}

Barra-kodea

1996/04/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dendara eguneroko erosketak egitera joan eta dendariak produktua eskuan hartu, bertan itsatsia duen prezioa begiratu eta diru-kaxan prezioa nola apuntatzen duen ikustera ohituta gaude. Azken urteotan aldiz, erosketak supermerkatuetan egiteko joera gero eta handiagoa da. Horietan, prezioaren ordez, produktuari itsatsita marra zuri eta beltz bertikalak daude. Agidanez, informazio asko dago marra horietan, hau da, barra-kodean.

EAN izeneko barra-kodea ( European Article Numbering ) 1977an ezagutzera eman bazen ere, dendatan 1982an hasi zen erabiltzen eta gaur egun, berrogeita hamarren bat herrialdetan dago hedatua.

Salneurria jakiteko produktuek marra zuri-beltzez osatutako barra-kodea daramatela ikusi ohi dugu supermerkatuetan. Alabaina, marra-segida hori ikusiagatik erosleok ez dugu produktuaren prezioa jakiterik izaten. Egitekotan ere, supermerkatuko arduradunari galdetu beharko genioke eta berak orain azalduko dugun prozesua egingo du salneurria jakin ahal izateko.

EAN izeneko barra-kodea 1977an ezagutzera eman bazen ere, dendatan 1982an hasi zen erabiltzen eta gaur egun, berrogeita hamarren bat herrialdetan dago hedatua.

Lau zatitan banatuko dugu barra-kodearen bidezko kontrol-sistema: lehenik, aipatu berri dugun bezala, produktuan bertan idatzita ikus ditzakegun marra zuri eta beltzezko sekuentzia dugu; bigarrenik, ordain-tokian laser-izpiak barra-koderantz bidaltzen dituen eskanerra dago; hirugarrenik, barra-kodean isladatu diren izpiak jasoko dituen detektagailua dugu eta azkenik, detektagailuak eskuratu duen informazioa sailkatu eta prozesatuko duen ordenadorea.

Askotan ikusi dugu supermerkatuko kutxazaina produktuak banan-banan mahaitxo batean pasatzen. Mahaitxo hori jakina, ez da edonolakoa. Mahaian leihotxo garden bat dago eta horrexen gainetik pasarazten du produktua. Hortxe hasten da arestian aipatu dugun prozesua. Izan ere, supermerkatuetan, erositako produktu guztiak pasarazten dizkiguten mahaiaren azpian disko gogorraren tankerako laser-bidezko eskanerra dago.

Laserrak izpi infragorriak bidaltzen ditu eta izpi horiek ispilu zilarreztatu batean jotzen dute. Guk ikusten dugun leihotxo garden horren azpian biraka ari den disko bat egoten da. Ispiluan jo duten izpi infragorriek disko horretatik gorantz egiten dute eta produktuaren barra-kodea arakatzen hasten dira. Disko birakariari esker, produktuaren barra-kodea edozein angelutik irakur dezakete laser-izpiek. Horrek kutxazainari lana errazten dio, ez baitu produktuak barra-kodea duen aldea aurkitu eta leihotxoari begira jarri beharrik.

Barra-kodea irakurri ondoren, laser-izpi horiek isladatu egiten dira. Isladatutako izpiak diskoa eta ispilua zeharkatuta detektagailura doaz eta bertantxe izpiak seinale elektriko bihurtzen ditu. Hurrengo urratsa kode bitarrera bihurtu den seinale elektriko hori ordenadorera igortzea da. Orduan, kode bitarrean jasotako informazioa deskodetu egingo du ordenadoreak eta bere memorian produktuaren prezioa aurkituko du. Prozesu hori guztia nahikoa azkar egiten da gaur egun. Produktua mahaian pasa eta berehala irakurri ahal izango du kutxazainak ordenadore-pantailan salneurria.

Azaldu dugu beraz, barra-kodearen funtzionamendu orokorra, baina jakin dezagun zehatzago, barra-kodeak zenbat zati dituen. Esan dugu lehenago ere laser izpiek barra kodea arakatzen dutela, azken batean marra zuri-beltz horietan baitago produktuari buruzko informazioa. Hori horrela izanik, marra beltzak eta zuriguneak ez daude edozein modura antolatuta; ohartzen bagara, marra beltzek zabalera desberdinak dituzte eta zuriguneek ere bai, estuago eta zabalago dira produktu desberdinetan. Marra-segidaren osaketak zehazten du bada, bertan gordetzen den informazioa. Barra-kodearen zabalera 0,26 eta 0,66 milimetro bitartekoa izaten da eta produktuaren tamainaren arabera alda daiteke tarte hori.

Marra beltz eta zuriguneen segida hiru zati ondo bereziek osatzen dute. Lehen marra multzoak produktua zein herrialdetan ekoiztu den esaten digu; bigarren zatiak produktua egiten duen enpresaren informazioa darama eta hirugarrenak berriz, produktua bera identifikatzen du. Marra beltzek ia erabat zurgatzen dute laser-izpien argia eta beraz, isladatzen duten argi-kantitatea oso txikia da. Zuriguneek aldiz, argi asko isladatzen dute eta seinale indartsu hori detektagailura bideratzen da. Detektagailuak beraz, herrialde, ekoizle eta produktu desberdin bakoitzeko argi-kantitate edo seinale desberdinak jasotzen ditu. Ondoren, ordenadoreak hiru datuok jakinik, bere memorian produktuaren prezioa aurkituko du.

Ikus dezakegunez, asmakuntza horrek zerbitzu azkarra eta akatsik gabea eskaintzen dio bezeroari. Zalantzarik gabe, supermerkatuentzat ere, onuragarria izan da sistema berria. Supermerkatuko langileak zehatz-mehatz eskura dezake salmentei buruzko informazioa eta baita biltegian dituen produktuen berri ere. Gainera, produkturen bat agortzeko zorian dagoenean, automatikoki egingo du eskaera ordenadoreak. Produktu bakoitzak duen eskariari buruzko informazioa emateko gai ere bada ordenadorea.

Hutsaren hurrengo aurkikuntza dirudien arren, aurrerapen itzela da barra-kodea, zenbait zerbitzutarako bederen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia