Elhuyar zientziaren komunikazioa

Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona

Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona

The Man Who Mistook His Wife for a Hat

Oliver Sacks
Klasikoak (2010)
ISBN: 978-84-96455-30-6
Neurriak: 22,5x14,6 cm
Orrialdeak: 288 orr.

Oliver Sacks idazlearen The Man Who Mistook His Wife for a Hat liburua (El hombre que confundió a su mujer con un sombrero gaztelaniazko argitalpenean), klasiko bat da neurologiaren dibulgazioan, eta horregatik gomendatu digu Felix Zubia EHUko irakasleak.

“Oso liburu interesgarria da buruko gaitzak ezagutu nahi dituen edozeinentzat. Istorio laburren bidez, oso adibide argiekin azaltzen ditu buruko gaixotasun ohikoenen sintomak, eta gaixoak nola bizi dituen. Adibidez, depresioa, asaldu obsesibo-konpultsiboa eta eskizofrenia. Bestelako berri asko eragiten dituzten gaixotasunak izanik, hona hemen zientziatik modu errazean hurbiltzeko modu bat.

Liburua lau ataletan banatuta dago. Lehen atala gabeziei buruzkoa da, eta afoniak, afasiak, apraxiak eta beste antzeko arazo neurologikoak aurkezten dizkigu, bederatzi kasu errealen bitartez. Hain zuzen ere, lehenengo kasua liburuari izenburua ematen diona da. Musikari batek, P. jaunak, arazoak zituen ikusmena kontrolatzen duen garunaren gunearekin. Arazoak ez zuen eraginik garunaren beste inolako gunetan, eta, horregatik, ez zuen beste ahalmenik galdu, baina bai gauzak begiz identifikatzeko ahalmena. Halako batean, emaztea eta txapel bat nahasi zituen, adibidez.

Liburuaren bigarren atalean, kontrako bost kasu aurkezten ditu Sacksek: gabeziak izan beharrean, gehiegizko ahalmenak garatzen dituzten pazienteen kasuak. Adibidez, sexu-grina handia sentitzen zuen laurogeita hamar urteko emakume baten kasua (House telesailean erabili izan den kasua). Sacksek esaten du neurologia klasikoak, Hughlings Jackson neurologoaren eskolak, ez zituela horrelako kasuak aintzat hartzen, eta horregatik ez zutela arreta handia jaso 1980ko hamarkadara arte, gutxi gorabehera.

Hirugarren atala aztoraldien atala da. Ez dira kalte fisikoak eragiten dituzten arazo neurologikoak; arazoa da pazienteek errealak balira bezala bizitzen dituztela ametsak eta oroitzapenak.

Azken atalean, pazienteen sinplekeriak aurkezten ditu Sacksek. Adibidez, ume batek bezala jokatzen duen hemeretzi urteko neska baten kasua; ezin du ikasi zapatak nola jantzi edo giltza bat nola erabili; aldiz, ez du kalterik agertzen beste hainbat ahalmenetan.

Ibilbide profesional luze batean zehar tratatutako kasuen bitartez, Oliver Sacksek neurologia aurkezten digu, eta laguntzen digu ulertzen batzuetan arazo baten jatorria ez dela begi-bistakoa. Garunean pixka bat murgilduz gero, ezusteko ederrak aurkitzen dira.

Osasuna, 2001/01/01

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia