John Snow Memoranduma
2020/12/02 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
SARS-CoV-2 birusak (arnas sindrome akutu larriaren koronabirus 2a) 35 milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu mundu osoan, eta milioi bat heriotza baino gehiago eragin ditu 2020ko urriaren 12ra arte, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Kontuan hartuta COVID-19aren bigarren olatu bat Europari eragiten ari zaiola, eta negua gerturatzen ari dela, komunikazio argia behar dugu COVID-19ak dakartzan arriskuez eta hari aurre egiteko estrategia eraginkorrez. Memorandum honetan, gure ikuspegia plazaratzen dugu, COVID-19az ebidentzian oinarrituta egun dagoen adostasunari buruz.
SARS-CoV-2a erraz hedatzen da kontaktuz (aerosol eta tanta handien bidez); eta distantzia handiagoan, aerosolen bidez, bereziki aireztapena txarra denean. Kutsagarritasun handiak [1] eta populazioak birus berriarekiko duen sentiberatasunarekin batera, gizartean azkar transmititzeko baldintzak sortzen ditu. COVID-19 gaixotasunaren heriotza-tasa sasoiko gripearena baino zenbait aldiz handiagoa da [2], eta infekzioak gaixotasun iraunkorra eragin dezake, baita aurretik osasuntsu zeuden gazteen artean ere (hau da, “COVID luzea” [3]). Ez dago argi zenbat denbora irauten duen immunitate babesleak [4], eta, sasoiko beste koronabirusak bezala, SARS-CoV-2a gai da berriz infektatzeko gaixotasuna igaro duten pertsonak, baina berrinfekzioen maiztasuna ezezaguna da [5]. Birusaren transmisioa arindu egin daiteke urruntze fisikoa, maskaren erabilera, esku- eta arnas-higienearen bidez, eta jende-pilaketak eta gaizki aireztatutako leku itxiak saihestuta. Test azkarrak, kontaktuen jarraipena eta isolamendua ere funtsezkoak dira transmisioa kontrolatzeko. Munduko Osasun Erakundea neurri horien alde agertu da pandemia hasi zenetik.
Pandemiaren hasierako fasean, herrialde askok konfinamenduak ezarri zituzten (biztanleria orokorrari mugak jarri zizkioten, etxean gelditzeko eta telelana egiteko aginduak barne) birusaren hedapen azkarra geldiarazteko. Hori funtsezkoa izan zen heriotza-tasa murrizteko [6],[7], osasun-zerbitzuek gainezka egin ez zezaten, eta denbora irabazteko, pandemiari erantzuteko sistemak ezarri eta, konfinamenduaren ondoren, transmisioa eten ahal izateko. Konfinamenduak oso gogorrak izan dira alde guztietan, pertsonen osasun fisiko eta mentalean eragin handia izan dute eta ekonomiari kalte egin diote. Hala ere, ondorio okerragoak izan dituzte, konfinamenduaren ondoren eta bitartean denbora pandemia kontrolatzeko sistema eraginkorrak ezartzeko erabiltzen jakin ez zuten herrialdeetan. Pandemia eta haren eragin soziala kudeatzeko neurri egokien faltan, herrialde horiek murrizketa etengabeak izan dituzte.
Horrek guztiak, jakina, etsipena eta mesfidantza sortu ditu. Bigarren olatuaren etorrerak eta etorkizuneko erronkez jabetzeak talde-immunitateari buruzko interesa berritu dute, eta proposatu da arrisku txikiko biztanleen artean ahalbidetu daitekeela COVID-19aren kontrolik gabeko agerraldi bat, pertsona ahulenak babesten diren bitartean. Horren aldekoek iradokitzen dute arrisku txikiko populazioa hartutako immunitate kolektiboa garatzera eramango lukeela, eta ahulenak babestuko lituzkeela. Falazia arriskutsua da hau, eta ebidentzia zientifikoak ez du babesten.
Infekzio naturalaren bidez hartutako immunitatean oinarritutako estrategia oro akastuna da COVID-19aren kudeaketan. Pertsona gazteenen arteko kontrolik gabeko transmisioak morbilitate-arriskua [3] eta hilkortasun-arrisku nabarmena du biztanleria osoan. Giza kostuaz gain, horrek biztanleria aktibo osoari eragingo lioke, eta osasun-sistemen arreta-gaitasuna gaindituko luke, ohiko arretan eta larrialdietan.
Gainera, SARS-CoV-2aren infekzio natural baten ondoren, ez dago immunitateak luzaroan babesten duelako ebidentziarik, eta immunitatea gutxitzen joatean sortu litekeen transmisio endemikoak arriskua ekarriko lieke populazio zaurgarriei etorkizunean. Horrelako estrategia batek ez luke amaituko COVID-19 pandemia, baizik eta epidemia errepikariak eragingo lituzke, txertoak iritsi aurretik gaixotasun infekzioso ugarirekin gertatu den bezala. Halaber, estres onartezina ekarriko luke ekonomiarentzat eta osasun-profesionalentzat; horietako asko COVID-19aren ondorioz hil dira edo ondorio psikologikoak izan dituzte hondamendietako medikuntzan aritzearen ondorioz. Gainera, oraindik ez dakigu nork izan dezakeen COVID-19 iraunkorra [3]. Konplexua da zaurgarria nor den zehaztea, baina, bakarrik kontuan hartuta gaixotasun larria izateko arriskuan daudenak ere, eskualde batzuetako populazioaren % 30 zaurgarria da [8]. Populazioaren sektore handien isolamendu luzea ia ezinezkoa da eta ez da oso etikoa. Herrialde askotako ebidentzia enpirikoak frogatzen du ezinezkoa dela gizarteko sektore jakinetara mugatzea kontrolatu gabeko agerraldien eragina. Pandemiak agerian utzi dituen desberdintasun sozioekonomikoak eta egiturazko bereizketak areagotzeko arriskua dakar estrategia horrek. Funtsezkoak dira zaurgarrienak babesteko ahalegin bereziak, baina herritar guztientzako estrategiekin konbinatu behar dira.
Beste behin ere, COVID-19 kasuen hazkunde azkar bati aurre egiten ari gara Europan, Latinoamerikan, AEBetan eta munduko beste herrialde askotan. Funtsezkoa da erabakitasunez eta premiaz jardutea. Transmisioa eragozteko eta kontrolatzeko neurri eraginkorrak ezarri behar dira denean, eta finantza- eta gizarte-programek babestu behar dituzte, epe horretan gizartea babestu dezaten, eta pandemiak larriagotu dituen desberdintasunei aurre egin diezaieten. Baliteke denboraldi laburretarako murrizketak behar izatea oraindik, transmisioa murrizteko eta pandemiari erantzuteko sistema ez-eraginkorrak zuzentzeko, etorkizunean konfinamendurik egon ez dadin. Murrizketa horien helburua da SARS-CoV-2aren infekzioak eraginkortasunez eragoztea, agerraldi lokalizatuak azkar detektatzeko eta erantzun azkarra izateko, bilaketa, proba, jarraipena eta isolamenduaren bidez, eta bizitza ia normala izan dadin laguntzeko sistemen bidez, murrizketa orokorrik gabe. Gure ekonomien babesa COVID-19aren kontrolarekin lotuta dago ezinbestean. Gure biztanleria aktiboa babestu behar dugu eta epe luzeko ziurgabetasuna saihestu.
Japoniak, Vietnamek eta Zeelanda Berriak, herrialde batzuk aipatzearren, frogatu dute osasun publikoaren erantzun sendoek transmisioa kontrola dezaketela, bizitza ia normala izan dadin ahalbidetuz, eta era horretako istorio arrakastatsu asko daude. Ebidentzia oso argia da: COVID-19a gizartean zabaltzea kontrolatzea da gure gizarte eta ekonomiak babesteko modurik onena, datozen hilabeteetan txertoak eta terapia seguru eta eraginkorrak iritsi arte.
Ezin dugu arreta galdu erantzun eraginkorra lortzeko; funtsezkoa da presaz jardutea, ebidentzian oinarrituz.
Ekintzarako dei hau babesteko, sinatu John Snow Memoranduma.
ERREFERENTZIAK
1. Hao X, Cheng S, Wu D, Wu T, Lin X, Wang C. Reconstruction of the full transmission dynamics of COVID-19 in Wuhan. Nature 2020; 584: 420–24.
2. Verity R, Okell LC, Dorigatti I, et al. Estimates of the severity of coronavirus disease 2019: a model-based analysis. Lancet Infect Dis 2020; 20: 669–77.
3. Nature. Long COVID: let patients help define long-lasting COVID symptoms. Nature 2020; 586: 170.
4. Chen Y, Tong X, Li Y, et al. A comprehensive, longitudinal analysis of humoral responses specific to four recombinant antigens of SARS-CoV-2 in severe and non-severe COVID-19 patients. PLoS Pathog 2020; 16: e1008796.
5. Parry J. COVID-19: Hong Kong scientists report first confirmed case of reinfection. BMJ 2020; 370: m3340.
6. Flaxman S, Mishra S, Gandy A, et al. Estimating the effects of non-pharmaceutical interventions on COVID-19 in Europe. Nature 2020; 584: 257–61.
7. Dehning J, Zierenberg J, Spitzner FP, et al. Inferring change points in the spread of COVID-19 reveals the effectiveness of interventions. Science 2020; 369: eabb9789.
8. Clark A, Jit M, Warren-Gash C, et al. Global, regional, and national estimates of the population at increased risk of severe COVID-19 due to underlying health conditions in 2020: a modelling study. Lancet Glob Health 2020; 8: e1003–17.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia