}

Nerbioi-Ibaizabaleko gazteen STEAM diagnosia aurkeztu da

2021/10/27 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Eskualdean egin berri den gazteen STEAM diagnosiaren emaitzek erakutsi dute baxua dela gazteek arlo hauetan lan egiteko duten interesa eta eskualdeko lan-arloaz duten ezagutza.
nerbioi-ibaizabaleko-gazteen-steam-diagnosia-aurke

 

Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyar STEAM Hezkuntza arloko koordinatzaileak, “Nerbioi-Ibaizabaleko gazteen STEAM diagnosia”ren berri eman du Galdakaon egin den prentsaurrekoan. Eskualdeko 14 eta 16 urte bitarteko gazteek STEM arloen inguruan duten autopertzepzioa ezagutzeko asmoz egin da. Gainera, neska eta mutilen artean dauden desberdintasunak eta eskualdeko industriari buruz duten ezagutza aztertu dira. Eskualdeko 11 ikastetxek hartu dute parte, eta, guztira, 573 gazteren erantzunak jaso dira.

 

Hauek dira emaitzen azterketatik ateratako ondorio nagusiak:

  • Oro har, neskek interes handiagoa erakutsi dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago. Nesken intereseko gai ugari horietan, toki txikia hartzen dute zientziak eta teknologiak; mutilen interesetan, ordea, handia.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da oro har. Neskek Biologian dute interesik handiena; mutilek, aldiz, Informatikan.
  • Desberdintasuna nabaria da etorkizunean STEM arloan lan egiteko azaldu duten interesarekin ere: mutilen % 56,9k eta nesken % 27,3k adierazi dute etorkizunean STEM arloan jardutea gustatuko litzaiekeela.
  • STEM profesionalak pertsona langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta ordenatuak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira. Lanpostu horietan lan egitea ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zailarekin lotu ohi dute gazte askok, eta, ondorioz, bestelako ikasketak hautatzeko aukerak handitu egiten dira.
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila desberdina hautematen dute: mutilen % 56,9k eta nesken % 31,4k ikusten dute euren burua sektore horretan lanean.
  • Nesken % 50ek eta mutilen % 20k, gutxi gorabehera, uste dute STEM arloan jarduten duten emakume eta gizonek lan-baldintza desberdinetan lan egiten dutela. Neskek ikuspuntu baikorragoa dute eskualdeko lan-baldintzekiko.
  • Gazteen % 40k, gutxi gorabehera, adierazi dute ez dutela ezagutzen Nerbioi-Ibaizabaleko industria, eta, orokorrean, mutilek neskek baino konnotazio positiboko hitz gehiago aipatu dituzte eskualdeko industriak iradokitzen diena adierazteko. Ondorioz, bertan lan egitea hobeto baloratu dute mutilek.

Oro har, azterketaren emaitzek erakusten dute eskualdeko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko txikiagoa dutela ere bai.

Galdetegiaren emaitza guztiak “Nerbioi-Ibaizabaleko STEAM diagnosia” txostenean bildu dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia