}

100 urte kuantuari begira.

2000/12/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Atzo bete ziren ehun urte Max Planck zientzialari alemanak kuantuaren kontzeptua argitaratu zuenetik. Handik garatutako fisika gaurko teknologiaren oinarria da.

Ia etsita, Max Planck fisikariak XIX. mendearen bukaerako esperimentu ospetsu bat (gorputz beltzaren erradiazioa) arrakasta osoz azaldu zuen. Horretarako kuantua definitu behar izan zuen. Kontzeptuak energiaren izaerarekin zerikusia zuen. Partikula batek ezin du edozein energia izan. Norbera eskailera batean kokatzen denean bezalaxe, energiak ere mailak ditu.

Maila batean edo hurrengoan zaude, baina inoiz ez erdibidean. Partikulek ere maila zehatz batean egon behar dute, ez gorago, ezta beherago ere. Eta energia maila batetik hurrengora salto egiteko energia kantitate zehatza hartu edo eman egin behar da. Kontzeptu sinplea dirudi, baina Albert Einsteinek geroago frogatu zuen bezala, erabateko inplikazio berriak zekartzan. Planckek eta Einsteinek Nobel sari bana irabazi zuten teoria horiek argitzeagatik, 1918an eta 1925ean, hurrenez hurren.

Teoria kuantikoa eskuetatik joan zitzaion. Einsteinek eta biek onartzen ez zituzten bide berriak jorratu ziren. Niels Bohr daniarrak atomoari tratamendu kuantikoa eman zion. Epe laburrean, fisikarien belaunaldi berriek analisi probabilistikoan oinarritutako mekanika garatu zuten. Atomoa baino txikiago den oro fisika horrekin aztertu behar zen. Mekanika kuantiko harrigarria abian zegoen. Eta gaur arte ez da kontrako emaitzarik duen esperimentu bat ere ezagutzen.

1947. urtean hil zen Planck. Urte berean, Bell enpresako laborategietan, hiru fisikari estatubatuarrek trantsistorea asmatu zuten. Efektu kuantiko baten eskutik, gailu horrek edozein seinale elektriko anplifikatu eta kontrolatu egiten du. Izan ere, ordenagailuak eta gailu eletroniko guztiak trantsistoreen aplikazioak dira. Baina ez da hori aplikazio bakarra. Hainbeste esparrutan erabiltzen den laserra ere teoria kuantikoaren ondorio zuzena da. Sofistikatuak batzuk, gertutasun handikoak beste batzuk. Etxean ditugun CDen irakurgailuekin gogoratzea besterik ez dago. Konposatu kimikoen analisi mota gehienek (dopinaren kontrola, baten bat aipatzeagatik) zein medikuntzan erabilitako askok (erresonantzia magnetikoa, adibidez) espektroskopian oinarrituta daude eta, beraz, mekanika kuantikoan. Laster, medikuak pastilla baten tamainako kamara batez urdaila aztertzen digunean, Plancken asmakizuna ospatzeko beste arrazoi handi bat izango dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia