}

Herrialde aberatsetako kontsumoak baso tropikalak soiltzen ditu

2021/04/06 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

herrialde-aberatsetako-kontsumoak-baso-tropikalak-
Kafe-sailak, Vietnamen. Arg. Trung_Le / Pixabay

Nazioarteko merkataritzak deforestazioan duen eragina neurtu dute Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu berri duten lan batean. Ondorioztatu dute herrialde aberatsetan hainbat produktu kontsumitzeak —hala nola, soja, kafea, kakaoa, palma-olioa eta egurra— lotura zuzena duela baso tropikalen soiltzearekin, eta gorantz doan joera dela, gainera.

Herrialde bakoitzak 2001 eta 2015 artean eragin duen deforestazio-aztarna kalkulatu dute ikertzaileek. Eta ikusi dute hainbat herrialdetan bertako basoen azalerak gora egin badu ere, deforestazio-aztarna handitu egin dela, bereziki, oihan tropikaletan, inportatuko produktuen eraginez. Esaterako, G7ko herrialdeetako kontsumoaren aztarna kalkulatu dute: pertsonako 3,9 zuhaitz galdu ziren urtean, batez beste.

Gai zehatzei begiratuta, ikusi dute, esaterako, Europan eta AEBn kontsumitzen den kafea ekoizteko Vietnamen basoak murrizten ari direla, Alemaniaren kakao-kontsumoa mehatxu handia dela Boli Kostako eta Ganako basoentzat, edo nekazaritza-produktuen Japoniako eskariak lotura zuzena duela Tanzaniako kostaldearen soiltzearekin.

Ikertzaileek azpimarratu dute funtsezkoa dela nazioarteko merkataritzaren eta deforestazioaren arteko lotura hauek argitzea eta ulertzea, basoak behar bezala babestu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia