}

Ikasle gazteak eta ikertzaileak eskolen energia-efizientzia aztertzen

2023/05/11 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

EASO Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasleek, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) ENEDI ikerketa-taldearekin batera, eskola-eraikinen energia-efizientzia ikertu dute 2022-2023 ikasturtean, ILARGI proiektuaren eta Elhuyarren Zientzia Azoka ekimenaren barruan.

ikasle-gazteak-eta-ikertzaileak-eskolen-energia-ef

 

Ikasleek, Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikerketa-taldeko ikertzaileekin batera, energia-efizientziaren nondik norakoak landu dituzte modu aktibo eta kolaboratiboan: hitzaldi dibulgatiboen bitartez, mundu mailako energia-kontsumoa eta EAEko datuak aztertu dituzte; etxebizitza baten eta ikastetxe baten nahitaezko kontsumoak baloratu dituzte; eta taldeka proposamenak garatu dituzte eskolako energia-efizientzia sustatzeko.

Ikerketa balioztatzeko, eskolako energia-eskaria neurtu dute, honako esperimentu hauen bidez:

  1. Eskola-eraikinaren instalazio termikoak aztertu, eta haien kontrola nolakoa den begiratu da.
  2. Eskolaren infiltrazioak “blower-door” deritzon entsegu estandarizatuarekin neurtu dira.
  3. Erradiazio termikoaren ezagutzak sustatzeko, ikerketa termografikoa egin da eskolan, eta hormetan egon daitezkeen zubi termikoak bistaratu dira.

Horretaz gain, energia-efizientzian diharduten profesionalen laborategia bisitatu dute gazteek, alegia, Eusko Jaurlaritzako Eraikinen Kalitate Kontrolerako Laborategia (EKKL).

  1. Passive House estandarra ezagutu dute, eta halako eraikinen adibide bat bisitatu dute Gasteizen (Europa Biltzar Jauregia).
  2. EKKLren sail termikoa, sail akustikoa eta sail mekanikoa bisitatu dituzte, eta bertako entseguak ikusi dituzte.

Bukatzeko, ikastetxearen energia-efizientzia sustatzeko jarduerak eta proposamenak landu dituzte ikasleek taldeka, denen artean eraikinaren energia-efizientzia hobetzeko.

Honelako jarduerak oso interesgarriak dira ikasleak zientzialarien paperean jartzeko, zientzialarien eta teknologoen egunerokoa nolakoa den ezagutzeko eta ikertzaileek egiten dituzten esperimentu eta ikerketa errealetan parte hartzeko.

 

ILARGI proiektuak Euskal Herriko Unibertsitateko dirulaguntza eta partaidetza izan du 2022ko Unibertsitatea/Enpresa/Gizartea ikerketa proiektuen baitan.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia