Baztangaren aurkako txertaketak AEBetan
2002/12/13 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Baina baztanga ez al zen desagertu bada? Bai, 1980an mundu osoan desagertutzat jo zen gaixotasuna. Are gehiago, AEBetan 1972an egin zituzten azken txertaketak. Baina gaixotasuna desagertutzat jo ondoren baztangaren laginak gorde egin zituzten AEBetan eta Errusian, berriz agertuko balitz txertoa egiteko lehengaia izateko. Duela urtebete inguru lagin horiek deuseztearen inguruko eztabaida piztu zen eta ezetz erabaki zuten.
Orain, berriz, eraso biologikoren baten beldur dira hango agintariak eta prentsan ere kanpaina gogorra egin dute arrisku horren inguruan. Zehatzago esateko, diotenez, beldur dira Irakek baztangaren laginak ote dituen eta arma biologiko gisa erabiliko ote dituen.
Kontua da zentzurik ba ote duen egon ere ez dagoen gaixotasun batetik babesteko jendea txertatzeak. Gainera, horrek badu arriskurik: milioi bat pertsonako bat hil egin daiteke —hau da, populazio osoa txertatuz gero, 300 inguru hil daitezke—; 300.000 txertatutik batek entzefaliak izan ditzake, bereziki haurrek eta adin handiena dutenek eta entzefalien % 15-25 hilgarriak dira eta gainerakoek ondorio larriak izaten dituzte. Azaleko gaitzak dituztenek eta immunitatea eskastua dutenek ere arazoak izan ohi dituzte. Txertoa hartuko luketen milioi bat lagunetik mila inguruk medikuarengana joan beharko luketela ere kalkulatu da eta heren batek lanera edo eskolara ez joateko adinako ondoeza izango lukeela ere bai.
Datu horiek guztiek itxura alarmista dute bai, baina txertatze-kanpaina bera ere ez al da alarmista samarra?
Europan, oraingoz, ez dago horrelako txertatze-kanpainarik egiteko asmorik. Bueno, Erresuma Batuan txertatuko dituzten milatik gora militar eta osagileak alde batera utzita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia