}

OMEK malariaren lehen txertoa gomendatu du haurrentzat

2021/10/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

omek-malariaren-lehen-txertoa-gomendatu-du-haurren
Malariaren aurkako haurren txertaketa pilotuaren une bat, Ghanan. Arg. WHO/Fanjan Combrink

Urtean, 5 urtetik beherako 260.000 haur hiltzen dira malariak jota, Saharaz azpiko Afrikan. Heriotza horiek eragotzi ditzakeen txerto bat baimendu berri du Osasunaren Mundu Erakundeak. “Une historikotzat” jo du Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEren zuzendari nagusiak.

RTS,S txertoa da OMEK baimendutakoa, eta, 2019tik, Ghanako, Keniako eta Malawiko 800.000 haurrek jaso dute txertaketa-pilotu batean. Pilotuan frogatu dute txertaketa egingarria dela, segurua, eraginkorra (% 30 gutxitzen du malaria larria izateko arriskua), ez dituela beste esku-hartze sanitarioak oztopatzen, eta onura kostuaren gainetik dagoela.

RTS,S Plasmodium falciparum bizkarroiaren aurkakoa da, eta haren proteina batzuk daramatza, haiekiko erreakzio immunitarioa eragiteko. 1980ko hamarkadaren amaieran sortu zuten SmithKline Beecham Biologicals konpainiarako lan egiten zuten ikertzaileek, eta EMA Sendagaien Europako Agentziak 2015ean baimendu zuen. Malariaren aurka baimendutako lehen txertoa bilakatu zen. Orain, proba pilotoaren ondoren, OMEk haurrentzat gomendatu du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia