}

Kukuaren amarruak

2001/03/22 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Garaia ere halakoxea dugu eta kukuak berriz ere gurekin ditugu. Jada hasi dira kukuka, beraz, adi patrikei eta sartu txanponen bat edo beste, badaezpada.

Baina, dakizuenez, kukuak beste txorien habietan jartzen ditu arrautzak. Habia bakoitzean arrautza bana jartzen du eta ordezko gurasoek hazten dituzte kuku-txitak. Normalean, eskualde bakoitzean txori-espezie jakina parasitatzeko joera izaten dute bertako kukuek. Eta eskualde bakoitzean gehien parasitatzen duten espeziearen arrautzen antzekoak jartzen dituzte kukuek. Horrela, ostalaria ez konturatzea lortu nahi dute. Ondoren, kuku-txita jaio eta egingo duen lehenengo gauza beste arrautza edo txitak habiatik botatzea izango da, janari guztia berak eskura dezan. Izan ere, askotan kuku-txita bera baino txikiagoak diren txoritxoez baliatzen dira kukuak.

Dena den, hainbatetan arrautzek ez dute ostalariarenaren batere antzik (adibidez, kukuak espezie askoren habiatan jarri dituenean arrautzak), baina txoriak ez dira konturatzen eta ez dute arrautza berria habiatik kanporatzen. Nola liteke, beraz, hain imitazio txarra diren arrautzekin ere ostalaria engainatzea? Australian egindako ikerketa batean espektrofotometroa erabili dute dirdira, kolorearen tonua eta kolorearen asetasun-maila neurtzeko, bai argi ikugaiarena baita argi ultramorearena ere, hegaztiek espektro hori guztia ikusten baitute. Eta hara non, gure ustez antzik ez duten arrautzak argi ultramorean ikusi eta nahiko antzekoak bilakatzen diren. Beraz, baliteke kukuak tranpa hori erabiltzea ostalariak engainatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia