}

2009an zientzian aditutakoak

2010/01/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

A gripea eta Ardi, Etiopian aurkitutako 4,4 milioi urteko eskeletoa. Horiek dira Nature eta Science aldizkarientzat, hurrenez hurren, 2009ko albisterik nabarmenenak.
Iaz komunikabideetan oihartzun handiena izan zuen gaia, ia zalantzarik gabe, A gripea izan zen
Roger Schultz

Zientzia-gaiei dagokienez, iaz komunikabideetan oihartzun handiena izan zuen gaia, ia zalantzarik gabe, A gripea izan da. Martxoan izan genuen gripe berri horrek jotako lehenengo gaixoen berri. Mexikon agertu ziren, eta, gaixotasuna zein erraz hedatzen zen ikusita, mundu osoa asaldatu zen. Hain zuzen, ekainerako 6. mailako alerta-egoerara igota zuen gripe hori Munduko Osasun Erakundeak. Alerta horrek adierazten du gripea oso erraz hedatzen dela, eta eskualde jakin bateko biztanle askok har dezaketela.

Erraz hedatzeak, dena den, ez du esan nahi birusa bereziki erasokorra denik. Eta, izatez, ohiko gripearen birusa erasokorragoa da. Oro har, arnas aparatuan bestelako arazorik ez duen edozeinentzat sintomak ohiko gripearenak baino arinagoak dira, eta askoz pertsona gutxiago hil dira A gripeak jota ohiko gripeak jota baino.

Hainbeste jira eta buelta eta buruhauste eragin dituen gai hori izan da, Nature aldizkari ospetsuaren ustez, urteko zientzia-albisterik garrantzitsuena. Nature rekin batera, zientziaren munduan ospe handiena duen beste aldizkaria Science da, eta hark ere eman du bere ustez garrantzitsuenak diren albisteen zerrenda.

Ezkerrean, gizakiaren hortzak, eta, eskuinean, Ardi hominidoarenak. Science aldizkariaren ustez 2009. urteko aurkikuntza izan da Ardi (Argazkia: Science ).

Bada, Science k lehenengo lekuan jarri duena Ardi izan da, Etiopian aurkitutako hominido baten fosila; Ardipithecus ramidus espezieko banako bat zen. Orain dela 4,4 milioi urte bizi izan zen gaur egungo gizakien arbaso hura. Albiste garrantzitsua izan da, banako bakar baten hezur-puska asko eskuratu dituztelako; denera, 125 zati aurkitu dituzte, garezurrekoak, masailezurrekoak, pelbisekoak, eskuetakoak eta oinetakoak.

Horri esker, oso azterketa sakonak egin ahal izan dituzte, eta ikusi ahal izan dute zer ezaugarri eta portaera zituzten garai hartan gizakiaren arbasoek. Normalean ez dira hain osoak izaten aurkitzen dituzten eskeletoak, eta, hortaz, arkeologoek lortzen duten informazioa askoz mugatuagoa izan ohi da.

Subjektiboak, guztiz

Ikus daitekeen bezala, ez datoz bat, inondik ere, zientzia-gaietan erreferentziazkotzat jotzen diren bi aldizkari horien albiste nagusiak. Baina bat ez etortze hori haratago doa; izan ere, batentzat urteko albiste garrantzitsuena den hori besteak ez du aipatu ere egin urtero argitaratzen duen hamarreko zerrendan. Horrek agerian uzten du guztiz subjektiboak direla zerrendak egiteko erabiltzen dituzten irizpideak.

Ilargian ura aurkitu dute. Hori izan da Science eta Nature aldizkarietan, bietan, agertu den urteko albiste bakarra (Argazkia: MikeBaird) .

Hamarreko bi zerrendek albiste bakarra dute komunean: Ilargian ura aurkitu izana. Urriaren 9an, NASAren LCROSS misioan Ilargiaren krater baten kontra bota zituzten zunda bat eta zunda haren suziria. Bada, handik lau egunera jakinarazi zuten talkak altxatutako material mordo handian ur-partikulei antzeman zietela. Kraterra Eguzkiaren argia jasotzen ez duen eremu batean dago, eta, zientzialariek adierazi dutenez, errazagoa da eremu horietan ura egon ahal izatea, tenperatura baxuek ez bailukete aukerarik emango egon litekeen ura lurruntzeko.

Aurkikuntza horren bidez aurrerapauso handi bat eman dute Ilargiaren ezagutzan. Izan ere, denbora luzean pentsatu dute adituek Ilargia leku lehor eta ilun bat besterik ez zela. Baina, adierazi dutenez, badirudi Ilargiak oraindik sekretuak dituela.

Ilargiko sekretuak argitzen ez ezik, gainerako diziplinetan ere arituko dira zientzialariak 2010ean, galderen erantzunak bilatzen... eta, gu, aurkitzen duten hori kontatzen.


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia