}

Proiektu inspiratzailea: Nola eragiten die landareei erretzaileek lurrera botatzen dituzten zigarrokinek sortutako kutsadurak?

2024/04/30 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

proiektu-inspiratzailea-nola-eragiten-die-landaree
Arg. Pernan Goñi

Gaia

Tabakoaren kontsumoak eta gizabidearen kontrako portaerek ingurumenean duten eragina

Testuingurua

Guztiok ezagutzen ditugu tabakismoak osasunean dituen ondorio negatiboak, baina gutxi hitz egiten da tabako-kontsumoak ingurumenean duen eraginari buruz.

Tabakoaren ekoizpen intentsiboak ondorio nabarmenak ditu ingurumenean, tabako-landareen produkzioak (ur- eta pestizida-kantitate handiak behar ditu), tabako-industrietan zigarroak ekoizteak eta tabakoa kontsumitzeak sortzen dituen hondakinek eraginda. Baina tabako-kontsumoaren hondakin kutsatzaile nagusietako bat zigarrokinak dira. Hondartzetako eta hiri-inguruetako hondakin ohikoenak dira, urte asko behar izaten dituzte deskonposatzeko, eta substantzia toxikoak eta kutsatzaileak askatzen dituzte. Zigarrokin batek 50 litro ur kutsa ditzake, iragazkiak zigarroaren nikotina eta mundrun gehiena pilatzen baitu.

Beraz, garrantzitsua da kontsumo-portaera osasungarriak izateaz gain, gizabidearen kontrako portaerak saihestea, hala nola zigarrokinak lurrera ez botatzea, ingurumenean izan ditzaketen ondorioak murrizteko.

Ikerketa-galdera

Nola eragiten die landareei erretzaileek lurrera botatzen dituzten zigarrokinek sortutako kutsadurak?

Ikerketaren helburuak

  • Tabakoaren produkzioak eta kontsumoak ingurumenean duten eragina aztertzea.
  • Zigarrokinak lurrera botatzeak izan dezakeen inpaktuaz jabetzea.
  • Jendearen kontsumo-portaerek eta gizabidearen kontrako portaerek ingurumenean izan ditzaketen ondorioez jabetzea.

Esperimentaziorako proposamena

  • Tabakoaren industriak ingurumenean duen eraginari buruzko informazioa bildu eta aztertu.
  • Landareak ureztatzeko erabiliko den ur kutsatua prestatu: lurrean aurkitzen ditugun 20 zigarrokin hartu (adi, eskularruak erabili), eta litro bat uretan jarri. 24 orduz zigarrokinak uretan egon ondoren, iragazki bat erabiliz, zigarrokinak kendu, eta “ur kutsatua” beste botila batean jasoko dugu (adi, ondo etiketatu botila, ur kutsatua dagoela adierazteko). Beste botila batean, ur garbia jaso.
  • Haziak ernetzen jarri: ontzi batean (jogurt-pote batean, adibidez) kotoia jarriko dugu, eta kotoiaren gainean, haziak (6 hazi ontzi bakoitzean). Nahi adina ontzi jar daitezke datu gehiago izateko.
  • Ontzietan haziak jarrita daudenean, ontzietako kotoia ureztatu. Ontzi bateko haziak ur garbiarekin ureztatuko dira, eta beste ontzikoak ur kutsatuarekin. Ontzi bakoitza ondo etiketatuko da, tratamendu bakoitza zein den jakiteko. Garrantzitsua da ontziak zulotxo bat izatea sobera dagoen ura ontzitik ateratzeko.
  • Ontziak leku epel batean jarri, eta egunez egun aztertu haziak nola ernetzen diren. Zenbat denbora behar dute ernetzeko? Zenbat hazi erne dira? Zer itxura eta tamaina dute landareek? …
  • Bi tratamenduetako datuak aztertu, zigarrokinekin kutsatutako urarekin ureztatzearen ondorioak aztertzeko.
  • Esperimentuarekin jarraitzeko, landareak lurra duen ontzi batean birlandatu, eta bi ur-motekin ureztatzen jarraitu. Hala, erneketan izan dezakeen eraginaz gain, ur kutsatuak landareen garapenean izan dezakeen eragina azter daiteke.
  • Bildutako informazioa eta esperimentuetako emaitzak aztertu eta ondorioak atera.
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxearen webgunean eta sare sozialetan jarriz, erakusketa baterako panelak egin eta ikastetxean/ herrian jarriz, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

Hausnarketarako gakoak

  • Gizakion kontsumo-portaerek ingurumenean dituzten eraginak.
  • Gizalegearen kontrako portaerak eta ingurumena errespetatzen ez dutenak.
  • Zigarrokinak eta suteak.
  • Tabakoaren prezioa eta zergak.

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia