Metafora arriskutsuak
2020/03/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken egunetan, Espainian zein beste herrialde batzuetan, gerra hizkera nagusitzen ari da agintarien artean, COVID-19az eta koronabirusaz aritzean. Joera horrek kritika zorrotzak jaso ditu, alderdi askotatik, baita ikuspegi zientifikotik ere.
Izan ere, birusen izaera aintzat hartuta, guztiz desegokia da gerraren metafora. Birusak ezin dira garaitu. Munduan, 10 ber 31 inguru daudela kalkulatzen da, bizidun-mota guztiak infektatzen dituzte (bakterioak, landareak, onddoak, animaliak), eta milioika eta milioika horietatik gutxi batzuk baino ez dira patogenoak. Ezin dutenez iraun eta ugaldu beste bizidunen zeluletatik kanpo, askok ez dituzte biziduntzat jotzen. Edonola ere, eboluzioaren motorra dira, eta gure DNAk haien arrastoak ditugu. Gugan bizi dira, guri esker, eta, neurri batean, gu ere bai haiei esker. Testuinguru horretan, gerraz hitz egiteak ez du zentzu handirik.
Tamalez, COVID-19 gaitza eragiten duen birusa (SARS-CoV-2) patogenoa da. Batez ere, birika-albeoloetako zelulak infektatzen ditu, eta, kasurik okerrenetan, pneumonia eragiten du. Zainketa berezien unitateetan tratatzen dituzte gaixo larrienak; ospitaleetako geletan ari dira sendatzen beste asko, eta sintoma arinenak dituztenek beren etxeetan gainditzen dute gaitza. Aldi berean, antibirikoak eta txertoak garatzeko hainbat ikerketa daude martxan, eta gaitzaren hedapena geratzeko ahalegin betean dabiltza epidemiologoak eta osasun publikoko arduradunak. Elkarlana eta diziplinartekotasuna dira gakoak, ez armak eta indarkeria.
Gerraren metaforak bazter utzita, bi zientzialarik, Juan Luis Arsuaga Ferreras eta Maria Martinon Torres paleoantropologoek, baso-suteekin parekatu dute COVID-19a. Haien esanean, gaitza sua bezala hedatzen da. Sute handiak kontrolatzeko eta itzaltzeko, lehenik mapa bat eduki behar da, etengabe eguneratua, ikusteko non dauden foku nagusiak eta nola zabaltzen diren sugarrak. Gero fokuak itzaltzen joan behar da, eta hausberoak zaindu, ez daitezen berpiztu. Suhiltzaileez gain, baliabideak, informazioa, suebakiak eta populazioa babesteko neurriak behar dira. Eta errautsak baino geratzen ez direnean, suak erretako eremuak landatu beharko dira. Horretarako, aldaxkaren bat gordetzea komeni dela uste dute.
Bi zientzialariek, etorkizunerako ikasgaia emateaz gain, ez dute zalantzarik sutea hedatuko dela; haien metafora gerrarena baino gertuago dago errealitatetik. Eta horrek badu garrantzia; izan ere, errealitatea desitxuratzea eta gehiegizko itxaropena piztea kaltegarria da. Beste gaixotasun batzuetan garbi ikusi da, adibidez, minbizian: borrokaren metaforak eta irabaztearen mezuak aditzera ematen du gaitza gainditzen ez duenak ez duela nahikoa jarri bere aldetik.
Hitzen garrantziaren jakitun, otsailean, koronabirusak sortutako gaixotasuna Txinatik nazioartera hedatzen hasi zenean, COVID-19 izendatu zuen gaitza OMEk, herrialde jakin batekin lotzea eta arrazakeria eragozteko. Horrez gain, estigma saihesteko gida bat argitaratu zuen. Hain zuzen, estigmatizazioak albo-ondorio larriak ekar ditzake; esaterako, infektatutakoak beren egoera ezkutatzera bultza ditzake, eta, beraz, birusa besteei transmititzeko arriskua handitu. Hiesarekin eta beste gaixotasun infekzioso batzuekin gertatu izan dira horrelakoak. Hitzek ez dezatela birusaren kaltea areagotu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia