}

Iceberg baten abenturak

2006/11/19 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Iceberg baten, izotz-puska baten, bizitza ezin dela interesgarria izan pentsatuko du norbaitek. Bada, hori da B-15A-ren gorabeherak ezagutzen ez dituelako. Egia da ez duela oso izen xarmangarria, baina, gainerakoan, pelikula bat idazteko moduko biografia du gure B-15A-k.

Pelikuletako heroiek bezala, bizitza laburra izan zuen: 2005eko apirilean jaio eta urrian hil zen. Baina ez dezagun pelikularen amaiera behar baino lehen argitu.

B-15A iceberg erraldoia Drigalski izotz-muturra jo ez jo egon zenean, satelite bidez jarraitu zioten ikertzaileek gertaerari.
NASA

Esan bezala, B-15A iceberga 2005eko apirilean jaio zen. Haren ama, B-15, (orain argi dago izena norengandik datorkion) ikaragarrizko izotz-puska handia zen; are gehiago, munduko icebergik handiena zen. Antartikako Ross lurraldekoa zen: hango izotz-geruzatik banandua, Ross itsasoan bizi izan zen erditu zen arte. B-15 izotz-puska txikiagotan erditu zen, eta orduan jaio zen B-15A, amaren oinordekoa.

B-15A ehun kilometro luze eta hogeita hamar kilometro zabal zen. Haren ama baino txikiagoa zen, noski, haren zati bat zen eta, baina, hala ere, munduko icebergik handiena izan zen bizi izan zen artean.

Iceberg bihurria

Gure iceberga 2005eko apirilean egin zen famatua. Satelite bidez jarraitzen zioten NASA eta ESA espazio-agentzietako ikertzaileek. Bada, itsaslasterrek bultzatuta, Drigalski izotz-muturrerantz zihoala ikusi zuten; eta ikusmin handiz itxaron zuten iceberg handiak izotz-muturra joko zuen unea. Zer gertatuko zitzaion izotz-muturrari? Eta B-15A icebergari? Puskatu eta munduko iceberg handiena izateari utziko ote zion?

B-15A iceberga traban geratu zen kostaldean; izan ere, Antartikako ikerketagune asko kostaldean daude, eta itsasontziek hornitzen dituzte.(Argazkia : Glenn E. Grant, NSF)

Bada, azkenean, danbatekoa ez zen espero zuten bezain handia izan. B-15A ez zen asko txikitu eta iceberg handiena izaten jarraitu zuen.

Baina okerrena etortzeke zegoen. Izan ere, izotz-muturra jo ondoren, iceberga kostaldearen kontra geratu zen. Kezkatuta agertu ziren komunikabideen aurrean ikertzaileak: Adelie pinguino-kolonia bat bizi zen inguru hartan, eta elikatzeko, itsasora heldu behar zuten. Baina iceberg handi hura traba itzela zen itsasora iristeko. Beraz, itsasorako bidean goseak hil zitezkeen pinguinoak.

Baina Antartikako ikertzaileek kezka handiago bat bazuten. Antza, pinguino-koloniak ez ezik, hiru ikerketa-estazio ere badira inguru hartan. Eta horiek ere nekez iraungo zuten itsasoz iristen zitzaien horniduratik gabe.

Zorionez, B-15A ez zen luze egon kostaldeari itsatsita. Itsaslasterrek itsaso zabalera eraman zuten. Eta han hil zen.

Heriotza argitua

Duela gutxi jakin dugu nola hil zen B-15A. Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek argitu dute iceberg haren heriotza nola gertatu zen.

Adelie pinguinoen kolonia bat arriskuan egon zen B-15Aren eraginez: itsasora iristeko bide luzeagoa egin behar zuten.
Peter West, NSF

Ikertzaile horiek icebergen musika aztertzen dute. Dirudienez, icebergek soinu bereziak ateratzen dituzte, zurrumurru antzeko batzuk; eta horiek neurtzeko sentsore sismikoak erabiltzen dituzte. Bada, sentsore horiek, icebergen musikaz gain, beste bibrazio batzuk ere jaso zituztela ikusi zuten: ekaitz handi batenak, B-15A hondoratu zuen ekaitzarenak, hain zuzen ere.

Datu haiek itsasoan jarritako buiek jasotakoekin alderatu zituzten. Eta ikusi zuten iceberga zegoen lekutik hiru mila bat kilometrora izan zen ekaitz ikaragarri baten eraginez itsaski handia izan zela, eta olatuek irentsi zutela B-15A iceberga.

Agi denez, bizitza labur eta gorabeheratsua izan zuen B-15A iceberg erraldoiak. Ez da iritsiko Titanic hondoratu zuena bezain ezaguna izatera, baina meriturik ez du falta.

7K-n argitaratua.