}

Mina baretzen duten sendagai berriak

1999/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

San Frantzisko Unibertsitateko zientzialari-talde bat gizakion sistema immunologikoan parte hartzen duten erreakzio kimikoak ikertzen aritu da eta minaren sentsazioa bultzatzen duen proteina-entzima identifikatzea lortu du, C Kinasa proteina hain zuzen ere. Gorputzeko atal bat zauritzen denean sistema immunologikoak seinale kimiko batzuk igortzen ditu zauritutako ehunetara, eta hauei esker mina sentitzen duten neuronak sentsibilizatu egiten dira, egoera normalean jasaten dituzten kitzikapenak min-seinale bihurtzen dituzte eta, beraz, mugimendu edo kolpe txikiena mingarri bihurtzen da.

Seinale kimikoa kaltetutako zeluletara iristen denean zelularen azalean dauden seinale-hartzaileek zelularen barnera igortzen dute seinalea eta bertan erreakzio molekular bat gertatzen da, neuronak kitzikatzen dituena, eta ondorioz, minaren sentsazioa sortzen duena. Erreakzio molekular hori geldiaraziz minaren sentsazioa txikiagotu daitekeela uste du zientzialari-taldeak, eta horretarako neuronen barnean aurkitzen den C Kinasa proteina geldiaraziko duten medikamentuak sortu nahi ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia