}

Agenda 21, Euskal Herrian ere martxan

2003/11/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia | Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez da nazioarteko goi-bilera batean sinatutako paper-multzoa bakarrik. Agenda 21 programa herriz herri zabaldu da, eta hona ere etorri behar zuen. Baina ez da leku guztietan berdin jasotzen den plana. Kasu askotan, Agenda 21 programa ez da martxan jarri beharreko ezer, lehendik martxan zegoena sustatzeko eta indartzeko proiektua da. Beste kasu batzuetan, jasangarritasunaren ideia berri eta ezezagunari erantzuteko aukera modernoa da.
Denon esku dago Agenda 21 programa garatzea Euskal Herrian. (Argazkia: G. Roa).

Agenda 21 inplementatzen hasi den udalerri bakoitzean proiektuak esanahi ezberdina du, tokian tokiko baliabideak eta mugak kontuan hartuta. Eta hala izan behar du, munduan ez baitaude arazo berberak dituzten bi udal.

Agenda 21 programaren hiru oinarriak ingurumenaren integrazioa, herritarren parte-hartzea eta prozesuaren jarraipena direnez, gobernuek hirurei erantzuteko moduko prozedurak antolatu dituzte. Herritarren parte-hartzea jo dute garrantzitsutzat, demokraziaren ekintza berezia baita ezaugarri hori; ohiko ordezkari politikoek erabaki guztiak hartu ordez, Agenda 21 programak herritar guztien inplikazio-maila bat izatea proposatzen du parte-hartzearen bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegoan

Hirigintza programaren esparru garrantzitsua da gure herrietan. (Argazkiak: G. Roa eta N. Rementeria).

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, gehienbat Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak bultzatu du programa, betiere, aspalditik lanean ari ziren erakundeekin eta udalerri bakoitzean parte nahi izan duten guztiekin batera.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Agenda 21 programa ez da leku guztietan batera martxan jarri. Eusko Jaurlaritzaren estrategia izan da hasieran udalerri batzuekin saioak egitea, eta, gero, udal horietako eskarmentuarekin, beste batzuetara zabaltzea. Bigarren urrats horretan parte hartzen dutenak eskualde bereko udal-taldeetan daude antolatuta.

Lehen urratsa udalerri gutxi batzuekin hasi zen; udal horiek Agenda 21 programatik kanpoko hainbat proiektu garatzen ari ziren jasangarritasunaren, edo, gutxienez, ingurumena babestearen ildotik; beraz, kasu batzuetan, proiektu 'zaharrak' programa berriari egokitu besterik ez zuten egin behar izan prozesuarekin hasteko.

Ofizialki, lehendabiziko saioak egin dituzten udalak Udalsarea 21 izeneko sareko kideak dira. Guztira hamasei udalerrik osatzen dute talde hori: hiru Araban, zortzi Gipuzkoan eta bost Bizkaian. 2002ko abenduan sortu zuten, Gasteizen egindako ekitaldi batean.

Hamasei herri horietako eskarmentua jaso ondoren, beste toki batzuetan ere jarri zen martxan Agenda 21 programa. Kasu horretan, taldekako antolamenduaren eskutik, beste askok hartu zuten parte programan. Beraz, abiapuntu ezberdina izateagatik, udal-talde horien estrategia ezberdina zen aurrekoenaren aldean. Eskualdeka bildu ziren taldeak plana elkarrekin garatzeko, eta geroztik horrela ari dira lanean.

Herri bakoitzak bere ezaugarrietatik abiatu behar du Agenda 21 programan. (Argazkia: G. Roa).

Alde batetik, inguru bateko herri guztiek egin behar diete aurre lurralde horrekin zerikusia duten arazoei, eta, beraz, taldean diagnostika eta trata daitezke arazo horiek. Horrez gain, taldeak babes ekonomikoa eta baliabide batzuk eskain diezazkieke kide guztiei, eta, modu horretan, udalerri txikienek ere har dezakete parte eskualde horretako proiektu guztietan.

Hainbat herri bildu ditu taldeetan ideia horrek, eta Agenda 21 programaren lehen urratsei ekin diete. Bestalde, talde guztiak Udaltalde 21 izeneko bigarren sare batean bildu dira jasangarritasunaren bidea jorratzeko.

Dagoeneko, hamar talde hasi dira lanean Udaltalde 21 sarean, sei Bizkaian eta lau Gipuzkoan. Talde batean herri oso ezberdinak egon arren, eskualde osoak jasotzen ditu elkartearen abantailak.

Udalsarea 21 eta Udaltalde 21 elkarteen eskutik, Tokiko Agenda 21en plangintza udalerri askotan egin da. Dena dela, bidea hasi besterik ez dute egin, kasu gehienetan diagnostikoa egiten ari baitira edo lehen urratsetan baitaude. Ez da lan erraza, jasangarritasuna ez baita ingurumenaren zaintza bakarrik; horrez gain, esparru asko aztertu behar dira toki bakoitzean, ekonomikoki garrantzia dutenak barne. Gainera, plana hasi ez duten udalerri asko daude. Falta direnak pixkanaka bat daitezen, bidea erraztu behar da, eta horretarako denbora behar da.

Baliabide naturalak ondo ustiatzea da hainbat herritako lehentasuna. (Argazkia: G. Roa).

Dena dela, helburua oso zabala den arren, jasangarritasuna arloz arlo azter dezakete udalek; horretarako, oraingo egoeran garrantzitsuentzat jotzen diren arloak lantzen hasi dira. Hortik aurrera, programa zabaltzen joango dira denborarekin.

Nafarroan

Nafarroan aspaldi hasi ziren Agenda 21 programa aplikatzen. Izan ere, Nafarroako Gobernuak 1998an onartu zuen jasangarritasunaren ildotik helburu berritzaileak ezar zitezkeela, eta lanari ekin zioten udalerri askotan.

Garraio publikoak ere toki berezia izandu Agenda 21 programan. (Argazkia: N. Rementeria).

Gobernuak erabaki hori hartu baino lau urte lehenago, 1994an, Europako udal askok sinatu zuten Aalborg-eko Gutuna, hiriak jasangarri bilakatzeko estrategia zehazten duen ituna. Sinatzaileen artean, Nafarroako 50 udalerri baino gehiago eta bi mankomunitate zeuden.

Programari laguntzeko, Gobernuak euskarri administratibo bat prestatu zuen 93/98 Foru-dekretuaren bitartez. Handik aurrera, herri bakoitzak bere udaletxean onartu behar izan du dagokion Tokiko Agenda 21 programa.

Oro har, Gobernuaren estrategia lehen diagnostikoa gidatzea da. Diagnostikoa bukatuta, udalerri bakoitzak ekintza-plan egoki bat garatu behar du, Tokiko Agenda 21en barruan. Bestalde, udal bakoitzaren egoera urtero berrikusten du Gobernuak, jarraipen errazagoa eta ahal den hainbat ekintzatarako laguntza ekonomikoa izan ditzan.

Hasierako diagnostikoari jasangarritasun-ikuskapena deritzo; izan ere, kontzeptu horretan, ingurumena ez ezik, jasangarritasunarekin zerikusia duen atal oro sartu nahi izan dute.

Hirigintza, garraioa, hondakinen kudeaketa eta beste hainbat esparru bateratu behar dira programan. (Argazkia: G. Roa).

Nafarroaren ezaugarri garrantzitsu bat udalerrien tamaina da. Gehienak 4.000 bizilagunetik beherakoak dira; hemezortzi bakarrik dira hori baino handiagoak. Beraz, herri nafarren baliabide ekonomiko nagusiak lehen sektorekoak dira. Sektore horrek behera egin ahala, Iruñea eta inguruko herriak handitzen ari dira, herri txikiek ez baitute beste aukera askorik eskaintzen.

Udal askok jarri dituzte martxan Tokiko Agenda 21 programak Nafarroan. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen den bezala, mankomunitate bereko herri batzuk taldetan bildu dira plana elkarrekin garatzeko.

Agenda 21 programa aplikatzen aitzindari Iruñea, Tafalla eta Cintruenigo izan dira.

Hiru horien artean, Cintruenigo izan da adibide nabarmena, hango industria nagusiaren hondakinei irtenbide jasangarria eman baitio. Cintruenigon alabastroaren industria izan da nagusi urteetan. Baina industria horrek alabastro-hautsaren oso kantitate handiak sortzen ditu, eta hondakin horiek metatzearen arazoa larria izan da udalerrian.

Basogintza baliabide naturalekin zerikusia duen jarduera garrantzitsuena da herri askotan.

Dena dela, hondakin horiek erabiltzen dituen igeltsu-industria instalatu da alabastroaren industriaren ondoan. Industria berrian igeltsua egiten da hautsetik abiatuta. Azkenik, industria berriak sortzen duen ur-lurruna atmosferara isuri beharrean, kirol-instalazioak berotzeko erabiltzen dute. Adibide horrek, Agenda 21 programak lortu nahi duen jasangarritasunaren bidea irekita utzi du Cintruenigon.

Jasangarritasuna sektore guztiak bateratuta lortu behar da. (Argazkia: G. Roa).
Nafarroako herri gehienak txikiak dira, eta naturari oso lotuta daude. (Argazkiak: M.M. Elosegi).
Gobernuak ahaleginak ari da egiten programa herritar guztiei zabaltzeko. (Argazkia: G. Roa).

Ekologia-oinatza

Zenbateko lur-eremua behar dugu gure bizimoduari eusteko? Kalkulua egin, eta lortzen duzun emaitza ekologia-oinatza da. Norberak bere bizitzaren datuekin egin dezake kalkulua; lurraldeka ere egin daiteke. Horretarako, baliabide ekologiko guztiak kuantifikatu behar dira, naturala barne. Lurralde batean lurrak ekoizten duena nahikoa bada han bizi direnen bizimoduari eusteko, lurralde horretako bizimodua jasangarritzat har dezakegu. Euskal Herriko eta, oro har, mendebaldeko herrien ekologia-oinatzak kalkulatuz gero, nabaria da jasangarri izateko gauza asko aldatu behar ditugula.


Agenda 21en parte-hartzen duten udalerrien eta herri-taldeen zerrenda.

Ezkio-Itsaso

Gipuzkoako Goierrin, Donostiatik 54 kilometrora; 21 kilometro karratuko azalera, 568 biztanle.

(Argazkia: B. Kortabarria).

2002ko urrian Urola Garaiko Udaltalde 21 sortzeko hitzarmena sinatu zen. Hitzarmen horretan, besteak beste, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalak dira partaide. Jasangarritasunaren printzipioa, beraz, udal-ikuspegia galdu gabe, eskualdean ezarri nahi da.

Hitzarmen hori sinatu aurretik, udalerri bakoitza bere bidea eginda zegoen. Legazpiko Udalak 1998ko ekainean hasi zuen bere ibilbidea; gainerakoek, berriz, 2001eko abenduan. Hortaz, Agenda 21i dagokionez, Legazpi beste udalerriak baino aurreratuago dago. Hala ere, herri txikiagoa izanik eta duela gutxi osatutako udalerria izanik, Ezkio-Itsasoren kasua aipagarriagoa izan liteke.

Ezkio-Itsasok 2002ko apirilean sinatu zuen Aalborg-eko gutuna, garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa aldarrikatzen duen gutuna alegia. Geroztik, Tokiko Agenda 21 prozesuaren bi urrats nagusiak abiatu zituen: diagnostikoa edo herriaren egungo egoeraren argazkia egitea batetik; eta herriaren etorkizuna eraikitzen lagunduko duen ekintza-plana diseinatzea bestetik.

(Argazkia: B. Kortabarria).

Diagnostikoa dagoeneko bukatuta dago, eta ekintza-plana jorratzen hasita. Diagnostikoak, udalerriaren argazkiak, ustekabe bat baino gehiago ekarri die Ezkio-Itsasotarrei. Diagnostiko horren arabera, Ezkio-Itsasok gaur egun duen erronka nagusia gazteak herrian geratzea da. Izan ere, 1980ko hamarkada arte Ezkio-Itsasok populazioa galdu zuen.

Urte horietatik aurrera, populazioak goranzko joera hartu zuen, gaur egungo 568 biztanleetara iristeraino. Etxebizitzak promozionatu izanak eragin du udalerri honetako populazioaren gorakada; ez enpleguak. Gazteak herrian geratzeko, baina, aurrera begira zailtasunak sumatzen dira: batetik, etxebizitza prezio duinean eskuratu ezina eta, bestetik, baserriaren bideragarritasun ekonomiko eza eta nekazaritzaren gainbehera.

Ezkiok eta Itsasok administratiboki egitura bakarra izateak ez dirudi eragin handirik izan duenik. Izan ere, egindako elkarretaratze-ahaleginek ez dute lortu herri bakarraren sentimendua piztea. Eskola-zerbitzuaren antolaketak badu zerikusirik egoera horrekin. Herriko haurrek ez dute 0-3 bitarteko zerbitzurik herrian bertan, eta zaharragoak gazte-gaztetatik bereizten dira: batzuk Zumarragara eta besteak Ormaiztegira. Sakabanaketa txiki-txikitatik, beraz.

(Argazkia: B. Kortabarria).

Egindako diagnostikoak dioenez, euskararen erabileran gertatzen ari den atzerakadak ere kezka sortu du eta ekintza egokiekin erantzun beharra ikusi da. Arrazoiak bi izan daitezkeela uste da: euskaldunen axolagabekeria eta etorkinen ugaritzea.

Agenda 21en ikuspegi nagusia ingurumenari dagokio, jasangarritasuna horrekin lotzen du jende gehienak, eta hor arazo ugari ditu Ezkio-Itsasok, uste baino gehiago: uraren hornikuntza-sarearen egoera txarra dela eta, ur-galera itzelak ditu herriak. Diotenez, erabiltzen den uraren % 49,8 ez da kontabilizatzen. Zaborraren ekoizpena gora doa etengabe, eguneko eta biztanleko 500 gramo.

Bestalde, lurraren antolamenduari loturiko arazoak ez dira txantxetakoak, batez ere, goi-mailako planeamendutik datozenak kontuan hartzen badira. Hor daude, besteak beste, AHTren proiektua eta Lurralde Plan Partzialak industria ezarpenetarako aurreikusten duen eremua; herriaren etorkizuneko lurzoru-erreserba kolokan jar dezakete horiek.

(Argazkia: B. Kortabarria).

Ezkio-Itsasoren argazkiak osagai gehiago ere baditu, baina aipatutakoak dira nagusiak. Orain argazkia ondo aztertzen ari dira, laister ekintza plana onartu eta lehentasunak jartzeko. Beraz, datorren urtean hainbat ekintza martxan jartzea espero da, etorkizuna biziagoa izan dadin.


Alonsotegi

Bizkaian, Barakaldo ondoan eta Bilbotik oso gertu; 20 kilometro karratuko azalera. 2.700 biztanle.

(Argazkia: Alonsotegiko Udala).

Bizkaiako udalerri hau 1999tik ari da Agenda 21ekin lanean. Izan ere, Alonsotegiko egoera orokorrari buruzko haurnasketa egin ondoren, azpiegiturak eraikitzeko, ingurumena babesteko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko biderik egokiena Agenda 21 zela erabaki zen orduan. Hurrengo urtean, Aalborg-eko Gutuna sinatzeaz gain, udalerriaren Ingurumen Kalitatearen Ikuskaritza egin zen. Udalerriaren beharrak eta lehentasunak zehazteko, uraren kudeaketa, hondakinak, zarata, jarduera-baimenak, etxebizitza eta abar aztertu ziren. Azterketan, udalerriak hainbat alorretan zituen indarrak eta ahuleziak identifikatu ziren.

Adibidez, alor horietako bat Udalaren kudeaketa eta antolaketa izan da. Nabaria da erabakiak hartzeko orduan Udalak baduela ingurumena kontuan hartzeko jarrera, baina, aldi berean, langile eta baliabide gutxi ditu bere esku egon daitezkeen ingurugiro-gaiei aurre egiteko. Kadagua ibairekin zerikusia duten hainbat gai ere agertzen dira Alonsotegin egindako diagnostikoan. Izan ere, ibaia bideratzeko eta ingurua berreskuratzeko proiektua badu Udalak, baita kontrolik gabeko zabortegiak identifikatzeko plana, eta andeatutako lurrak berreskuratzekoa ere. Ibaia bera, baina, uholdeetarako arriskugunea izan daiteke, eta hainbat proiektu handik –Kadaguako korridorea, adibidez– lurzoru askoren erabilera aldatzea ekarriko du. Besteak beste, uraren gehiegizko kontsumoa, hondakinen gaikako bilketaren gorabeherak, kutsadura eta zarata agertzen dira udalerri honetan egindako azterketan.

(Argazkia: Alonsotegiko Udala).

Azterketa bukatu eta gero, urrats berriak eman ziren prozesuan. Urrats nagusia diagnostikoan oinarritutako ekintza-plana diseinatzea izan zen, udalerriaren hasierako egoera kontuan hartuta eta jasangarritasun-printzipioetan oinarrituta, ekintza-estrategia zehaztea. Horrela, 2002an, udalerriaren egoera hobetzeko 10 programa jarri ziren abian, helburu eta ekintza zehatzekin. Estrategia zehaztearekin batera, jasangarritasun-adierazleak hautatu zituzten, Alonsotegiko ingurumen-egoeraren bilakaera ebaluatzeko adierazleak. Horien bidez, hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatu nahi da, prozesuaren segimendua egin.

Esate baterako, programetako bat Kadagua ibaiaren eta errekastoen poluzio-maila hobetzea da. Urteak joan urteak etorri, Kadagua ibaiak lantegietako eta etxeetako hondakin guztiak jaso ditu. Azken urteotan egoera apur bat hobetu den arren, oraindik araztu gabeko ur ugari joaten da zuzenean ibaira. Arazoa konpontzeko, Ur Kontsorzioa ur zikinak Galindoko araztegira eramango dituen kolektorearen proiektua lantzen ari da. Egoera hobetzeko programa jakin horretan, honako helburu hauek jarri dira

Alonsotegin:

  • Uraren kontsumoa gutxitzea, eguneko eta biztanleko 290 litrora iritsi arte –450 litrotik gorakoa da egun–. Horretara iristeko, etxeetako ur-kontsumoaren jarraipena egingo da, eta kontsumoa bera izango da adierazle garbiena.
  • Saneamendu-sarea hobetzea eta udalerriko etxebizitza guztietako ura araztegira bidaltzea. Helburu hori lortzeko, ur-ihesak aurkitu eta kontrolatzeko plana jarri da abian. Helburura hurbiltzen ari direla ikusteko, araztegietara ura bidaltzen duten etxebizitzen kopuruari begiratu beharko zaio.
  • Lantegietako isurketak kontrolatzea eta guztiak baimendutakoak direla ziurtatzea. Horretarako, ibaiko eta errekastoetako uraren analisiak egingo dituzte, eta isurketak egiteko baimena duten enpresen kopuruak adieraziko du egoera nola dagoen.
  • Uraren kalitatea kontrolatzea nekazal eremuetan eta iturburuetan. Kalitatea bermatzeko, kolektorea egingo dute, eta iturburuetan egindako analisiak izango dira horren adierazle.
(Argazkia: Alonsotegiko Udala).

Ibaiaren eta errekastoen poluzio-maila hobetzeko programa bezala, beste bederatzi jarri dira abian Alonsotegin, batzuek zerikusi zuzena dute ingurumenarekin, baina badira beste batzuk –hezkuntza edo ongizatea adibidez– horrekin harremanik ez dutenak, jasangarritasuna ingurumena baino gehiago baita.

Gasteiz

Arabako hiriburua; 225.000 biztanle

(Argazkia: Gasteizko Udala).

Beste hainbat hiritan bezala, Gasteizen ere ari dira lantzen Agenda 21. Gainera, ekimen hori abiatu zuen estatuko lehen hiria da. Prozesuan, poluzioa, garraioak, ura, energia, lantegiak, hondakinak, biztanleen ingurumen-heziketa eta abar hartu dituzte kontuan; beste hainbat hiritan bezala. Berezitasun bat badu, ordea, Gasteizko Agenda 21 planak: Eraztun Berdea.

Eraztun Berdea Gasteizko eta inguruetako parkeek eta berdeguneek osatutako birika naturala da, hirigunetik nekazaritza eremuetara daraman tarteko paisaia. Armentiako basoak, Zabalganako baso-parkeak, Olarizuko inguruak eta Salburuako parkeak hiriburua inguratzen dute. Horiekin batera, aintzat hartzekoak dira hiri barruko parkeak ere: Florida, Prado, Arriaga, Gamarra, Judimendi eta San Martin. Gaur egun oraindik ez daude elkarrekin lotuta, baina, aurrera begira, hori da asmoa, natur gune horiek guztiak lotzea.

(Argazkia: Gasteizko Udala).

Armentiako basoa
Hiriaren hego-mendebaldean dagoen 1.650.000 metro karratuko erkametz-basoa. Parke honek modu naturalean biltzen ditu Eraztun berdea eta Gasteizko Mendiak. Erabat seinaleztatua dago, atsedenlekuak eta iturriak ditu eta animalia ugariren bizilekua da: hegazti harrapariak, kaskabeltzak, katagorriak eta azeriak besteak beste.

(Argazkia: Gasteizko Udala).

Olarizuko parkea
Parke hau nekazaritza-eremuko lurrez inguratua dago. Hiriaren hegoaldean kokatua dagoenez, Olarizuko tontorrera igoz gero, Gasteizen, Arabako Lautadaren eta inguruko mendien ikuspegi dotorea eskaintzen du. 310.000 metro karratu ditu parkeak; zelaiz eta baratzez osatua gehienbat. Arboretoa ere badago parkean, bertako landaretzaz osatutako beirazko mintegia alegia, loreak eta baratza ekologikoa ikusteko toki aproposa.

(Argazkia: Gasteizko Udala).

Salburuako parkea
Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuenetarikoa da Salburuako parkea. Gasteiztik ekialdera joanda, zazpi kilometroko ibilaldia egin daiteke Salburuako urmaelak ikusiz. Hezegune gehienetan bezala, Salburuako parkeko 1.610.000 metro karratuetan fauna eta flora aberatsa biltzen da: ahateak, lertxunak, oreinak, bisoi europarrak, makalak, haritzak, lirioak, lezkak, etab.

(Argazkia: Gasteizko Udala).

Zabalganako parkea


Belardiek, urmaelek, eta erkametz-basoek osatzen dute Zabalganako natur gunea. Hiriaren mendebaldean dago, nekazaritza-eremuko lurrez inguratua, eta 890.000 metro karratu ditu. Babesleku ekologiko ezin hobea da flora eta fauna autoktonoarentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia