Nanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute
2020/09/29 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizkarrezur-muineko lesioak osatzeko bidean, urrats garrantzitsua eman dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Izan ere, neuronen arteko konexioa berrezartzea eta lesioa konpontzea lortu dute.
Lehendik ere frogatuta zeukaten neurona-konexioak sortzen zirela in vitro sistemetan —alegia, zelula-kulturetan—, baina bizkarrezur-muineko lesiodun animalietan in vivo batera jauzi egitea falta zen. Oraingoan, emaitza funtzionalak lortu dituzte bizkarrezur-muina partzialki ebakia daukaten animalietan: eraginkortasunez konektatu dituzte berriro zuntzak. Nerbioak lesionatuta zeuden tokian bertan konektatu dira berriro, eta, gainera, animaliek hanken funtzionaltasuna berreskuratu dute. Halaber, frogatu da material biobateragarria dela, alegia, ez da inolako erreakzio immunerik hauteman.
Karbonozko nanohodietan oinarritutako biomaterialak erabili dituzte horretarako, bere propietate elektriko eta mekanikoei esker egokiak zirela aurreikusi baitzuten. Bereziki, nerbio-zelulak eta bihotz-zelulak bezalako zelula kitzikakorren arteko interakzioak sortzeko interesgarriak izan daitezke karbono-nanohodiak. Zelulen arteko komunikazioa ahalbidetzeaz gain, nerbio-hazkuntzari eutsiko dioten aldamio mekanikoki egonkorrak ere eraiki daitezke haiekin, CIC biomaGUNEko ikertzaileen arabera. Kasu honetan, karbono-nanohodiz osatutako esponja moduko bat erabili dute, elkarrekin gurutzatzen diren zuntzez eratua.
PNAS aldizkarian argitaratu dute lana, eta CIC biomaGUNEko ikertzaileen arabera, urrats handia izango da etorkizunean bizkarrezur-muineko lesioak, nerbio optikoaren lesioak edota neuronen arteko konexioa galarazten duten lesio traumatikoak osatzeko. Baina zuhurtziaz hitz egiten dute, oraindik urrun baitago hori guztia gizakietara hedatzeko unea. Alderdi asko landu behar dira oraindik, materialaren ikuspegitik, materiala ezartzeko kondizioen ikuspegitik, materialak jarduteko kondizioen ikuspegitik, eta abar. Adibidez, funtsezkoa da materialaren propietate mikroestruktural eta mekanikoetan sakontzea, bai eta neuronen arteko konexioa erraztuko duten propietateetan ere, albo-efekturik gerta ez dadin edo gorputzak materiala bera errefusa ez dezan (zurruntasuna, elastikotasuna, harrotasuna, trinkotasuna, zuntzen arteko poroen tamaina, eta abar).
Bestalde, birkonexio-prozesu horren alderdi garrantzitsuetako bat da jakitea ea lesioaren aurretiko konexio berberak sortzen diren edo plastikotasun neuronala gertatzen den, alegia, ea lehen existitzen ez ziren konexioak sortzen diren eta, hala, nerbio-sistemak egoera berrira egokitzeko birkonektatzeko beste moduren bat bilatzen duen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia