}

Marta Olazabal Salgado: “Eskari sozialean aldaketa bat egotea nahiko nuke”

2022/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Marta Olazabal Salgado (Bilbo, 1981) ikertzailea da Klima Aldaketaren Euskal Zentroan (BC3), eta Egokitzapena Ikerketa Taldeko burua. Duela gutxi, emakume zientzialarien lana eta ibilbidea aitortzeko Ikerbasquek ematen dituen sarietako bat jaso du; zehazki, ikertzaile gazteentzako Starting saria. Pozik hartu du, gizarte-zientzietan egiten den ikerketarentzako aitortza delakoan: “Gizarte-zientziak, klima-aldaketa, emakumeak eta ikerketa batzen dituen saria da; ez da txarra!”. Azkar eta zehatz erantzun die Elhuyar aldizkariaren galderei.

marta-olazabal-salgado-eskari-sozialean-aldaketa-b
Arg. BC3
Klima-aldaketako ikertzailea
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Urteetan, nire lana izan da aztertzea zer ari diren egiten hiriak klima-aldaketarekiko, bai isuriak gutxitzeko, bai aldaketara egokitzeko: zer politika dituzten, zer ekintza ari diren diseinatzen…

Bada, niretzat desengainu handia izan zen, ikertzaile zein herritar gisa, ohartzea plan eta politika horietako askok ez zutela sinesgarritasunik, ezta zilegitasunik ere. Adibidez, ikusi nuen ez zutela funts ekonomikorik haiek aurrera eramateko, eta klima-aldaketa ez dagoela gure lehentasunen artean.

Nolabait esateko, auzokideen erkidegoko bilera batera lehen aldiz joan nintzenean izan nuen antzeko sentipena jaso nuen honetaz ohartzean: erkidegoaren onuran pentsatu beharrean, bakoitzak bereari begiratzen zion, ikusi gabe ondokoari on egiten dionak guztioi egiten digula on, nahiz eta onura hori ez sumatu zuzenean, ez berehala. Norberekoikeria da, funtsean, eta hori hirien mailan ere ikusten da. Ez da izan bat-bateko kontu bat, denboran ikusten joan naizena baizik, baina bada gehien asaldatu nauena.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Nire ustez, akats bat da norbanakoen gainean soilik jartzea ardura eta erantzukizuna klima-aldaketarekin, isuriekin edo jasangarritasunarekin lotutako auzietan. Izan ere, gauza asko ez daude gure esku. Oso bizimodu estuak ditugu, eta, askotan, ez dugu gauzak beste era batera egiteko aukerarik. Adibidez, lantokira joateko, autoa hartu beharra daukat, hara joateko ez dagoelako garraio publikorik.

Horrenbestez, nik aldaketa hau ikusi nahiko nuke: komunitateak eskatzea politikariei eta agintariei neurri sinesgarriak, egingarriak, eraginkorrak eta behar besteko finantziazioa dutenak. Herriko, erkidegoko eta herrialdeko aurrekontuen zati bat benetan bidera dadila jasangarritasuna hobetzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko politiketara. Azken finean, gure bizimodua eta osasuna hobetzeko izango dira.

Izatez, osasuna ekintza horien onuradun zuzena da, baina badirudi kostatu egiten zaigula ikustea, eragina ez delako berehalakoa eta agerikoa. Beharrezkoa da begirada zabaltzea, eta nahiko nuke eskari sozialean aldaketa bat egotea, agintarien kudeaketa etorkizun hobe baten aldekoa izan dadin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia