}

Putzuz betetako ozeanoa

2011/07/26 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Izan al zara inoiz Ozeano Artikoan? Erraza da izotz-geruza uniforme bat imajinatzea, ezta? Errealitatea, ordea, bestelakoa da, batik bat udaberri eta uda partean. Izan ere, gune zuri, urdin, grisaxka eta berdeak dituen paisaia bihurtzen da.

Uztailaren 12an ateratako argazki honetan ikusten den moduan, Ozeano Artikoko itsasoko izotzak Suitzako gazta baten antza du. Izotza urtzean, likido-egoeran dagoen ura gainazaleko sakonunetan metatuz eta barneratuz joaten da, eta ur gezako putzuak sortzen dira.

NASAko zenbait ikertzailek izotz hori nola urtzen den aztertzen dihardute. Eta ur-laginak jasotzen dituzte, ur horren kimika aztertzeko eta ur horretan eta izotz-geruzan hazten den plankton-koloniari behatzeko. Nolanahi ere, irudiko ikertzaileak ez dira datuak biltzen ari; hegazkin batek jaurtitako tresna batzuk jasotzen ari dira.

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia