaren 24an jaurti behar zuten, Guyanatik, baina, eguraldi txarra iragartzen dutenez, gutxienez egun bat atzeratu dute jaurtiketa.

Jaurti ondoren, 29 eguneko bidaia du bere lekuraino, L2 punturaino. Puntu horretan, Lurraren eta Eguzkiaren grabitatea parekatu egiten dira, eta orbita orekatu egiten da. Bitartean, baina, 178 mekanismo jarri behar ditu martxan, eta 344 operazio burutu behar ditu. Den-denak atera behar dira ondo, misioak arrakasta izan dezan.

Ezkutu termikoa edo parasola zabaltzea da kritikoenetakoa. Haren zeregina teleskopioa Eguzkiaren argitik eta erradiaziotik babestea da. Kaplon izeneko material sintetiko baten bost geruza ditu, eta kanpokoa 85 ºC-tan egongo den bitartean, barrukoa -233 ºC-tan egongo da. Izan ere, James Webb infragorri-teleskopio bat da, eta objektu oso hotzak hautemango ditu. Horrenbestez, tenperatura baxuak behar ditu ondo funtzionatzeko. Ez da horrelakorik egin orain arte, beraz, ikusmin handia dago. Baita beste operazio konplexu batzuekin ere, adibidez, bigarren ispilua kokatzea.

Bere helmugara iritsitakoan, probak hasiko dira. Bost hilabetez, denak behar bezala funtzionatzen duela baieztatuko dute. Eta jaurti eta seigarren hilabetera, lan zientifikoarekin hasiko da. Horren zain daude mundu osoko astromoak eta zaleak.