}

Ozono-geruza suntsitzen duten substantzien mailak behera egin du atmosferan

2024/06/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ozono-geruza-suntsitzen-duten-substantzien-mailak
Karbonoa Behatzeko Sistema Integratuaren (ICOS) Jungfraujoch estazioa (Suitza), hidroklorofluorokarbonoen neurketak egiteko erabili den behatokietako bat. Arg. Jungfrau.ch

Ozono-geruza suntsitzen duten substantzien mailak nabarmen murriztu dira atmosferan. Horixe erakutsi du Nature Climate Change aldizkarian argitaratu duten azterketa batek. Zehazki, hidroklorofluorokarbonatuen (HCFC) atmosferako maila nabarmen jaitsi da, lehenengoz. HCFCek, gainera, berotegi-efektu handia ere eragiten dute; eta beraz horiek murriztea garrantzitsua da berotze globalari aurre egiteko ere.

Mundu osoan banatutako behatoki atmosferikoetan egindako doitasun handiko neurketen bidez lortu dituzte emaitzak. Eta ikertzaileek azpimarratu dute emaitza itxaropentsu horiek berretsi egiten dutela nazioarteko protokoloen garrantzia. Hain zuzen ere, 1987an adostu zen Montrealgo Protokoloa ozonoa suntsitzen duten substantzien ekoizpena eta erabilera erregulatzeko.

Protokolo horri esker, 2010etik mundu osoan debekatuta daude klorofluorokarbonatuak (CFC). Baina CFCak HCFCekin ordezkatu ziren neurri handi batean, eta orain horiek ere murrizteko fasean gaude. 2040an dago ezarrita epemuga HCFCak erabiltzeari guztiz uzteko.

2021ean iritsi ziren maximora HCFCen emisioak. Hurrengo bi urteetan zertxobait behera egin zuen, baina oso gutxi. Eta aurtengo neurketek, berriz, beherakada nabarmena erakutsi dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia