Elhuyar zientziaren komunikazioa

Barroasia

1987/10/01 Aizpurua, Martxel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Komunikabideetara heldu denean, berri hau zerbait arraro eta bitxi bezala eman dute airera. Erleei buruz ezer asko ez dakiena harriturik izango da, noski, erleek gaixotasunak badituztela entzutean.

Erregina.
I.X.I.

Noski, erleak ere jaio, bizi eta hil egiten dira eta hiltzearen arrazoia ez da armiarma edo txoriren batek jan duenarena bakarrik izaten. Ez dute gaixotasun gutxi izaten erleek, akaroek, amebek, bakterioek edo birusek sortuak. Erleek bezalaxe, beste intsektuek ere izango dituzte beren gaixotasunak, baina gure interes ekonomikoak ukitu arte (onerako edo txarrerako) ez dugu ahelgin handirik egingo zeintzuk diren jakiteko.

Barroasia gaixotasun berri bat da gure artean, orain heldu dena edo heltzear dagoena. Berria izateak beldurra sortzen du, ohituta ez gaudelako, eta aurrez ondo informatuak egotea gauza ona genuke, halako esaera hura egia gerta ez dadin: Ez dakiena itsua bezalakoa da.

Nondik datorkigu barroasia

Asiatik Europara, Frantziatik Catalunyara, Catalunyatik Espainiara eta Espainiatik Euskal Herrira. Hona egin duen bidea.

Barroasia sortzen duen akaroa ( Varroa jacobsoni Oud. ) Oudemanns-ek deskribatu zuen lehendabiziko aldiz 1904ean Java irlan bertako Apis cerana erlean aurkituta. Erle horrengan ez zen nonbait hain kaltegarria. Gero 1950.eko hamarkadan Errusian, Japonian eta Txinan gure espezieko Apis mellifica erle arrunta sartu zutenean honengana igaro zen eta horren bidez Europarako bidea hartu zuen.

Europan 1976an detektatu zen Rumania, Jugoslavia eta Alemania Federalean; 1980an Austrian; 1982an Italia eta Frantzian; 1983rako Frantziako Ekialde osoan hedatua zegoen eta laster Ipar-Catalunyaraino heldu zen. Hego-Catalunyara 1985eko abenduan sartu da, Gironara, eta 1986ko abuztuan foko garrantzizkoak agertzen dira Espainian: Toledo, Cuenca, Ciudad Real eta Albaceten; halaber, Valentziako Alacanten. Urrian Almeria, Jaen eta Granadan.

Hain denbora gutxian hain urrun dauden lekuetan agertzearen arrazoia, transhumantzian aurkitu behar da; alegia, gaixotasuna dagoen leku batean denboraldi batean erleak eduki, gaixotasuna harrapatu eta inolako kontrolik gabe beste leku batera eramatearekin sortu dela egoera hau.

Geroztik han eta hemen toki gehiagotan agertu dira erle kutsatuak eta beldurgarri den mapa hau ikus dezakegu gaur egun, nahiz eta Espainiako beste zenbait probintzia gehiago ere markatu beharra izan, ziur aski dagoeneko.

Arabaraino ailegatu da eta Nafarroako hegoaldean ere egotea normalena litzateke; Valentziako erlazainek erromero eta almendrondoetara urtero ekartzen bait dituzte hara.

Nola bizi zen barroa akaroa

Barroa akaro bat da, araknido bat; beraz, armiarmaren klasekoa. Zortzi hanka ditu eta 1.1 x 1.5 mm neurtzen du; marroi-gorriska da. Arrak emeak baino askoz txikiagoak dira eta zuri-horiskak dira.

Barroa erlauntz batera iristen denean, operkulatzeko bi egun falta zaizkion gelaska larbadun batera sartuko da eta operkulatzen dutenean barnean geratuko. Operkulatu eta 60 ordura errungo du bere lehendabiziko arrautza eta ondorengoak 30 orduz behin.

Lehen arrautzetik emea jaioko da, bigarrenetik arra eta ondorengoetatik emeak. Arra, behin kopulatu ondoren, hil egingo da.

Barroaren lau eme, erle-ninfa baten operkuloan.
I.X.I.

Larba edo ninfaren gainean jaio diren akarokume hauek haren hemolinfa edo odola xurgatuz biziko da. Erlamando-habiak nahiago dituzte langileenak baino; erlamandoa handiagoa izanik jan gehiago aurki bait dezakete. Erregina-habian ez da akarorik aurkitzen, infestazioa oso handia ez bada.

Barroa ez da gelaskatik irtengo erle umeak operkulua urratu eta irten arte. Orduan, akaroa irtengo da eta beste erle baten gainera edo operkulatzeko dagoen beste gelaska bateko larba baten gainera joango da.

Behin gelaskatik irten ondoren erle helduei ere erasotzen die, beren goputzean itsatsi eta odola xurgatuz. Akaroaren kolorea eta erlearena oso antzekoak dira eta erlearen sabelaldearen azpikaldean kokatzen denean, lakaina edo segmentuen arteko mintz biguna zulatuz, erabat mimetizatua geratzen da eta zail gertatzen da begiratu batean ikustea.

Infestazioa handia denean, erle helduak oso urduri jartzen dira, bere gorputzetik barroak kendu nahiean. Egoera horretan lana uzten dute eta erlauntzeko dinamika, lana eta antolamendua apurtu egiten dira.

Gaixotasunaren sintomak

Gaixotasun honek jotako erle bati ez zaio begiratu batean inolako gauza nabarmenik sumatzen, gaixotasuna sartu eta beste bi urtean, baina erlauntz barnean indartzen aritzen da eta konturatzen garenerako berandu izan daiteke.

Barroaren eme heldua; 4 hanka-pare dauzka.

Bi urte horiek igaro ondoren honako sintoma hauek ager daitezke:

    Erlea, kolonia osoa, alegia, ahultzen hasten da eta laugarren urterako hil egingo da ziurrenik. Nondik datorkio ahultze hori?
    Barroak erlearen hemolinfa edo odola xurgatzen du eta ahuldadea dakarkio horrek erlari. Euliak ahultzen hasten badira, kolonia osoa ere ahultzen hasten da. Gainera, akaroak egindako zaurietatik beste gaixotasunak sar dakizkioke, egoera txarragotuz.
  • Kutsapena aurrera doan heinean, larba bakoitzari akaro askok erasotzen dio eta ondorioz erle anormalak jaiotzen hasten dira: abdomena txikiagoa dutenak, hegogabeak edo atrofiatuak dituztenak, eta baita hankagabeak ere. Erle anormal hauek atakan agertzen hasten dira; beren lagun sanoek kanporatzen bait dituzte beste zaborrak balira bezala.

Beraz, batetik erleak ahulak daude eta berri gutxiago jaiotzen denez, galtzera dator erlea. Kontu izan behar da, gaixotasunak indar handia hartzen duenean erregina berari ere erasotzen diotela eta arrautzak egiten ere ez diotela bakean uzten.

Sintoma hauei begira egotea, ordea, beranduegi izan daiteke eta diagnostiko goiztiarra egitea da egokiena. Izan ere, erlauntz bateko %20 baino gehiago baldin kutsaturik badago, ez du inongo tratamendutan hasteak merezi eta hobea da sutan erretzea.

Diagnostiko on eta azkarra egiteko lau bide aipatuko ditugu:

    Sartu 100-300 erle hondo zuriko ontzi batean eta ur irakina isuri gainera eta 5-10 minututan astindu; akaroak hondora doaz eta han ikus daitezke.
    Alkoholetan sartu 100-300 erle bizi eta 2-3 minututan astindu ontzia. Sare fin batean iragazi, 2.5 mm-ko sarebegikoan, eta hondo zuriko ontzian behatu iragazkina.
    Paper zuria baselinaz edo, koipeztatu eta erlauntz barnean oinarri edo hondoaren gainean ipini. Ondo itxi zulo eta zirrikitu guztiak eta akarizida batez keaztatu barnetik. Orduerdi bat inguru eduki itxita eta gero paper koipeztatu horri behatu, han barroarik agertzen den ikusteko.
    Bi hilabetez edo, sare batez babesturiko plastikozko orri bat ezarri erlauntz barnean, hondoaren gainean. Neguparteko bi hilabete horietan abarasketatik eroritako zabor artean ikusi beharko litzateke akaroa, erlauntz horretan balego.

Gaixotasunaren kontrako tratamendua

Ez da gauza erraza barroaren kontrako borroka. Batetik, gelaska operkulatuetan babesten delako eta bestetik zenbait tratamenduren aurrean erlea bera galduko litzatekelako.

Erleak.
I.X.I.

Barroa sartu den inongo naziotatik desagertzerik ez da oraindaino lortu, eta urteroko tratamendu baten bidez, indarrik har ez dezan lortzen dute eta horrela, berarekin batera bizitzen ohitu.

Eskualde batean barroa agertu denean tratamendua eskualde hartako denek egitea komeni da. Bestela, batek kentzen duena besteak zabalduko bait du.

    Folbex VA -ren bidez ematen den tratamendua da Espainiako estatuan ontzat emanda dagoen bakarra. Ciba-Geigy-koa da eta bere printzipio aktiboa bromopropilatoa da.
    Taktic, Boehringer Etxekoa, erregistratua dago Espainian behi, txerri eta ahunztaren parasitosien kontra. Printzipio aktiboa amitraza du. Aspalditik erabiltzen da beste nazioetan barroasiaren kontra ere.
    Petricin, Bayer Etxekoa, caumaphos printzipioduna, ondorengo beste biekin batera erabiltzen da Europako beste nazioetan.
    Klartan, flubalinatoa du eta Sandoz Etxeak komertzializatua. Esperimentazioan dago oraindik.
  • Apitol, Ciba-Geigy Etxekoa.

Tratamendua ezti-sasoitik kanpo egin behar da; ahal dela umesabi edo umekaiorik ez den garaian. Akaroa gelaska operkulatuetan ugaltzen dela esan dugu gorago. Gela operkulatuan dagoela tratatzen badugu, guk sartutako produktuak ez dio kalterik egingo. Komeni da barroa guztiak gelaskaz kanpo egotea.

Badira erle-janari bidez akaroarengana iristeko modua egin nahi duten saiakera batzuk ere, alegia, akarizida jarabe batean nahasturik erleari eman eta doala honen odoleraino; Akaroak erleari odola xurgatzen dionean akarizida bereganatzen du akaroak, bertan behera hilez. Erlazainarentzat bide egokia litzateke hau, ke bidez erlea endredatu gabe eta keaztatzeak dituen nekerik gabe.

Nola zabaltzen da barroasia

Barroa erle batetik bestera igarotzeko, gaixorik dagoenarekin kontaktuan egon behar du onik dagoenak, edo bestela erle gaixoa egon den toki berean egotean kutsatu. Barroak ez du hegan egiten eta oinez bakarrik igarotzen da alde batetik bestera.

Berez, 3-5 km/urteko hedapena lor dezake barroasiak, erle gaixoek edo erlakumeek eramanda. Bestela esaten bada ere, erlauntz bateko erle asko galtzen da eta deskuidaturik beste batean sartzen; Beren gorputzean akarorik balute, beste erlauntz berrian ugalduko litzateke.

Baina arrazoia berezko zabalkunde hau bakarrik balitz, lasai egon gintezkeen urte askotan; oraindik Alemaniara iritsi gabe egongo bait zatekeen, agian. Gizakiak zabaldu du, ordea, erleak handik hona eraman eta ekarriz. Transhumantzia da, hitz batean, hedapen bizkor honen arrazoia.

Prebentzioa

Oraindik barroa ez dugun eskualdetan sar ez dadin, aitzineurri batzuk hartu behar dira. Hona hemen batzuk:

    Ez da barroasia deklaratua dagoen inolako tokitatik erlerik, ez materialik, ez erle-produkturik ekarriko kontrol gogorrak ezarri gabe.
    Transhumantzia eginez, gure eskualdera datozenei sanitate-gida eskatu behar zaie. Erlazain-Elkarteak ere interesatuak dira kanpaina horretan eta arau hori betetzen ez duen oro salatu egin beharko lukete.
    Urtero erlazain guztiok geure erleen azterketa eskatu behar diogu Administrazioari, eta gaixorik aurkituz gero tratamendua egitea. Erleak sano edukitzeaz ez du erlazainak bakarrik arduratu behar; zeharbidez erleak nekazaritza osoari dakarkion mesedea erlazantzaz gainekoa bait da.
  • Administrazioarekin jarraituz, bakoitzari dagokion menpe-barrutian dauden erle guztien erregistroa egin beharko du lehenbaitlehen. Halaber, erlauntz zahar eta antigualekoak kendu eta modernoetan ezartzeko erraztasunak eta laguntzak eman; haietan ezinezkoa bait da detekzio-kanpainak egitea.

Zentzu horretan gure Diputazioak hasi dira detekzio-kanpaina batzuk egiten, baina urrun gaude oraindik gure probintzietako benetako egoera ezagutzetik. Diru eta giza baliabide gehiago behar du kanpaina honek, euriak presa egiteko dugula harrapa ez gaitzan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia