}

Lindanoa lurzorutik kentzeko konposatu bat sortu dute

2023/10/23 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lindanoa-lurzorutik-kentzeko-konposatu-bat-sortu-d
Arg. vkingxl / Pixabay

Lindanoa zabortegietatik eta kutsatutako lurretatik kentzea errazten duen konposatu bat sortu dute Nafarroako Unibertsitateko eta Magna eta Emgrisa enpresetako ikertzaile-talde batek. Konposatu hori zuzenean erabili daiteke lurzoruan, poluitutako eremua garbitzeko. Journal of Environmental Management aldizkarian eman dute lorpenaren berri

Lindanoa oso toxikoa, iraunkorra eta biometagarria da. Urte askoan erabili izan da intsektizida gisa, eta Europar Batasunean debekatuta dago 2008tik, ingurumenean eta osasunean eragiten dituen kalteengatik.

Konposatu berria mikroporoz betea dago, eta bereziki xurgatzailea da atmosfera erreduzitzaile eta alkalinoan. “Azken produktua ekonomikoki bideragarria da, ekoizteko erraza, ekonomia zirkularreko lehengaiak ditu eta oso eraginkorra da”, dio Javier Errok, Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitate eta Ingurumen Institutuko ikertzaileak.

Berritasun nagusietako bat da zuzenean aplikatu daitekeela, kutsatutako lurzoruan isolatu beharrik gabe. Gainera, frogatu dute lindanoaren % 90etik gora ezabatzen duela denbora gutxian. Bestetik, azpimarratu dute beste konposatu organiko edo ez-organiko berreskuratzeko ere balio duela; hala nola, metal astunak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia