Elhuyar zientziaren komunikazioa

Agenda 21: herriek salbatuko dute mundua

2003/11/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Agenda 21 garapen jasangarria errazteko dokumentu gisa jaio zen, 1992an Rion egindako gailurrean. Izan ere, garapen jasangarriaz hitz egiten urteak eman arren, ez zegoen kontzeptua praktikara nola eraman zehatz azaltzen zuen lanik. Bada, helburu horrekin jaio zen Agenda 21.

Jasangarritasunaren oinarriak beretzat hartu zituen Agenda 21en dokumentuak. Hala, bi printzipio nagusi ditu: alde batetik, ingurumena, ekonomia eta gizartea uztartu beharra, eta, bestetik, tokiko jasangarritasunaren bidez lor daitekeela jasangarritasun globala.

Uztarri berean hiru buru

Ingurumenak, ekonomiak eta gizarteak sistema integratua osatzen dute toki guztietan. Ekonomiaren garapenak baliabide naturalen beharra du eta, ondorioz, ingurumenari eragiten dio. Bestalde, biztanleen beharrak asetzea du helburu jarduera ekonomikoak, eta horren gorabeherek eragin zuzena daukate gizartearen bizi-kalitatean. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da hiru alor horiek uztartu eta bakarra balira legez tratatzea.

Etorkizuneko belaunaldiek ere badute eskubidea geuk jaso ditugun ondare naturala eta kulturala ezagutzeko. (Argazkiak: N. Rementeria).

Beraz, Agenda 21 ingurumenaren aldetik soilik ikustea hankamotz geratzea da. Programaren lorpen handienetako bat ekonomia- eta gizarte-gaiak ingurumenarekin zuzenki lotuta daudela aitortzea da; horregatik, hiru dimentsio horiek hartu behar dira kontuan edozein plangintza eratzerakoan.

Gizarte-mailan, berdintasuna da helburu nagusia, baina, herri bakoitzeko gizartearen egoera eta izaera bereziak izanik, ekintza desberdinak bultzatzen dira berdintasuna lortzeko. Dena dela, funtsezkoena gizartearen oinarrizko beharrak asetzea da, baina zaila da oinarrizko behar horiek zeintzuk diren zehazten; ez dirudi herri aberatsen oinarrizko beharrak eta herri pobreenak berdinak direnik.

Horretaz gain, kontuan izan behar da Agenda 21en helburua munduko jasangarritasuna dela. Hori dela eta, ez da onartzen munduko gainerako biztanleei kalte egin diezaiekeen programarik, nahiz eta tokiko biztanleentzat oso onuragarria izan. Hala, tokian tokiko ekonomia bultzatzea, ezkutuko ekonomia eragoztea eta langileen eskubideak bermatzea komeni da, besteak beste.

Jarduera ekonomikoari dagokionez, dibertsifikatzeak egonkortasuna ematen duela ikusi da, krisi-garaian batez ere. Horregatik, sektore guztiak bultzatzea komeni da.

Bestalde, produktuak ematen duten zerbitzuaren arabera baloratzea ere garrantzizkoa da, izan ere, lehengai gutxiagorekin denbora gehiago irauten duten produktuak ekoitzita baliabide naturalek ez lukete hain presio handia nozituko.

Herri bakoitza jasangarri eginez lortu nahi da mundu jasangarriagoa. (Argazkia: G. Roa).

Baliabide naturalen ustiapena mugatzea beharrezkoa da ingurumena babesteko, baina ez tokikoa bakarrik, bertakoa babesteko kanpoko baliabide naturalak erabiltzen badira ez baitzaio inongo mesederik egiten munduko ingurumenari. Horregatik, mundu mailan, indar berezia ematen zaio ingurumen-hezkuntzari eta natura errespetatzeari.

Beraz, jasangarritasun globala lortzeko tokiko jasangarritasuna bilatu behar dela aldarrikatzen du dokumentuak, munduko herri guztiak jasangarri izanik bakarrik lor daitekeela mundua jasangarria izatea. Azken finean, arazo globalak tokian tokiko arazoak ere badira, eta alderantziz. Horregatik erabiltzen da goiburu gisa “pentsatu orokorrean, jardun tokian”.

Agenda 21en jaiotza

Ingurumenari eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentzia Rio de Janeiron antolatu zen 1992an. Agenda 21 konferentziaren ondoren kaleratutako dokumentu nagusietako bat izan zen; eta, besteak beste, garapen jasangarrirako bidean hainbat eragileren eginkizuna zein zen zehazten zuen.

Agenda 21en aipatzen diren eragileetako batzuk lanerako prest agertu ziren berehala: udalerrietako agintariak ziren. Munduko ingurumenaren alde udalerriek egin zezakeen lana aintzat hartu zuten, eta, hala, Tokiko Agenda 21 (TA21) sortu zen.

Agenda 21 garatzeko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Izan ere, nork ezagutzen du herria bertako biztanleek baino hobeto?

Stefan Kuhn Europako Tokiko Agenda 21 Programaren zuzendaria da ICLEIn (Garapen Jasangarriaren Ezarpenerako Tokiko Gobernuen Europako Idazkaritza). Haren esanean 90eko hamarkadaren hasieran, tokiko agintariak ingurumenaren babesean izan zezaketen botereaz ohartzen hasiak ziren, “eta gustura hartu zuten TA21ak eratzeko agindua”. Izan ere, Agenda 21en dokumentuak dei egiten zien tokiko gobernuei haren jarraibideak bere egin zitzaten.

Gobernu-maila guztietan

Beste eragile batzuk ere aipatzen ditu dokumentuak, nazio-mailako agintariak kasu, baina, horiek ez zuten hain gogotsu hartu Agenda 21ak eratzeko deia. Stefan Kuhnen ustez, gobernu nazionalak zituzten mugez ohartu ziren orduan, baina baita tokiko gobernuekin lan egiteak eskaintzen zizkien aukerez ere.

Dena dela, koherentzia minimo bat nahi bada, gobernu nazional bakoitzak ere bere Agenda 21 izan beharko luke. “Gobernu-maila guztietan ezarri behar da, aldi berean gainera. Baina maila bakoitzerako formarik egokiena bilatu behar da”.

Kuhn jaunaren iritziz udalerriak baino goragoko gobernu-mailetan Agenda 21 ezartzeko trabarik handiena da jendearen parte-hartzea bermatzea ia ezinezkoa dela. Izan ere, ahots guztiek lekua izatea du helburu Agenda 21ek; horregatik, partaidetzak garrantzi berezia du prozesu osoan zehar.

Dena dela, “badira garapen jasangarria bilatzen duten eskualde-mailako estrategiak, esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegokoa, Bavariakoa, Erresuma Batuko zenbait eskualdetakoak... Eta baita nazio-mailako jasangarritasuna bilatzen dutenak ere, Australia, Alemania edo Holandakoa kasu”.

Garapena eta jasangarritasuna elkarren etsai?

Garapen jasangarriaren definiziorik ezagunena 1987an eman zuen Brundtland komisioak. Definizio horren arabera, garapen jasangarria da “gaur egungo beharrizanak asetzen dituena, etorkizuneko belaunaldien beharrizanak asetzeko gaitasuna kolokan jarri gabe”. Txosten horretan bertan, ingurumenaren babesa, gizartearen garapena eta hazkunde ekonomikoa gai bakartzat hartzea eskatzen zen.

Baina ez da batere kontzeptu erraza barneratzeko; izan ere, gaur egungo bizimoduan termino kontrajarriak dirudite garapenak eta jasangarritasunak. Garapena hazkundearen sinonimotzat hartzen dugu, eta ekonomiaren helburua mugarik gabeko hazkuntza da. Hazkuntzak, ordea, behar-beharrezko ditu baliabide naturalak, eta horiek mugatuak dira. Horregatik, garapen jasangarria zer den ulertzeko, ezinbestekoa da garapena eta hazkundea bereiztea.

Azken batean, garapena bizi-kalitatea hobetzearekin lotzen da, baina baliabide naturalak ahalik eta gutxien hondatuz.


Nolakoa nahi duzu izatea zure herria?

Nork ezagutzen du udalerria bertako herritarrek baino hobeto? Inork ez, argi dago. Horregatik da hain garrantzitsua haien iritzia aintzat hartzea; bai herriaren egoeraren diagnosia egiterakoan, bai egin beharreko ekintzak aukeratzeko orduan.

Tokiko biztanleek erabaki behar dute nolako etorkizuna nahi duten. Eta, zenbaitetan, hartutako erabakiak ez dira politikarien nahiekin bat etortzen. Baina, Tokiko Agenda 21 ezartzeko konpromisoa hartuz gero, prozesuan zehar hartutako erabakiak betetzeko ardura ere badute agintariek.

Kontu handia izan behar da, eta foroetan hartutako erabakiak bete; bestela, parte-hartzaileek motibazioa galtzen dute. Nork jarraituko du foroetara joaten adostutako ekintzak gauzatzen ez badira?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia