"Oso pozgarria zen ikustea nolako mesedea egiten zien ariketak"
2025/06/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nora García Alonsok duela gutxi bukatu du doktore-tesia, eta grinaz hitz egiten du bere ikerketaz: ariketa fisikoaren onurak COVID iraunkorra duten pazienteetan. Batxilergoa ikasten ari zenean, ordea, ez zuen imaginatzen unibertsitatean ikasiko zuenik, eta are gutxiago tesi bat egingo zuenik ere. “Unibertsitatea pertsona azkarrentzat zela uste nuen, eta ez nuen nire burua oso azkartzat”, aitortu du.
Hala, lanbide heziketako goi-mailako ziklo bat egitea erabaki zuen, diagnosi-irudiaz eta medikuntza nuklearraz. Eta orduan ikusi zuen gustuko zuela jendearekin tratua izatea. “Gainera, nire aita osteopata da, eta txikitatik ikusi izan dut pazienteekin lanean, arazo muskulueskeletikoak tratatzen eta lesioetatik errekuperatzen laguntzen. Eta ni ere ondo moldatzen nintzela ikusita, fisioterapia ikastea erabaki nuen”. Atzera begira, uste du erabaki ona izan zela aurrena zikloa ikastea: “Niri aproposa iruditzen zait, ez badaukazu garbi karrera bat egin nahi duzula edo ez badakizu zer ikasi”.
Zaragozan ikasi zuen fisioterapiako gradua, ez baitzeukan Tuterakoan sartzeko behar zuen gutxieneko nota. “Eta esan beharra daukat asko gustatu zitzaidala, espezialitate pila bat baitaude. Eta justu graduko praktikak egiten hasi behar genuenean, itxialdia agindu zuten pandemiagatik.
Iruñera itzuli zen eta, pandemia amaitu zenean, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroan hasi zituen praktikak. “Nire ahizpak, une hartan bertan lanean ari zenak —eta gaur egun zentroko doktoretza ondoko ikertzailea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea denak—, Mikel Izquierdo Redín ikertzaile nagusiarekin hitz egin zuen, eta hari esker sartu ahal izan nintzen. Ikerketa taldeak Ariketa fisikoa, Osasuna eta Bizi kalitatea du izena, eta esperientzia hainbeste gustatu zitzaidanez, ikerketa soziosanitarioko masterra egitea erabaki nuen.
Onura nabarmena
Pandemia bukatu zenean, COVID iraunkorra zuten pazienteekin ikerketa bat egiteko aukera ikusi zuten Izquierdok eta Robinson Ramírez Vélez, eta haien eskutik hasi zen egiten tesia Nora García. “Garai hartan, oso gutxi genekien COVID iraunkorrari buruz. Ikerketan, sintomekin gutxienez hiru hilabete zeramaten pazienteek parte hartu zuten, eta nahiko etsita zeuden. Izan ere, COVIDa sintoma arruntekin gainditu zuten, eta ez ziren ingresatuta egon. Eta osasun-probak egiten zizkietenean, ez zieten ezer aurkitzen; baina ez ziren bizimodu normala egiteko gai. Adibidez, ezin zuten igo pisu bat eskaileretatik, edo ez zuten zortzi orduko lanaldia egiteko indarrik”. Hortaz, asko eskertzen zuten ikerketan parte hartzea, aintzat hartzen zituztela sentitzen baitzuten.
“Horrez gain, onura nabarmenak izan zituzten ariketa fisikoari esker, bihotz- eta arnas gaitasunean eta indar muskularrean. Baina, batez ere, hobekuntza handiena bizi-kalitatean nabaritzen zutela esaten zuten. Oso pozgarria zen ikustea nolako mesedea egiten zien ariketak, eta zenbat laguntzen zien fisikoki eta psikologikoki. Batzuek aitortzen ziguten ez zutela inoiz egin kirolik, baina guregana gustura etortzen zirela, oso jatorrak ginelako”, baieztatu du Garcíak.
Jada bukatu du tesia, eta orain ikertzen jarraitzen du talde berean, eta klase batzuk ere ematen ditu unibertsitatean. “Hirugarren eta laugarren mailan ematen ditut klaseak, eta gustatzen zait lan hori ere; bereziki, ikasleekin dugun harremanarengatik. Etorkizunean, bietan jarraitu nahiko nuke, ikertzen eta irakasten. Ez da erraza, baina ea zortea dudan…”, onartu du, itxaropentsu. Bukatzeko, esker ona adierazi nahi izan die Izquierdo eta Ramírezi.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia