Ta Prohm, zuhaitzen tenplua

2011/05/01 Elhuyar

Inoiz bertan 12.000 budistatik gora bizi izan badira ere, azken mendeetan zuhaitzak izan dira Ta Prohm tenpluko jaun eta jabe. Kanbodiako Angkor eskualdean dago oihanak hartutako tenplu hau. XII. mendearen hasieran eraiki zen, Jayavarman VII.a erregearen enkarguz. Erregeak amari eskaini zion tenplua, eta hura modelo hartuta zizelkatu zuten tenpluko irudi nagusia, Prajñaparamita jakituriaren jainkosa. Tenplua budisten monasterioa eta unibertsitatea izan zen.

XV. mendean abandonatu zuten Ta Prohm, eta baita Angkor eskualde osoa ere. Naturak bere bidea egin zuen, eta oihanak irentsi zituen hainbat tenplu. Zuhaitzen sustraipean gelditu ziren eraikinak. XIX. mendearen hasieran, frantziarrak Angkorrera iritsi zirenean, halaxe aurkitu zituzten, eta Ta Prohm bere horretan uztea erabaki zuten, balio paisajistikoagatik, eta tenplu haiek nola aurkitu zituzten ikusteko lagin gisa. Gaur egun, Kanbodiako amu turistiko garrantzitsuenetako bat da.