Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bidali galdera

Zerbitzu hau zientziaren eta teknologiaren arloko hizkuntza-kontsultak egiteko da.

Lasta-ur

2018/05/17 Elhuyar

Gutxi-asko, denok entzun dugu gure inguruko uretan lehen bizi ez ziren espezie batzuk hedatzen hasiak direla orain, eta asko «inbaditzaileak» direla, hau da, tokiko ekosisteman neurrigabe hedatzen direla, maiz bertako espezieak ordezkatzeraino. Bada, horrelakoak hedatzearen eragile nagusietako bat lasta-ur delakoa da.

Zer da ba, lasta? ZTHren arabera, «Ontzian, komeni den sakoneraraino murgiltzeko eta egonkortasuna handiagotzeko kargatzen den pisu gehigarria». Eta badakigu, hedaduraz, «zama edo pisu gehigarria» ere badela; esaterako, urpekaritzan eta globoetan erabiltzen dena.

Zehazki, lasta-ura da itsasontziek  karga orekatzeko edo, ontzia hutsik doanean, egonkortzeko eta ez iraultzeko eramaten duten ura. Lasta-ura toki batean hartzen du itsasontziak, eta beste toki batean botatzen du berriz itsasora; maiz, abiapuntutik oso urrun dagoen toki batean. Bistan dena, abiapuntuko uretan dauden bizidunak joaten dira lasta-ur horretan, eta ura botatzen den tokian itzultzen dira itsasora. Hori da, bada, espezieek «bidaiatzeko» eta beste ingurune batean agertzeko mekanismoa. Bi iturri hauetan dago prozesu hori zehatzago azalduta: Alien, ezkutuko bidaiaria - Bizigiro - Berria; Lasta Urak: ResponSEAble Europar Proiektua.

Eta zergatik lasta hitza?

Euskarazko lasta hitzaren etimologia, gaztelaniazko lastre, frantsesezko lest eta ingelesezko ballast hitzena bezalaxe, eskandinaviar edo germaniar jatorriko last hitza ('zama, pisua') omen da (ballast | Origin and meaning of ballast by Online Etymology Dictionary).

 

Orotariko Euskal Hiztegian, lastre da sarrera nagusia, eta barnean aldaera batzuk ageri dira; haien artean, lasta eta lazt.

 

lastre (Lar, H), lasta (G-bet, L; Lar, Hb ap. Lh, H), lastra (H), lazt (G-bet). Ref.: A (lasta, lazt); Lh (lasta).

Lastre. "Lest" H. Bertutez kargatua dijoan ontzia, tentaldiyen lastrerik gabe. Aran SIgn 25. lazta (det.). Itsasontziyan lazta ziaro diruz kargatuta ekarri omen zuten (G-azp). "El fondo de la embarcación". AEF 1921, 98s.

 

Euskaltzaindiak oraindik ez du erabaki horietako zein proposatuko duen estandarrerako. Dena den, hiztegi gehienetan lasta grafia eman da, eta corpusetan ere lasta aldaerak askoz agerpen gehiago ditu laztek eta lastrek baino. Esaterako, hauek dira, hurrenez hurren, Lexikoaren Behatokiko, Ehuyar Web-corpuseko eta Egungo Testuen Corpuseko datuak: lasta 45, 97, 210; lazt 0, 0, 17; lastre 5, 38, 25.

 

Beraz, estandarrik eza lasta/lastre/lazt izan ez dadin, nagusitzeko bidean den lasta aldaera erabiltzen segituko dugu.

 

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia