}

Araztegietako lohiak garbitzen

2003/05/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hondakinen tratamendua amaigabeko eztabaiden sortzaile izaten da; hondakinak non bota behar dira? Zabortegiak non eraiki behar dira? Hondakinak tratatzeko metodo bat edo bestea erabili behar da?

Horregatik, egun, lehentasunak ezartzen dira hondakinen kudeaketan. Hasteko, hondakin gutxiago sortu behar da eta, ondoren, hondakin horiek berrerabili eta birziklatu egin behar dira. Azkenik, aurreko pauso guztiak egiteko aukerarik ez dagoenean, hondakinetatik lehengaiak eta energia eskuratu eta deuseztatu egin behar dira.

Pauso horiek guztiak eman behar direnez, hondakinak besterik gabe botatzea zigortuta dago; izan ere, horrela, hondakinek dituzten baliabideak alperrik galtzen dira.

Hain zuzen ere, hirietako, nekazaritzako eta industriako hondakin gehienetan materia organikoa, ura eta bestelako baliabideak daude. Baliabide horietatik, hainbat metodo erabilita, energia eskura daiteke: adibidez, energia elektrikoa materia organikotik. Horretarako, besteak beste, pirolisia, errausketa eta gasifikazioa erabiltzen dira.

Pirolisia materia organikoaren deskonposizio termikoa da, oxigenorik gabeko ingurune batean egiten den deskonposizioa. Errausketa, berriz, hondakinak tenperatura altuetan erabat oxidatzeari deritzo. Azkenik, gasifikazioan, erregai solidoak edo likidoak gas-erregai bihurtzen dira; hau da, solido- edo likido-egoeran dagoen erregai bat gas bihurtzen da.

Araztegietako lohiak gasifikatzen

INASMET zentro teknologikoa, hain zuzen ere, gasifikazio-prototipoak garatzen ari da. Kasu honetan, araztegietako lohiak tratatzeko prototipoak izango dira; baina, hala ere, teknologia hori erabilgarria da beste hainbat hondakin-mota tratatzeko ere.

Araztegietako lohien gasifikazioa aukeratzeak badu bere zergatia. Izan ere, Europako legedi berriaren arabera, 5.000 biztanletik gora dituzten herri guztiek ur-araztegiak izan beharko dituzte epe laburrean edo, bestela, gertuko herriren batean beren urak garbitu beharko dituzte. Gipuzkoan bertan, legedi hori dela eta, instalazio berriak irekitzeko asmoa dago eta, horren ondorioz, lohi-kantitatea asko handituko dela aurreikusten da. Izan ere, ur-araztegi gehiago badaude lohi gehiago sortuko da.

Araztegietako lohien gasifikazioa egin ondoren gelditzen diren hautsak errepideetan bete-lanak egiteko erabil daitezke.

Horrek beste ondorio bat eragiten du: lohi horiek tratatu egin beharko dira. Legedi berriak, ordea, lohien ur-kantitatea eta materia organikoaren kantitatea ere mugatu egiten ditu, araztegietan sortzen diren arazoengatik batez ere. Horregatik, lohiak tratatzean garrantzitsua da haiek duten uraren zatirik handiena kentzea eta, bestalde, lohietan dagoen materia organikoa birziklatzea. Beraz, herrietan ezarri beharreko ur-araztegiek, lohiak tratatzeko garaian, neurri horiek guztiak hartu beharko dituzte kontuan.

Lohiak lehortzea eta gasifikazioa

Lohien zatirik handiena ura izaten da, % 90-95, hain zuzen ere. Egun, araztegi guztietan ur hori kentzeko tratamendu mekanikoak erabiltzen dira, baina emaitzak ez dira nahi bezain onak. Hori dela eta, sistema horien ordez tratamendu termikoko sistemak ezartzeko plan bat jarri dute abian. Plan berriarekin, tratamendu mekanikoak alde batera utzi eta beroa erabiltzen duten lehortze-sistemak ezarriko dira. Horrela, lohietatik ur gehiago kendu eta soilik % 15-20 ur duen hondakin solidoa lortuko da.

Lohiak ahalik eta gehien lehortu ondoren, gasifikazio-prozesuan sartzen dira, ohantze fluidizatuzko Inasmeteko prototipoan, esaterako. Bertan, lohiak, pixkanaka, 800-900 ºC-tan bor-borka ari den hondarrezko ohe batean sartzen dira. Hondarrezko ohe horrek metro beteko altuera du eta bertatik pasatzen den airearen eraginez egiten du bor-bor.

INASMET

Hain zuzen ere, tenperatura altuak eta airea dira lohiek duten materia organikoa eta ura lurruntzen dituztenak, eta, ondorioz, gasifikazioa eragiten dutenak. Gainera, une oro, ganbaran dagoen oxigeno-kantitatea kontrolatzen da errekuntzarik ez gertatzeko.

Gasifikazioaren ondorioz, karbono monoxidoa eta hidrogenoa lortzen dira gehienbat, baina, gas horietaz gain, karbono dioxidoa, metanoa eta ur-lurruna ere eskuratzen dira. Guztiek erretzeko egokia den gas-multzo bat osatzen dute eta, hain zuzen ere, gas-multzo hori oso erabilgarria da energia eskuratzeko, beroa edo energia elektrikoa.

Horixe da gasifikazioak eskaintzen duen beste aukera bat: lohiak tratatzeaz gain, energetikoki ustiagarria den lehengaia ekoizten du. Gainera, beste zenbait prozesu ezarriz gero, gasifikaziotik purutasun handiko hidrogenoa lor daiteke eta hori, gero, erregai-pilak ekoizteko erabil daiteke. Bestalde, ez da ahaztu behar araztegietan ezarriko diren tratamendu termikoko sistemek energia elektrikoaren kontsumoa handituko dutela, eta energia hori gasifikazio-instalazioetatik eskuratzen bada, araztegiaren energia-balantzea orekatu egingo dela.

www.basqueresearch.com

Gasifikazio-prozesuak

Gasifikazio-teknologiak, oraindik orain, garatze-bidean daude; hondakinaren arabera, metodo bat edo bestea erabiltzen da.

Teknologiari dagokionez, ordea, bi gasifikazio-metodo nagusi daudela esan daiteke: ohantze finkokoak eta ohantze fluidizatukoak.

Ohantzea gasifikazioa gertatzen den ohea edo oinarria da; beraz, ohe finkoa dutenak eta ohe fluidizatuak dituztenak daude. Ohantze finkoko gasifikazioak aplikazio termikoetarako erabiltzen dira, hau da, beroa sortzeko. Izan ere, mota horretako gasifikazioetan zaila izaten da prozesuaren amaieran gas garbiak lortzea. Ohantze fluidizatua, berriz, gehienetan elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Horrelakoa da INASMETen garatzen ari diren prototipoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia