}

Alzheimer gaixotasuna garaiz diagnostikatzeko urratsa

2002/01/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Garuna tomografiaz aztertzeko balio duen substantzia bat prestatu dute zientzialariek.

Gaixotasun neurodegeneratiboek urte asko behar izaten dituzte sintomak garatzeko. Hori dela eta, medikuak diagnostikatzen duenerako gehienetan gaixotasuna larria da. Alzheimer gaixotasuna horietako bat da; litekeena da gaixoak lehen hamabost urteetan sintomarik ez nabaritzea.

Gaur egun Alzheimer gaixotasunak ez du tratamendu eraginkorrik, baina garatzen hasten denean detektatu ahal izanez gero, egoera hori alda liteke. Kontuan hartu behar da garrantzi handiko gaixotasuna dela herri aberatsetan, esaten denaren arabera, herri horietan 65 urtetik gorako hamar pertsonatik batek garatu duelako.

Hala ere, herri aberatsetako gaixotasuna denez, ikerketa oso azkar doa. Hamar-hamabost urteko epean sendagaia aurkituko dela esan ohi da, eta argi dago sendagai horren patentea lortzen duen enpresak diru asko irabaziko duela.

Pertsona osasuntsu baten garuna (ezkerrean) eta Alzheimer gaixotasuna duen beste batena (eskuinean).

Esan bezala, une honetan ikerketaren gakoa gaixotasuna lehen urratsetan diagnostikatzeko metodoaren beharra da. Helburu horrekin egindako proiektu baten berri eman du Journal of Geriatric Psichiatry aldizkariak. Jorge R. Barrio eta Gary Small UCLA unibertsitateko doktoreek garuneko positroien igorpen-tomografian markadore izan daitekeen konposatu kimiko bat prestatu dute. Substantzia hori, FDDNP izenekoa, gaixotasunak hondatutako garunaren guneetan metatzen da. Horrela, gune horiek tomografiaren bitartez detekta daitezke, nahiz eta txikiak izan eta sintomarik eragin ez.

Gaixotasuna garaiz detektatuz gero, degenerazioa moteltzeko tratamendua egin dezake pazienteak. Agian, etorkizunean diagnosi goiztiarrerako metodo hori ohiko azterketa medikuen parte izango da. Oraingoz, Barrio eta Small ikertzaileen hurrengo helburua metodologia hori botika terapeutikoen jarraipena egiteko egokitzea izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia