}

Amaren esnea hiesaren aurka

2005/11/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Amaren esnean dagoen konposatu batek hiesa kutsatzea eragozten du, neurri batean behintzat. Hori adierazi du Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek, laborategiko probetan oinarrituta.
Amaren esneak infekzioetatik babesten duten eragileak ditu.

Ikertzaileek lehendik ere bazekiten amaren esneak birusen eta bakterioen aurkako konposatuak dituela. Esaterako, jakina da amak antigorputzak transmititzen dizkiola umeari esnearen bidez. Hala ere, hiesaren birusak, hainbat mekanismoaren bidez, ihes egitea lortzen du.

Orain aurkitu duten molekula, ordea, benetan eraginkorra dela ikusi dute, infekzioa eragozten duela frogatu baitute laborategian. Lewis X deitu diote molekulari, eta gluzido bat da. Gainera, esnean ez ezik, listuan eta odolean ere badago, esnean baino kontzentrazio txikiagoan.

Baina, UNICEF erakundearen arabera, urtean berrehun mila haur infektatzen dira hiesaz amaren esnearen bitartez. Horregatik, Munduko Osasun Erakundeak titia ez ematea gomendatzen die hiesa duten amei. Hori jakinda, galdera sortzen da: nola liteke edoskitzean kutsatzea, esneak berak infekzioa eragozten duen gai bat badu?

Laborategian frogatu dute molekularen eragin babeslea Amsterdamgo Unibertsitatean.

Ikertzaileen ustez, Lewis X osagaia ez balu, askoz ume gehiago kutsatuko lirateke amaren esnea hartuta. Hain zuen ere, bi urtez titia hartuta, ama seropositiboa duten haurren % 10-20k bakarrik hartzen dute birusa. Eta ikertzaileek susmatzen dute askoz gehiago izango liratekeela esneak Lewis X eta beste konposatu babesleak izango ez balitu.

Dena dela, horrek ez du esan nahi ona denik ama seropositiboek titia ematea haurrei; aitzitik, orain arte bezala, ama seropositiboei esne maternizatua emateko gomendatzen diete osasun-arduradunek.

Oztopatzaile eraginkorra

Amaren esnean Lewis X molekula egotea nahikoa ez den arren hiesetik babesteko, laborategian infekzioa oztopatzeko eraginkorra dela ikusi dute Amsterdamgo ikertzaileek. Halaber, aztertu dute nola lortzen duen eragin hori. Nonbait, hiesaren birusak infektatzen dituen zeluletan sartzeko erabiltzen duen estrategian dago gakoa.

Hiesaren birusak immunitate-sistemaren zelula batzuk infektatzen ditu: CD4 T zelulak. Zelulen barrura sartu, han ugaldu eta suntsitu egiten ditu gero. Ondorioz, organismoa babesik gabe gelditzen da patogenoen aurka, CD4 T zelulak funtsezkoak baitira immunitate-sisteman.

Hiesaren birusa zelula dendritikoei lotuta sartzen da infektatzen dituen zeluletara.

Alderdi asko argitzeko badaude ere, ikertzaileen ustez, beste zelula batzuetara lotuta sartzen da birusa CD4 T zeluletara. Zelula horiek ere immunitate-sistemarenak dira, eta zelula dendritiko izena dute. Kontua da zelula horietara lotzen dela Lewis X molekula ere, eta, orduan, hiesaren birusak ez dauka tokirik. Hortaz, ezinezkoa zaio CD4 T zelulara sartzea.

Zelula dendritikoak, gainera, amigdalan egoten dira batez ere; ondorioz, oso erraza da Lewis X molekulak horietara lotzea haurra esnea hartzen ari denean. Nolabait esateko, Lewis X molekulek taxilaririk gabe uzten dute hiesaren birusa, eta, hala, ezin du infektatzen dituen zeluletara sartu.

Lehenengo pausoak

Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaileek aitortu dutenez, ikerketa hastapenetan dago. Azken helburua da Lewis X mikrobiziden osagai bihur ote daitekeen probatzea.

Mikrobizidak koitoan erabiltzen dira, baginan emanda, kutsatzea galarazteko. Kondoia erabili nahi ez den kasuetan erabiltzen dira mikrobizidak, edo baita kondoiarekin batera ere, kutsatzeko arriskua are gehiago gutxitzeko. Ikertzaileen iritziz, litekeena da mikrobiziden osagai aproposa izatea Lewis X. Hala bada, berriro ere esango dute bularreko esneak ez duela parekorik!

7K-n argitaratua.