}

Hondamenerako errezeta

1999/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iragan udazkenean ezagutu genuen Mitch hurakanak Erdialdeko Amerika osoan sekulako hondamena eragin zuen. Baina azkeneko hamarkadetan izan den Atlantikoko Ekaitz suntsitzaileena izan den arren, meteorologikoki ez da bortitzena izan eta bere eragin tragikoa lekuko geografiari eta herrien pobretasunari zor zaio.

Mitch hurakanaren bide bilgarria.

Mitch hurakana Karibe itsasoan sortu zen eta hasieran oso presio baxua lortu zuen, orain arte ezagutu den itsas ekaitz bortitzenetakoa bihurtu zelarik.Baina Karibe itsasoa zeharkatu eta Honduraseko kostara gerturatu zenerako indar asko galdu zuen eta Ekaitz Tropikal soil gisa katalogatu zen. Gehienez 97 km/h-ko haizea zuen. Arazoak Erdialdeko Amerikako zona menditsuetan sortu ziren: ekaitzak bertako aire hezea gorantz bultzatu zuen eta aire hori hoztu zenean sekulako euri-zaparradak sortu ziren, uholde bortitzak eraginez. Euriak gainera oihanean irekitako lur-sailak herrestan eraman zituen eta herri osoak lokatzetan lurperatu zituen.

Deforestaziotik lortutako lursailak ez dira eraikuntzarako baliagarriak, landareak kenduta ahulduta gelditzen baitira. Erdialdeko Amerikan ordea, ez dago lursail hauei buruzko inongo legeriarik eta jende txiroenak ahal den moduan eraikitzen du bere bizilekua. Bi faktore hauek konbinazio hilgarria sortu zuten iragan azaroan Honduras, El Salvador, Guatemala, Mexiko eta Nikaraguako zona txiroenetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia