}

Lore ezezagunak

1994/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1. Arabidopsis thaliana izeneko loreak lau petalo ditu lorezilak inguratuz.
2. Manipulazio genetikoak eragiten zaizkio, eta lehen fasean lorezilak petalo bihurtzen dira.
3. Beste mutazio baten bidez, erabat hostoz osatutako lorea lortzen da.

Estatu Batuetan, Pasadena-ko California Institute of Tecnology erakundearen laborategietan, Elliot Meyerowitz irakasleak munduan beste inon ez bezalako loreak hazi ditu. Batzuek petaloen ordez hostoak dituzte, edo pistiloak lorezilen ordez. Manipulazio genetikoz lortuak dira, hain zuzen, lore bitxi hauek.

Lorazainek aspaldi ikasi zuten polinizazio gurutzatuaz edo hibridoak hautatuz lore berriak sortzen. Horrela sortu da joan den mendean ez zegoen hainbat tulipa eta arrosa. Arto, arroz eta gari hibridoak ere horrela lortuak dira. Metodo klasiko hauetan, milaka eta milaka gene nahastu eta gero (zoriz nahastuta lortutako produktuetan) ezaugarri interesgarrienak dituzten aleak hautatzen dira.

Mayerowitz irakaslearen prozedura, ez da klasikoa; zoriak ez baitu hemen eraginik. Lehenik, lorearen organo desberdinen eraketan dauden etapa desberdinak zein genek kontrolatzen dituzten zehaztu du, eta ondoren, komeni zaizkion geneak laborategian lortutako beste mutazio-gene batzuez ordezkatzen ditu. Bere saiakuntzak egiteko ziapearen familiako landare txiki bat aukeratu du; Arabidopsis thaliana izenekoa. Gene gutxi duelako aukeratu du, hain zuzen, espezie hau, baina gizakion elikaduran garrantzi handia duten landareetan ere erabili ahal izango dela espero da.

Beste organismo bizidunengan bezalaxe, landarearen enbrioian gene-talde batek (Homeobox edo Hox izenekoek osatutakoak) zehatz-mehatz kontrolatzen du garapena. Delako Hox gene horiek, beren garai jakinean, ingurune jakinean eta iraupen jakin batez aktibatzen dira. Gero eraginik ez dute izan behar, bestela malformazioak eta kontrolik gabeko zelula-hazkundeak izaten dira eta.

Zenbait Hox generengan mutazioak eraginda, Arabidopsis thaliana espeziean gene bakoitzaren zeregina eta aktibazio-sekuentzia identifikatu du Meyerowitz irakaslearen taldeak. Lorearen hosto, petalo, sepalo eta gainerako organoak eratzea zein genek kontrolatzen duten identifikatu dituzte. Gene hauek berdintsuak dira eta badirudi jatorri berekoak izanik espezializatu egin direla. Gene hauek aldatzea da munduan beste inon ez bezalako loreak lortzeko sistema.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia