Jokoen teoria erabiltzen dute metastasien jokaera aztertzeko
2021/10/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EHUko Analisi Ekonomikoko ikertzaileak eta Biocruceseko patologoak elkarlanean ari dira tumoreetako zelulak nola lehiatzen diren ulertzeko. Horretarako, jokoen teoria baliatzen ari dira. Hain zuzen, teoria horren ikuspegitik, joko bat egoera gatazkatsu bat da, zeinetan norbanakoen interes kontrajarriak gailentzen baitira; testuinguru horretan, alderdietako batek erabaki bat hartzen duenean, beste alderdiak hartuko duen erabakian eragiten du. Horrenbestez, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakietan oinarrituta zehazten da gatazkaren emaitza.
Frogatu dutenez, jokoen teoria baliagarria da, batetik, tumore-zelulen arteko eta, bestetik, tumore-zelulen eta ostalari-zelulen arteko elkarrekintzak argitzeko. Izan ere, elkarrekintza horiek oso konplexuak dira, eta oraindik ez dira ondo ezagutzen. Minbizia norbanakoen multzo baten disfuntzio sozial gisa hartzeak azterketarako ikuspegi berriak eman ditu, eta etorkizunean emaitza oparoak izatea espero dute.
Hasteko, tumore bateko zelulen heterogeneotasunak zer eragin duen ulertzen saiatu dira, modelizazioen bidez. Hala, tumoreetako zelulen arteko lehia nolakoa den ikusteko ereduak sortu dituzte, eta hipotesi hau planteatu dute: zelula tumoralen azpimultzo baten erantzun bat da metastasia. Haren bitartez, egonkortasun kolektiboa bilatzen dute zelulek, tumore primariotik urrun, desagertzea saihesteko. Hipotesiak bat egiten du tumore gaiztoetan zelula tumoralek ingurune egokiago bat bilatzeko joera dutelako ikuspegiarekin.
Ikertzaileen arabera, joko-teoriak agerian jarri duen konjetura da, tumoreetako zelulen heterogeneotasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kaltegarriagoa izan litekeela minbizi-zelulentzat, eta orduan eta hobea pazientearentzat. Alegia, zelula-dibertsitate handiko minbiziak onuragarriagoak dira pazientearentzat, dibertsitate txikiko tumore batek eragindako minbizia baino. Hortik ondorioztatu dute epe luzera litekeena dela ez izatea ona tumore bateko zelula-mota guztiak ezabatzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia