}

Bakterioa ala kameleoia?

2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bakterioek barneko egiturak pareta berezi baten bidez babesten dituzte, eta pareta horren osagaiek baldintzatzen dute bakterio bakoitzaren portaera. Adibidez, antibiotikoekiko erresistentzia, sistema immunologikoaren erasoekiko sentiberatasuna edo jasan ditzaketen gehieneko tenperatura, presioa eta azidotasuna.

Beraz, oso interesgarria izango litzateke pareta horren egitura kontrolatzea. Japoniako ikertzaileek pauso bat eman dute bide horretan. Fluoreszina molekulak txertatu dizkiete E. coli bakterioek paretak eraikitzeko erabiltzen dituzten molekulei, eta kultiboan ipini dituzte. Emaitza: estalki fluoreszenteko bakterio osasuntsuak. Aplikazioei begira, ikertzaileek uste dute kolore desberdinetako estalkien bidez bakterioak bereizteko metodo bat gara dezaketela, baina adibide gehiago ere eman dituzte.

Esaterako, bakterioek botika berriak probatzeko balio dezakete gizakien zelulen antza duten estalkiak ipiniz gero, edo patogenoz mozorrotuta txertoetan erabil daitezke. Ikerketa Journal of the American Chemical Society aldizkarian argitaratu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia