}

Mielinak garunaren energia-gordailu gisa funtziona dezakeela frogatu dute

2024/01/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

mielinak-garunaren-energia-gordailu-gisa-funtziona
Lasterkari baten RMN bidezko irudiak. Erdikoan, esfortzuak eragindako mielina-galera nabari da. Arg. Pedro ramos Cabrer/CICbiomaGUNE

Ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean, adibidez, maratoi batean, nerbio-zelulek ordezko energia-iturrietara jotzen dutela berretsi dute ikerketa batean; tartean, mielinara, hau da, nerbio-zuntzak inguratzen dituen egiturara. Ikerketan hainbat zentrotako ikertzaileak aritu dira elkarlanean (EHU, CIC biomaGUNE, CIBERNED, Biobizkaia, Achucarro…), eta, adierazi dute, orain arte ezezaguna zen mielinaren bidezko plastikotasun metaboliko hori.

Ikertzaileek gogorarazi dute garunak, gorputzaren pisuaren % 2 inguru baino ez duen arren, gorputzak gastatzen duen energiaren % 20 kontsumitzen duela, eta haren energia-iturri nagusia glukosa dela. Ikerketa horretan, jakin nahi izan dute zer gertatzen zaion garunari glukosa gutxieneko beharren azpitik dagoenean; adibidez, maratoi edo ultramaratoi batean. 

Ikerketa egiteko, zenbait maratoi-lasterkariren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko bidez, lasterketaren aurreko eta ondorengo egunetan eta handik bi astera. Hala, ikusi dute maratoia egiteak mielina-edukia murrizten duela, garuneko gai grisaren eta zuriaren zati handi batean. Eragina antzekoa da bi hemisferioetan, eta itzulgarria da. Hau da, esfortzua amaitu eta bi astera mielina-mailak ia lehengoak izan ziren. Esfortzua gehiegi luzatuko balitz, baina, garunean ondorio funtzionalak izan ditzakeela ohartarazi dute ikertzaileek.

Nolanahi ere, ondorioztatu dute mielina ordezko energia-biltegi bat izan daitekeela, garunak erabili ohi dituen nutrienteak urritzen direnean erabiltzeko modukoa. Are gehiago, adierazi dute erabilera horrek garunaren eskakizun energetikoei buruzko ikuspegi berri bat ireki duela, eta horrek eragina duela, bai kirolarien errendimenduan, bai biztanleria orokorraren nutrizioan. Neuroendekapenezko gaixotasunak aztertzeko eta tratatzeko ildo berriak ere ireki ditzakeela aurreratu dute, hala nola, esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun desmielinizatzaileak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia