}

Txertoen eraginkortasuna eta indartze-dosiaren garrantzia berretsi ditu EMAk

2022/01/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

txertoen-eraginkortasuna-eta-indartze-dosiaren-gar
Omicronek infektatzeko ahalmen handia badu ere, txertoek larri gaixotzetik babesten dutela berretsi du EMAk. - Arg. Teknopolis

Omicron aldaerak Europan inoizko inzidentzia altuenak eragiten ari den honetan, txertoen eraginkortasuna berretsi du Sendagaien Europako Agentziak (EMA). Adierazi duenez, bai laborategiko datuek bai mundu errealekoek erakusten dute babes handia ematen dutela gaixotasun larriarekiko eta ospitaleratzearekiko. Zehazki, Hego Afrikan, % 70eko babesa lortu dute, 2 dosirekin, eta Erresuma Batuan, % 90ekoa, bi dosirekin gehi indartze-dosiarekin.

Horrekin batera, ohartarazi du omicronek sortu duen olatuak kalte handia eragin dezakeela, eta ez dela gutxietsi behar, nahiz eta sintomak, kasu askotan, ez diren delta aldaerak (omicron iritsi arte nagusi zenak) eragiten zituenak bezain larriak.

Txertaketa osatzeko deia egin du, eta aurreratu du 16-17 urteko gazteei indartze-dosia emateko baimen-eskaera jaso dutela, eta aztertzen ari direla. Are gehiago, 12-15ekoentzat ere eskaera berdina jasoko dutela espero dute.

Haurretan, ikusten ari dira COVID-19ak kasu larriak ere eragin ditzakeela, baita ospitaleratzeak eta heriotzak ere. Txertoak halako kasuak eragozteko eraginkorrak direla berretsi du EMAk. Haurdunetan ere, txertatu gabeek larri gaixotzeko arrisku handiagoa dute txertatutakoek baino, eta baieztatu du txertoek ez dutela ondorio kaltegarririk haurdunaldian edo erditzean.

Bestalde, omicronek berrinfektatzeko gaitasun handia duela azaldu du, baita txertatuta daudenak infektatzekoa ere. Azken horietan, infekzioak indartze-dosi baten antzera funtziona dezakeela azaldu du, alegia, txertoek emandako immunitatea sendotuko luke omicronen bidezko infekzioa. Une honetan dagoen inzidentzia aintzat hartuta, iragarri du agian lagungarria izan daitekeela endemia-fasera azkarrago igarotzeko, baina argi utzi du oraindik pandemian gaudela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia