Elhuyar zientziaren komunikazioa

Wolfram Deunaren jaia, algaraz, zientziaz eta sorpresaz beteta

2017/11/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

wolfram-deunaren-jaia-algaraz-zientziaz-eta-sorpre
Wolfram Deuna ekitaldiko hizlariak, Elhuyar aldizkari berritua eskuetan dutela. Goian, Lezameta, Cancio, Lopez-Gazpio eta Txurruka. Behean, Uria, Urizar eta Torregarai. Arg. Elhuyar

Bergarako Zabalotegi aretoa hartu dute zientziak eta umoreak, Wolfram Deunaren jaian. Hirugarren urtez antolatu du Elhuyarrek ekitaldi hori, Bergarako udalaren Zientzia, teknologia eta berrikuntza jardunaldien barruan, eta, aurten ere, herriko zein kanpoko jendea erakarri du.

Ekitaldiaren mamia umorezko bakarrizketa zientifikoak izan dira. Helburua, berriz, hau: zientzia eta teknologiarekiko beldurra kentzea eta jakin-mina piztea. Hala, protagonistek denetariko gaiak izan dituzte hizpide: zonbien garuna, zakilaren neurriaren garrantzia, infinitua, semenarekin ikertzen duen emakume ikertzaile baten komeriak, zentzurik gabeko ikerketak, infinito-motak…

Guztira, zortzi hizlari aritu dira, Alaitz Ochoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidearen gidaritzapean: Ibon Cancio Uriarte biologoa, Irati Iciar Madinabeitia UEUko koordinatzailea, Josu Lezameta Larrabeiti euskara-irakaslea, Josu Lopez Gazpio kimikaria, Idoia Torregarai Martija UEUko komunikazio-arduraduna, Jesus Mari Txurruka Argarate biologoa, Jone Uria Albizuri matematikari eta bertsolaria, eta Itziar Urizar Arenaza fisiologoa.

Elhuyar aldizkari berritua

Hitzaldiekin gozatzeaz gain, ezusteko bat ere jaso dute bertaratutakoek: Elhuyar aldizkariak itxura aldatu du, eta Wolfram Deunaren jaian aurkeztu du bere jantzi berria. Izan ere, aldizkariarekiko batzuek izan dezaketen aurreiritziak (serioa, zorrotza, zaila…) hautsi nahi dituzte egileek, eta, horretarako, itxura berria lagungarria izango dela uste dute.

Hala, Wolfram Deunaren jaira joandakoen artean abenduko zenbakiaren aleak banatu dituzte, eta, bide batez, aldizkariaren inspiratzaileekin, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiekin, argazkia ateratzeko aukera izan dute.

 

--> Wolfram Deuna ekitaldiko eta Elhuyar aldizkari berrituaren fotokoleko argazki-galeria

--> Zientzia.eus-en txio-bilduma

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia