Meteora, airean esekita

2012/04/01 Elhuyar

Greziaren erdialdean, Tesalia periferiaren ipar-ekialdean, harkaitz erraldoiak altxatzen dira lurretik zerurantz. "Airean esekita" esan nahi du "Meteora" hitzak, eta esan daiteke halaxe daudela harkaitz horien puntan eraikitako monasterioak. Arkitektura bizantziarrak eta naturaren edertasunak bat egiten dute Meteoran, eta monasterioek harkaitzen jarraipena dirudite.

Duela 60 milioi urte lurrazalaren mugimenduen eraginez itsas hondoak gora egin zuen, eta hareharrizko geruza lodi hartan hainbat faila ireki ziren. Handik aurrera urak, haizeak eta muturreko tenperaturek forma emango zieten gaur egun ikusten diren hareharrizko eta konglomeratuzko zutabeei. Arrasto horizontalak ikus daitezke haitz horietan, itsaso prehistoriko batek utzitako markak.

IX. mendetik aurrera, fraide aszetak Meteorako haitzetan bizitzen hasi ziren. Lurretik 500 m-ra egon zitezkeen zuloetan bizi ziren hasieran. XIV. mendean, berriz, turkiarren eta albaniarren erasoei ihes egiteko haitzean gora egin zuten fraideek, eta orduan hasi ziren harkaitzen puntan monasterioak eraikitzen. Hogeitik gora eraiki zituzten, eta seik irauten dute, gaur egun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia