}

Ukipen-lenteak, erosotasunaren, estetikaren eta narritaduraren artean

2002/10/06 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lenteak erabiltzen dituen orok badaki, lenteek begietan narritadurarik eragin ez dezaten goizero eta gauero ongi garbitu behar direla. Lan hori errazte aldera, gau eta egun erabili eta urtebetez garbitu behar ez diren lenteak merkaturatuko dituzte bi urte barru.
Urte batez garbitu gabe gau eta egun erabil ahal izango diren lenteak merkaturatuko dira laster.

Japoniar aristokraziako emazte batek gauzen zerrendak idatzi eta ohe azpian gordetzeko ohitura omen zuen. Desiren zerrenda, ateen zerrenda, jolasen zerrenda, lekuen zerrenda… zerrenda amaigabeak idatz daitezke.

Joko hori gaurko gaiari lotuz gero, ez da zaila zerrenda luze samarra osatzea: lente gogorrak, bigunak, botatzekoak, kosmetikoak, ikusmen-arazo bat baino gehiago konpontzen dutenak, koloretakoak… denetarikoak daude, baina batzuei denek sortzen diete begia gorri-gorri jartzerainoko narritadura, eta lenteak alde batera utzi eta nahiago izaten dute betaurrekoak erabili.

Narritadura edo eragozpen horren oinarria begiak arnasa hartzeko duen zailtasuna eta lenteetan metatzen diren mikroorganismoak dira. Horregatik, beharrezkoa da gauero edo, kasurik onenean, gutxienez astean behin, ukipen-lenteak ongi garbitzea. Eginkizun gogaikarri hori historiara pasatzea da ukipen-lente berriak diseinatzen diharduten adituen helburua.

Ukipen-lente erosoagoak

Ukipen-lenteek sortutako begiko narritadura nola murriztu bilatzen ari dira ikertzaileak.

Leonardo da Vinci-rekin hasi zen lenteen historian, ikusmena konpontzea lortu zenetik erosotasuna, malgutasuna eta estetika izan dira lenteen eboluzioa zuzendu duten helburuak. Gaur egun, ikerketen lehentasuna lenteek sortzen duten begiko narritadura murriztea da.

Narritadura egunean zehar lenteen inguruan metatzen diren bakterioek eta gainerako mikroorganismoek eragiten dute. Horregatik garbitu behar izaten dira lenteak egunero, nahiz bati baino gehiagori eginkizun hori nardagarria suertatzen zaion. Erosotasunaren bila dabilenak, oraingoz, merkatuan hileroko lenteak eta egun bakar baterako balio dutenak aurkituko ditu, baina baliteke, laster batean, urte osoan kendu eta garbitu beharrik gabe erabili ahal izango diren lenteak aurkitzea.

Ildo horretatik, iparramerikar kimikari-talde batek ukipen-lenteak egiteko material polimeriko berri bat sortu zuen duela bi urte. Material horren propietate nagusia ura xurgatzeko ahalmena da. Zenbat eta ur gehiago xurgatu, hainbat eta bigunago bihurtzen da eta, beraz, begietarako kontaktu-lenteak egiteko erabat aproposa da.

Orain arte, ura xurgatzeko ahalmena zuten materialek proteinak ere erakartzen zituzten eta begietan infekzioak sortu eta ikusmena kaltetzen zuten. Fenomeno hori saihesteko, ikertzaileek sulfoxidoak erabili zituzten, ioiak erabili ordez. Sulfoxidoek, polaritate altua dutenez, ura erakartzen dute, baina ioiek ez bezala, ez dituzte kargadun proteinak erakartzen.

Merkatura iritsi zirenetik, askok betaurrekoak baztertu eta ukipen-lenteetara jo zuten.

Esan bezala, material berria duela bi urte garatu zuten, baina, dirudienez, ez da espero zitekeen bezain material arrakastatsua eta ikerketa-taldeek ez dute atsedenik hartu.

Azken ikerketak

Berriki, Texasko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek eman du notizia: urte batez garbitu gabe gau eta egun erabili ahal izango diren lenteak laster merkaturatuko direla jakinarazi du.

Diseinatzen ari den ukipen-lenteen gakoa lenteak bakterioetatik garbi mantentzen dituen seleniozko geruza fin babeslea da. Selenioa lurrean, landare batzuetan eta kontsumitzen ditugun elikagai askotan aurkitzen den osagai natural eta antioxidatzailea da. Asko erabiltzen da gure sistema immunitarioan, bakterioak hiltzeko gaitasuna baitauka.

Bestalde, geruza horrek molekula bakar bateko lodiera du eta, beraz, ez du batere eragiten lentearen oxigenoa pasatzen uzteko gaitasunean, hau da, begiari ez dio arnasa hartzea eragozten. Gainera, ez dago batere eragozpenik arazo tekniko bat dela medio lentetik selenioa askatzen bada. Izan ere, lentean kontsumitzen dugun selenioaren % 0,01 besterik ez baita. Erabiltzaileak egin behar duen gauza bakarra noizean behin lentea seleniozko soluzioan murgilduta edukitzea da, geruza berritu dadin.

Oraingoz, untxiekin egin diren proben emaitzak itxaropentsuak direla diote ikertzaileek. Untxiei ez zaizkie lente berriak bi hiletan kendu eta ez dutela batere narritadurarik ikusi da. Horrela, zientzialariek aurreratu dutenez, lente horiek bi urtez garbitzeko kendu gabe erabili ahal izango dira. Baina oraindik proba asko dago egiteko eta, dirudienez, beste bi urte itxaron beharko da lente horiek merkatuan aurkitzeko.

Baina lenteekin lan egiten duten beste zientzialari batzuek ez dute hain argi ikusten aurrerakuntza. Izan ere, bakterioez gain, inguruneko kutsadura ere kontuan hartu behar dela diote. Egunero pilatzen dira bakterioak ez diren partikula arrotzak lenteetan, eta horiek garbitzea ezinbestekoa da begiak osasuntsu edukitzeko. Gainera, beste arrazoi ugari omen daude lente berak 30 egun baino gehiagoz ez erabiltzeko.

Beraz, asmakizun horrek ez du agian pertsona guztientzat balioko. Lente berrien asmatzaileak ere onartu du oraindik ere saiakuntza asko geratzen direla egiteko, nahiz eta orain arte lortu dituzten emaitza guztiak oso onak izan diren.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia